Gorka Alvarez da Arturo Ruizen ordezkoa Realaren aulkian

Prestatzaileak ondo ezagutzen du taldea. Izan ere, 2017-2018ko denboraldian bigarren entrenatzaile izan zen, eta, gero, bigarren taldea eta hirugarrena ere zuzendu zituen. Bihar eseriko da aulkian, Chelsearen aurkako partidan.

Gorka Alvarez Realeko entrenatzaile berria
Jokin Aperribai eta Gorka Alvarez elkarri bostekoa ematen, gaur, aurkezpenean. REALA
ainara arratibel gascon
2026ko irailaren 1a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak Chelsearen aurka Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako joaneko partida jokatu eta biharamunean jakinarazi zuen Arturo Ruiz entrenatzaileak taldea utzi zuela —etete klausula ordaindu, eta Brightonera joatea erabaki zuen—. Bada, Realak itzulerako partidaren bezperan iragarri du nor den haren ordezkoa: Gorka Alvarez. Prestatzaileak ondo ezagutzen du talde txuri-urdinaren emakumezkoen egitura osoa, aurretik hartan egona baita, eta «oso pozik» mintzatu da «etxera» itzuliko dela eta, klubaren sare sozialetan egindako adierazpenetan. Gaur bertan hasi da lanean. «Taldeak entrenamendu bikaina egin du». Txuri-urdinek hiru golen aldea irauli beharko dute bihar Zubietan, Txapeldunen Ligako multzoen fasean egoteko (19:00, ETB1), joanekoan 5-2 galdu baitzuen, Londresen. Galduz gero, UEFAren Europa liga jokatuko dute, kluben arteko bigarren txapelketa.

Alvarez 2017-2018an iritsi zen Realera. Juanjo Arregiren laguntzailea izan zen lehen taldean. Emaitza txarrak tarteko, Arregi kargutik kendu zuten, eta hiru jardunalditan Alvarez arduratu zen taldea zuzentzeaz. Jokoan izan ziren bederatzi puntuetatik bost eskuratu zituen. Horren ondoren, teknifikazio sailean jardun zuen lanean, eta, gero, hirugarren eta bigarren taldea zuzendu zituen. Hiru denboraldi egin zituen bigarren taldea zuzentzen, eta Espainiako Federazioko Bigarren Mailara igotzea lortu. 2024-2025eko denboraldian Zubieta utzi, eta Eibarren emakumezkoen taldean aritu da azken sasoian, Iñaki Goikoetxearen laguntzaile.

Alvarezek ondo ezagutzen ditu egun Realaren lehen taldea osatzen duten jokalari asko, gehienak bere aginduetara izan baitzituen bigarren taldean: Julia Arrula, Nahia Aparicio, Alazne Estensoro, Intza Egiguren, Aiara Agirrezabala, Maren Lezeta, Nerea Eizagirre, Ainhoa Moraza eta Laura Camino ere entrenatu ditu. Helburuez galdetuta, hauxe esan du: «Egutegi betea izango dugun denboraldi honetan, baina erronka polita da, eta astez aste jarri behar ditugu helburuak. Lehenbizikoa egun hauetan gertatu dena ahaztea izango da, taldeak aurreko denboraldian izan zuen sugarra berreskuratzea eta egiten ari den lanari segida ematea».

Biharko partidan eseriko da lehen aldiz aulkian, eta partidaz hauxe esan du: «Kanporaketa irekia dago, eta partida oso erakargarria da, Chelseak Ingalaterrako lau liga baititu irabaziak. Taldea oso gogotsu dago, eta lehiakor izan nahi dugu». 

Txuri-urdinek 60 minutu oso on jokatu zituzten Chelsearen zelaian duela astebete. Buruz buru lehiatu ziren Ingalaterrako ligako talderik indartsuenetako baten kontra. Aurretik ere jarri ziren, Ainhoa Marinen gol ikusgarri bati esker. Baina azken ordu erdian, nekea antzematen hasi ahala, etxekoak nagusituz joan ziren, batez ere fisikoki, eta ia erabakita utzi zuten kanporaketa. Goi mailako jokalariak ditu Ingalaterrako taldeak: Carpenter, Bronze, James, Malard, Whals, Buurman...

Txuri-urdinek 0-2 galdu zuten  larunbatean ligako lehen partidan, Logroñoren kontra, eta aho zapore txarrarekin ekin zioten ligari. Taldea argitasunik gabe aritu zen erasoan, eta sortu zituen gol aukera apurrak ez zituen baliatu. Gaur bestelako itxura bat emateko erronka dute. Partida on bat egiteak hauspotu egin ditzake hurrengo partidetarako.

Neurketari begira, larunbatean aulkian hasi ziren hainbat jokalari hamaikakora itzul daitezke: Claudia Florentino, Paula Fernandez, Ainoa Campo, Ainhoa Marin...

Egun «zailak»

Azken asteko egoeraz mintzatu da gaur, partidaren atarikoan, Ainhoa Moraza taldeko kapitainetako bat: «Ezuste handia izan zen Arturok hartu zuen erabakia, bai guretzat, bai klubarentzat. Ostegunean jakin genuen guk, Zubietara iritsitakoan». Moraza kritiko azaldu da teknikari ohiarekin: «Ez dizut gezurrik esango: aurreko urtean transmititzen saiatu zen balioak ez datoz bat azken egunetan egin duenarekin».

Bakoitzak bere bidea aukeratzen duela onartu arren, nabarmendu du joateko erabakia hartzeko momentua ez dela «txukunena eta aproposena» izan. «Nire ustez, halako erabakiak beste une batean hartu behar dira, ez liga hasteko bi egun falta direnean».

Aitortu du egoera kudeatzea ez dela erraza, baina taldea «sendo eta lasai» dagoela: «Egun zailak izan dira, baina multzoan jarri dugu arreta. Jendea joan eta etorri egiten da, baina garrantzitsuena multzoa da. Taldea gogotsu dago, eta ilusioz denboraldi honi begira».

«Bakoitzak bere bidea aukeratzen du. Baina [Arturo Ruiz] aurreko urtean transmititzen saiatu zen balioak ez datoz bat azken egunetan egin duenarekin»

AINHOA VICENTE MORAZA Realeko jokalaria

Halaber, deia egin die zaleei bihar Zubietara joateko. Kanporaketa gainditzea «zaila» izango den arren, gogorarazi du joanekoan erakutsi zutela zertarako gai diren, eta taldeak nola jokatzen duen. «Haiek eskarmentu handia dute txapelketa honetan. Baina berriro ere estu hartzen saiatuko gara gutxienez».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA