Reala 1-2 galdu du Gironaren kontra. Hirugarren norgehiagoka galdu du erreskadan, eta berriro ere amildegira gerturatu da. Modu oso arriskutsuan, gainera. Jardunaldi osoa jokatzeko zain, bi puntura ditu jaitsiera postuak, 16 puntu baino ez dituelako. Asteazkenean Jokin Aperribai presidenteak ez zuen ziurtzat eman Sergio Franciscoren jarraipena karguan. Bada, gaurko emaitzarekin are gehiago zaildu zaio txuri-urdinen aulkian jarraitzea. Haren etorkizuna oso kolokan dago.
Lehen zati nahiko txukun bat jokatu ostean, 1-0 joan dira aurretik txuri-urdinak. Baina bigarren zatian behera egin dute modu ulertezinean. Lehen zatian egindako lana zakarrontzira bota dute. Alavesen aurka lehen zatia oparitu bazuten, gaur bigarrena egin dute. Zelaitik desagertu dira, ideiarik eta ekimenik gabe jokatu dute, arimarik gabe. Bisitariek aprobetxatu egin dute oparia, hiru puntuak etxera eramateko. Harmailetan geratu diren zale apurrek txistu artean agurtu dute taldea.
Zubeldia eta Barrenetxea hasierako hamaikakora itzuli dira, eta Karrikaburuk bertan egoteko aukera izango zuela bazirudien ere, aurrealdean Guedesek jokatu du. Oso bizi joan dira lehen 20 minutuak. Bigarren minuturako lehen aukera izan du Realak. Barrenetxeak eta Solerrek jokaldi ona lotu dute, baloia Kubori iritsi zaio, baina gora joan zaio errematea.
Barrenetxeak beste bizitasun bat eman dio Realari erasoan. Txuri-urdinak bizpahiru aldiz gertura dira Gironaren atera. Baina abagune onena bisitariek izan dute 21. minutuan. Tsigankovek urrutitik egin du errematea, eta Remirok esku ona atera du baloia kornerrera bidaltzeko. Ondoren neurketaren erritmoa apur bat jaitsi da. Sergio Franciscok zuzentzen duen taldeak izan du baloiaren jabetza eta jokoaren ekimena, baina ez ditu baliatu Gironak atzean erakutsi dituen zalantzak.
Realak aurreko partidetan baino argitasun handiagoz atera du baloia atzetik, eta alderik alde ondo mugitu du, bizi. Jokaldi gehiago amaitzea falta izan zaio. Hala, 34. minutuan, Zubeldiak pase sakon bikaina eman dio Guedesi; portugaldarrak bizkarra hartu die Gironaren atzelariei, eta Gazzanigaren aurrean ez du barkatu.
Txuri-urdinentzat garrantzitsua zen aurretik jartzea. Denboraldi honetan soilik 185 minutu egon da egoera horretan Reala. Azken txanpan partida ireki egin da berriz ere, eta Girona pare bat aldiz iritsi da Remiroren atera. Baina arriskurik gabe.
Bigarren zati tamalgarria
Bigarren zatia hasterako Barrenetxea aldagelan geratu da, eta Karrikaburu zelairatu da. Erdilariak errenka amaitu du lehen zatia, orkatilako minez. Gironak hobeto ekin dio bigarren zatiari, eta hortxe hasi da amesgaiztoa. Baloi gehiago izan du Herrialde Katalanetako taldeak, Realak hala utzi diolako. Izan ere, Sergio Franciscoren taldea desagertu egin da zelaitik. Denboraldi hasierako taldea izan da berriro ere.
Hori aprobetxatu egin du Gironak. Hasiera batean aparteko aukerarik sortu gabe. Baina pixkanaka gero eta nagusiago izan da, hazi eginda. Realak berreskuratu bezain laster galdu du baloia, eta erasoan ez du ezer egin. Jokatzeko ideiarik gabe aritu da. Ulertezina izan da nola egin duen behera. Ez sinesteko moduakoa. Bigarren zatiaren norabidea ikusita, gertu zirudien Giroaren gola. Suarekin jolasean aritzen dena erre egiten dela dio esaldiak, eta hala izan da. Beste behin trantsizio batean, gola egin dute bisitariek. Ounahik pase bikaina eman dio Tsygankovi, eta hark gainetik gainditu du Remiro. Bigarren zati kaskarraren ondorio. Realak 80. minutuan egin du bigarren zatian leheh errematea Gazzanigaren atera.
Ondoren iritsi da bisitarien kolpe erabakigarria, 83. minutuan. Alex Morenok eskuinetik erdiratu du, eta Tsigankovek gola sartu du u. Anoeta isilik eta haserre utzi du. Hortik aurrera Realak ez du ez aukera ez ekimenik izan gutxienez partida berdintzeko. Ikustekoak izan dira partida amaieran jokalarien aurpegiak, horietako asko burumakur eta eskuak aurpegian zituztela, egoeraren larritasunaren jakitun. Igor Zubeldia kapitaina argi mintzatu da amaieran: «Horrela jokatuta ez diogu inori irabaziko».
Reala-Girona
Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Jon Martin, Sergio Gomez (Aihen, 84. min.); Gorrotxategi, Carlos Soler (Marín,63. min.), Brais Mendez (Turrientes, 76. min.); Guedes (Zakharian, 63. min.), Barrenetxea (Karrikaburu, 45. min.) eta Kubo.
Girona: Gazzaniga; Arnau Martenez, Vito Reis, Blind, Alex Moreno; Witsel, Ivan Martín (Lemar, 64. min.), Ounahi; Tsygankov (Solís, 89. min,), Gil (Asprilla,76. min.) eta Vanat (Joel Roca, m.45. min,).
Golak: 1-0: Guedesek (34, min). 1-1: Tsigankovek (75. min.). 1-2:Tsygankovek (84. min):.