Realak 4-0 irabazi dio Heartsi, eta Europa kopako final-zortzirenetarako sailkatu da

Txuri-urdinek lehen zatian utzi dute erabakita kanporaketa, hiru gol sartu baitituzte. Oso nagusi izan dira, eta nagusitasun hori markagailuan islatu ahal izan dute. Caminok, Campok, Paula Fernandezek eta Ainhoa Marinek sartu dituzte golak.

Realeko jokalariak Laura Caminok sartutako gola ospatzen. JON URBE / FOKU
Realeko jokalariak Laura Caminok sartutako gola ospatzen. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko irailaren 30a
21:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Merezi eta lortu. Realak denboraldiko lehen garaipena lortu du, eta, horrekin batera, Europa kopako final-zortzirenetarako sailkatu da. Gaur, euripean, nagusitasunez gailendu zaio Heartsi: 4-0. Hala, estreinakoz kanporaketa bat gainditzea lortu du Europan. Aurretik bi kanporaketa jokatuak zituen, Txapeldunen Ligan, Bayern Munichen eta Chelsearen aurka, baina ez zuen aurrera egitea lortu. Azkenean, hirugarrengoa balekoa izan da. Jokalariek behar zuten halako partida bat irabaztea, sasoi hasieran izandako gorabeherak alde batera uzteko, eta konfiantza berreskuratzeko. Zaleei, gainera, denboraldiko lehen garaipena eskaini ahal izan diete.

Realak hasieratik izan du jokoaren ekimena, eta erasora jo du. Lehen bost minutuetan bi korner jaurti ditu, eta Hearts bere atean gola sartzear egon da txuri-urdinek egindako erdiraketa batean. Hegaletatik, joanekoan bezala, Ainhoa Marin eta Cecilia saiatu dira min egiten, eta lerro artean Intza. Goran, berriz, Seelenfreund aritu da. Hain zuzen ere, Real Madrileko partidarekin alderatuz, hiru aldaketa egin ditu Gorka Alvarezek. Nerea Eizagirre, Cahynova eta Esther Laborde geratu dira aulkian, eta Seelenfreundek, Intzak eta Ainhoa Marinek jokatu dute hasieratik.

Gora joan arren, lehen minutuetan pazientziaz jardun dute txuri-urdinek, baloia batetik bestera mugituz, eta aurkaria korrika egitera behartuz. Reala 19. minutuan jarri da aurretik. Jokaldi landu baten ostean, baloia Ainhoa Marini iritsi zaio; hark erdiraketa bikaina egin du, eta Laura Caminok buruz eskoziarren atea zulatu du, atzetik areara ailegatuta. Beste bost taldekide zituen inguruan, Realaren nagusitasunaren seinale. 

Neurketak berdin jarraitu du hurrengo minutuetan. Realak atzean sartu du Hearts, eta haren zelaian jokatu du denbora luzez. Julia Arrula atezainak ez du baloirik ukitu lehen ordu erdian. Bigarrena gertu izan du Intzak, baina baloia gurutzatuegi joan zaio. Argiagoa izan da Seelenfreundek handik gutxira izan duen abagunea, 35. minutuan. Caminok erdiratu du, Intzak buruz baloia utzi dio AEBetako aurrelariari, baina area txikian egin duen erremateak Eskoziako taldeko atzelari batean jo du. Barkatzen ari zen Reala. Futbolaren patuetako bat izaten da barkatzen duenak ordaindu egiten duela. Baina oraingo honetan ez da hala izan, hiru minutuan bi gol sartu baitzituzten txuri-urdinek. Lehena penaltiz, Paula Fernandezek. Intzak egin du buruz buruko jokaldia, eta Renniek zangotrabatu egin du. Epaileak ez du zalantzarik izan. Erdilariak jaurti du, eta sareetara bidali du baloia. 

Joaneko partidan bezala, Realak min handia egin du hegaletatik. Jokaldi horietako batean, baloia Ceciliari ailegatu zaio area ertzean. Buruz buruko jokaldia egin du, eta ia ondoko marrara iritsi da. Handik erdiratu, eta, atzetik etorrita, Hertseko erdilarien artean sartu da Campo, ia goleko arrastoan baloia sareetara bidaltzeko (45. min). Atsedenaldia iristerako, kanporaketa erabakia zuen Realak. Eskozian ez bezala, zelaian erakutsitako nagusitasuna markagailuan islatu ahal izan dute txuri-urdinek. 

Egutegi betea du Realak, eta igandean ligan Valentziaren aurka partida garrantzitsu bat dutela kontuan hartuta, atsedenaldian Gorka Alvarezek hiru aldaketa egin ditu. Nerea Eizagirre, Cahynova eta Isasisasmendi atera dira, Intzaren Camporen eta Seelenfreunden ordez. Bigarren zatiarekin batera, euri jasa izan da Zubietan, eta jokalariek arazoak izan dituzte baloia mugitzeko ur putzuengatik. Baina Reala zen nagusi, baloia lasai mugituz. Hearts ez da Arrularen atera gerturatu ere egin, eta atezaina berotzeko ariketak egiten aritu da ez hozteko. 

Marinek laugarrena

70. minutuan sartu dute txuri-urdinek laugarrena. Ainhoa Marinek sartu du. Hala, egin duen partida bikaina biribildu du. Pase sakon on bat jaso du, lehia estua izan du Heartsen atzelari batekin, baina aurre hartu dio, eta haren errematea ozta-ozta igaro du golaren arrastoa. Sailkapenaz eta emaitzaz gain, azken minutuetan beste berri on bat izan da: Keefek, udan Granadatik fitxatutako aurrelariak, debuta egin ahal izan du. Pubisean arazoekin egon da, eta gaur jokatu du aurrenekoz Realaren elastikoarekin. Txuri-urdinek golak sartzeko izandako arazoak kontuan hartuta, berri ezin hobea. Realak bosgarrenaren bila segitu du. Baina, azkenean, markagailua ez da aldatu. Ostiralean izango da hurrengo kanporaketetako zozketa, eta txuri-urdinek, final-zortzirenetako aurkariez gain, finalera iristeko izango luketen bidea ezagutuko dute. Izan ere, final-laurdenetarako eta finalerdietarako sailkatzeko partiden diagrama ere zehaztuko dute zozketa bidez. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA