Alaves 2 - 3 Reala

Reala Kopako finalerdietan da, Alavesek eskura izan duen arren

Gipuzkoarrek partidaren azken txanpan irauli dute kanporaketa, nahiz eta arabarrak bi aldiz jarri diren aurretik, eta penalti bat ere huts egin duten arren.

Realeko jokalariak Guedesen gola ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Realeko jokalariak Guedesen gola ospatzen, gaur, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko otsailaren 4a
23:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Reala Kopako finalerdietan izango da hirugarren urtez jarrian, Alavesen kaltetan. Arabako taldeak gertu izan du horretarako aukera. Minutu askoan oso nagusi izan baita Pellegrino Matarazzok zuzentzen duen taldearen aurkako final-laurdenetako partidan. Bi aldiz jarri da aurretik, eta penalti bat ere huts egin du. Baina Realak beste behin partida irauli du: lau minutuan egin du, 76. eta 80. minutuen artean Guedesen eta Oskarssonen golei esker: 2-3

Alavesen hasierako hamaikakoan ohikoak diren hainbat jokalari aulkian geratu dira: Sivera, Antonio Blanco, Pablo Ibañez eta Lucas Boye. Realean, berriz, ez dute hasieratik jokatu Zubeldiak eta Gorrotxategik. Gainera, Sergio Gomezek zelai erdiko hegalean jokatu du.

Alaves hobeto zelairatu da, beste txinparta batekin. Hala, zazpigarren minutuan gola sartu du. Denis Suarezek bizkarra irabazi dio Aiheni ezker hegaletik, burua jaso, eta Mañasi eman dio baloia. Harrobiko jokalaria bakarrik zegoen, eta Rebbachi eman dio pasea. Indar askorik gabe errematatu du, baina Remiro ez da fin aritu, eta baloia sareetara joan da.

Osasunaren aurkako final-zortzirenetako partidan bezala, Reala lo zelairatu da, eta defentsan oso bigun. Hala, Alavesek gertu izan du bigarrena. Baina Toni Martinezen jaurtiketak Jon Martinen gorputzean jo du. Coudeten taldea hobeto zegoen. Baina orduan Guedes azaldu da. Portugaldarrak oso buruz buruko jokaldi ona egin du ezkerretik, eta korner bat behartu du. Hura jaurti ostean, aldaratzea Guedesi berari iritsi zaio. Hark pase bikaina eman dio Oiartzabali. Kapitainak bitan pentsatu gabe errematatu du ezkerrez, eta neurketa berdindu du: 1-1 (15. min.)

Baina Alavesek nagusi izaten jarraitu du. Brais Mendezek eta Carlos Solerrek ez dute jokoaren kontrola izan, eta Matarazzoren taldeak nabaritu egin du. Hala, 29. minutuan Ottoren eta Mañasen artean jokaldi ona lotu dute, Realak huts egin du atzean berriz ere, eta azkenean Turrientesek penaltia egin dio Ottori: Toni Martinezek sareetara bidali du baloia. Atsedenaldira bitarte partidak berdin jarraitu du, eta Alavesek pare bat aukera izan ditu aldea handitzeko. Baina ez ditu baliatu, eta 2-1 amaitu da lehen zatia. 

Lau minutuan buelta

Bigarren zatiko lehen minutuetan Reala hobeto atera da, baina Alavesek kontrolpean izan du neurketa. Izan ere, bisitariek ez zioten abiadurarik ematen baloiari. 66. minutuan akats larria egin du Caleta-Carrek, area barruan kamisetatik heldu baitio Toni Martinezi. VARean begiratu ostean epaileak penaltia adierazi du. Toni Martinezek jaurti du, baina Alex Remirok asmatu egin du baloiaren norabidea, eta geratu egin du. Horrek hauspoa eman dio taldeari.  Matarazzok aulkia mugitu du, besteak beste Oskarsson eta Dani Diez zelairatu ditu. Taldeak beste abiadura bat behar zuen. Azkenerako, Realak lau minutuan irauli du partida, Guedesek eta Oskarssonek baliatutako bi kontraerasori esker, eta finalerdietan da. 

Alaves-Reala

Alaves: Raul Fernandez; Otto, Tenaglia, Pacheco (Guridi, 91. min.), Parada; Denis (Aleña, 84. min.), Gebara, Calebe (Ibañez, 71. min.), Rebbach (Perez, 84. min.); Mañas (Lucas Boye, 71. min.) eta Toni Martínez.

Reala: Remiro; Aramburu (Odriozola, 59. min.), Jon Martín, Caleta-Car, Aihen (Diaz, 74. min.); Turrientes, Carlos Soler (Sucic, 59. min.); Guedes (Zubeldia, 92. min.), Brais (Oskarsson, 74. min.), Sergio Gomez eta Oiartzabal.

Golak: 1-0: Rebbachek (7. min.). 1-1: Oiartzabalek (15. min.). 2-1: Toni Martinezek (29. min, penaltiz). 2-2: Guedesek (76. min.). Oskarssonek (80. min.).

Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.