Pellegrino Matarazzok gainditu du lehen azterketa Realeko entrenatzaile gisara. Joan den igandean estreinatu zen aulkian Atletico Madrilen aurkako neurketan, eta, txuri-urdinek puntu bakarra lortu zuten arren, nahiko asebeteta atera ziren zaleak Anoetatik. Entrenatzaile estatubatuarraren libretako zenbait gako agerian geratu ziren Anoetako zelaian: joko zuzena, talde oldarkor eta lehiakorra, eta aurkariaren area zapaltzeko gosea. Sergio Franciscorekin alderatuta, hamaikakoan eta marrazkian aparteko aldaketarik egin gabe, xehetasun batzuk soilik aldatuta, taldeak bestelako itxura eman zuen. Sentipen onei segida eman asmoz, Matarazzo lehen garaipena eskuratzen ahaleginduko da gaur Getaferen zelaian (21:00, Movistar+). Yangel Herrera eta Iñaki Ruperez kenduta, gainerako guztiak jokatzeko moduan izango dira.
Entrenatzaile estatubatuarrak zuzendutako lehen neurketan, aldaketa nabarmena izan zen taldean. Ez bakarrik jokoari dagokionez, baita taldeak erakutsi zuen nortasunagatik ere. Baloi gosez irten ziren txuri-urdinak Anoetako zelaira, Atletico Madrileko jokalariak garaitzeko asmoz. Horren erakuslerik garbiena goian egindako presio estua izan zen. Diego Pablo Simeoneren taldeak motzean jokatzen zuen bakoitzean, Realak bloke altuan presionatzen zuen. Sergio Franciscorekin alderatuta, baina, aldaketa bat egin zuen kokapenean: Mikel Oiartzabalen postu berean, Brais Mendezek eman zuen aurrerapausoa, madrildarren erdiko bi atzelariak estutzeko asmoz. Sergio Franciscorekin hegaleko jokalarietako bat joaten zen erdiko atzelariaren bila.
Horrez gain, baloia berreskuratu orduko, joko zuzena egiten ahalegindu zen Reala, eta halaxe iritsi zen Guedesek sartutako berdinketaren gola. Jon Martinek egindako aldaratze baten ondotik, begien kliska batean, baloia Oblaken atean zegoen. Segundo gutxian, kontraeraso azkar bat.
Hamaikakoari dagokionez, Matarazzok ez zuen kasik aldaketarik egin. Zigortuta zeuden Zubeldia eta Gorrotxategiren ordez, Caleta-Car eta Turrientes zelairatu zituen. Gainerakoan, esperotako jokalarien aldeko hautua egin zuen. Kokapenari dagokionez, ordea, ezarri zuen xehetasunik. Turrientes eta Carlos Soler altuera berean ipini zituen zelai erdian, eta haien aurretik Brais Mendez kokatu zuen. Txinpartarekin aritu ziren hirurak, eta, baloia ez zutenean, oldarkor. Batez ere beasaindarrak egindako aurrerapausoa izan zen nabarmena. Oso ondo aritu zen, eta defentsan ohi baino oldarkorrago. Brais eta Soler ere ez ziren atzean geratu.
Hagin zorrotzeko aurkaria
Gaur ikusi beharko da noren aldeko apustua egiten duen Matarazzok. Litekeena da Zubeldia zelairatzea Caleta-Car kroaziarraren ordez. Zalantza gehiago daude ea Gorrotxategi Turrientesen ordez sartuko den ala ez, gehienbat ikusita beasaindarra azken neurketan nola aritu zen. Bestalde, aurrealdean Barrenetxeak hamaikakoan sartzeko aukerak ditu, Guedesen edo Take Kuboren kaltetan. Getafe hagin zorrotzeko taldea da, atzean ez du zirrikitu askorik uzten, eta, egoera horretan, madrildarren atzeko harresia apurtzeko asmoz, funtsezkoa izan daiteke donostiarraren abilezia buruz buruko jokaldietan. Halaxe esan zuen atzo Realeko entrenatzaileak: «Lehiakortasuna behar dugu taldean, eta ona da nik erabaki zailak hartu behar izatea».
Getaferen aurkako partidan adi egon beharko dutela azpimarratu zuen, eta oldarkor aritu: «Irabazteko gosea izan genuen azken partidan, eta horixe ikusi nahi dut bihar [gaur] ere. Lehengoan izandako kemen eta erritmo bera izan behar dugu». Jose Bordalasen taldea sailkapenaren erdialdean dago, baina bolada txarrean da: bost partida jarraian daramatza irabazi ezinik.
Neguko merkatuari dagokionez, berri onak datoz Realarentzat. Uda korapilatsua izan ostean, azkenerako klubak lortu du Umar Sadiq beste talde batek fitxatzea. Valentziara joango da, gehienez bost milioi euroren truke. Buruhauste bat gutxiago Donostiako klubarentzat. Bestalde, badirudi Jon Karrikaburu utzita joango dela berriz ere Santanderreko Racing taldera, azken bi denboraldietan bezala. Nigeriarraren eta nafarraren irteerek atea irekitzen dute beste aurrelari peto bat etor dadin. Gaur-gaurkoz, Orri Oskarsson baita taldean dagoen aurrelari peto bakarra.