Reala 1-0 Rayo

Reala pozarren helduko da etenaldira

Txuri-urdinek 1-0 irabazi diote Rayori Anoetan, Oskarssonen gol bati esker. Bosgarren dira sailkapen nagusian, eta bi astez ez dute partidarik izango.

Oskarsson Realaren gola ospatzen, gaur, Anoetan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Oskarsson Realaren gola ospatzen, gaur, Anoetan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko azaroaren 8a
18:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak ederki amaitu du 27 egunetan izan duen zortzi partidako sorta. Tarte horretan, ligan jokatutako bost partidatatik lau irabazi dituzte txuri-urdinek. Gaur Rayoren aurka, 1-0, Anoetan. Ez dute partida bikaina jokatu, baina Oskarssonek kontraeraso batean sartutako golak erabaki du lehia, eta bosgarren dira sailkapen nagusian, 22 punturekin.

Matarazzok zelairatu duen hamaikakoak hutsune nabarmen bat izan du gaurkoan: Mikel Oiartzabal deialditik kanpo geratu da gaixotasun dagoela eta. Horregatik izan edo ez, erasoan arriskua sortzea kosta egin zaio Realari, baina, zorionez, beste aldean ere ez da bereziki fin ibili Beñat San Jose donostiarrak prestatutako Rayo.

Lehen minutuak geldoak izan dira; Oskarssonek gol aukera bat izan du hasi bezain pronto, baina gero, Kuboren txinpartaren bat kenduta, ez da gauza askorik gertatu. Bi taldeek izan dute baloi jabetza, eta Turrientes jokoan sartu denean aritu da ondoen Reala, baina argitasun gehiegirik gabe.

Bigarren zatia antzeko hasi da, baina erdiraketa bat modu ikusgarrian errematatu du De Frutosek, eta geldiketa bikaina egin du Remirok. Geroxeago, Pedro Diazek ere ez du asmatu ate aurrean bakar-bakarrik zela. 

Kontraerasoan

Cascanteko atezainak ezin hobeto erantzun du behar izan den guztietan, eta, Anoetan marmarra hastear zela, martxan jarri du Realaren gola: korner baten ostean, luze atera du baloia Barrenetxearentzat; donostiarrak baloia kontrolatu du, patxadaz egin du jokaldia, azken unean pase zoragarria eman dio Oskarssoni, eta aurrelari islandiarrak ez du barkatu.

Hurrengo jokaldian, Barrenetxeak zelaia utzi behar izan du min hartuta. Bihar Espainiako selekzioarekin joatekoa zen, baina zail izango du.

Azken minutuetan partida kontrolpean izan du Realak, luzapenera arte. Orduan, Isik area kanpotik egindako jaurtiketa batek zutoinean jo eta bihotza eztarrian zutela utzi ditu realzaleak. Susto bat besterik ez da izan zorionez.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA