Realak eskura izan du gaur denboraldiko lehen garaipena Europa ligan Union Saint-Gilloiseren aurka. Txuri-urdinek ez dute distira handiko partida jokatu. Baina bigarren zatia hasi eta berehala 0-1 jarri da aurretik Pellegrino Matarazzok zuzentzen duen taldea. 87. minutuan, ordea, etxekoek berdindu egin dute partida. Neurketaren azken jokaldian garaipena lortzear egon da Reala, Belgikako taldeko jokalari batek golaren arrastotik atera baitu baloia. Baina norgehiagoka nola joan zen kontuan hartuta, bidezkoena gertatu da: berdinketa. Izan ere, partidaren kontrola Realak izan duen arren, etxekoak gehiagotan iritsi dira Marreroren atera, eta txuri-urdinei momentu askotan argitasuna eta abiadura falta izan zaizkie erasoan aukerak sortzeko. Hala, bi jardunaldi eta gero puntu bat lortu du Realak ligaxkan, eta hurrengo astean hiru puntuak eskuratu beharko ditu Norvegian, Lillestromen aurka, lehen zortzien artean geratzeko helburua ia ezinezkoa izatea nahi ez badu.
Matarazzok bost aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, Deportivoren aurka igandean zelairatu zuen hamaikakoarekin alderatuz. Bi nagusiak hauek izan dira: Marrerok jokatu du atean, Remiroren ordez. Hala, Europa ligan jokatuko duen atezaina Azpeitikoa izango dela dirudi, Bournemouthen aurka ere hark egin baitzuen. Bestalde, eskuin hegalean ere nork jokatuko zuen ez zegoen argi, Aramburu min hartuta baitago. Bada, Zubeldia aritu da, Pablo Marinen ordez. Nahiz eta Marin zigortuta dagoen, eta ezingo duen igandean Malagaren aurka ligan jokatu. Beste hiru aldaketak hauek izan dira: Gorrotxategik, Ochiengek eta Oiartzabalek jokatu dute Solerren, Barrenetxearen eta Zakharianen tokian.
Realak ondo ekin dio partidari. Etxeko taldeak, espero bezala, goian egin du presioa, eta txuri-urdinak, hura gainditzen asmatu dutenean, Koffi atezainaren atera ailegatu dira. Oiartzabalek bitan egin du. Baina ez du asmatu. Union Saint-Gilloise, ordea, gola sartzear egon da 9. minutuan. Falta bat atera du, eta Syllak atzera jo du baloia buruz; Jon Martini jo eta zutoinera joan da. Mofokengek eta Van der Verrek ere pare bat erremate egin ditu gero, baina ez du asmatu. Argiagoa izan da 20. minutuan Biondicek izan duen aukera. Sergio Gomezek pase txarra eman du atzean, eta Union Saint-Gilloiseko jokalariaren errematea gutxigatik joan da kanpora.
Reala deseroso zegoen. Ezin zuen partida kontrolatu, eta argitasuna falta izan zaio, etxeko taldeko atzeko hegalekoek gora egin dutenean utzi dituzten zuloak aprobetxatzeko, nahiz eta Ochieng eta Guedes jokalari aproposak diren horretarako. Apenas iritsi zaizkie baloiak, ordea.Â
Izan ere, David Hubertek zuzentzen duen taldea ondo egon da kokatuta zelaian. Gainera, baloia izan dutenean txuri-urdinei txinparta eta abiadura falta izan zaie erasoan arriskua sortzeko. Mugimenduetan geldo ibili dira. Ochieng izan da gehien saiatu zena, baina buruz buruko jokaldietan ez da fin aritu. Partida parekatu egin da gero, batez ere lehen zatiaren azken txanpan, eta atsedenaldira bitarte ez atezain batek ez besteak ez dute ia lanik izan.Â
Turrientesen gola
Bigarren zatia hasterako, eta taldeak gora egin zezan, Matarazzok Turrientes zelairatu du Yangel Herreraren ordez, eta hasi eta berehala gola sartu du. Koffi atezainak ez du ondo atera baloia, Van de Perre hura kontrolatzen saiatu da, baina estropezu egin du. Azti ibili da jokaldi horretan Turrientes, oinetakoaren punta sartu eta baloia sareetara bidaltzeko. Beasaindarrak lau partida zeramatzan minuturik jokatu gabe, eta modu ezin hobean itzuli da.
Hurrengo minutuetan etxekoek gehiago estutu dute, baina Reala sendo aritu da buruz buruko lehietan, eta fisikoki Union-Saint Gilloisek ahalmen gehiago izan arren, ondo eutsi dio. Gainera, biziago mugitu du baloia. Baina aldi berean zentzuz jokatu du. Denboraldi  honetako beste partida batzuetan baino kontrolatuago izan du neurketa. Baloiarekin, baina, uzkurrago jardun du. Etxekoak eskuinetik saiatu dira min egiten, Zubeldia ez baitago hegalean jokatzera ohituta, eta sufritu egin du apur bat.Â
Azken txanpan berriro Union Saint-Gilloisek estutu egin du, fisikoki nagusitzen joan da, eta berdinketa lortu du. Zorigaiztoko jokaldi batean izan da. Falta bat atera du, Zubeldiak baloia aldendu asmoz buruz jo du, baina aukerakoa utzi dio Keitari, eta golaren arrastoan baloia bultzatu besterik ez zuen egin behar izan. 87. minutua zen.Â
Epaileak hiru minutu luzatu ditu, eta hor ere Realak ez du zoria alde izan. Izan ere, Guilhermek atezainari emandako pase txar baten ostean, baloia sareetara zihoala zirudien. Baina Syllak golaren arrastotik atera da, eta partida amaitu egin da azkenerako.
Union Saint-Gilloise: Koffi; Chibani (De Roeve, 64. min.), Sylla, Havenaar; Patris, Zenelli, Van de Perre, Guilherme Smith; Olaru (Aquino, 71. min.), Biondic (Keita, 84. min) eta Mofokeng.
Reala: Marrero; Zubeldia, Sarr, Jon MartĂn, Sergio Gomez; Gorrotxategi, Herrera (Turrientes, 46. min.); Ochieng (Pablo Marin, 79. min.), Sucic (Kubo, 68. min.), Guedes (Barrenetxea, 79. min.) eta Oiarzabal (Oskarsson, 92. min).
Golak: 0-1: Turrientesek (46. min.); 1-1: Keitak (87. min.