Argitu da: Realak 25.680 sarrera izango ditu Espainiako Kopako finalerako. Klub txuri-urdina gaur bildu da Atletico Madrilekin eta Espainiako Federazioarekin, Madrilen, eta bilera amaitutakoan eman du xehetasunen berri. Cartuja estadioak 70.000 zalerentzako tokia du, eta talde bakoitzak 25.680 sarrera izango ditu. Realak horien %85 banatuko ditu bazkideen artean: hau da, 21.800 inguru. Estadioaren hegoaldeko eremuan egongo dira zale txuri-urdinak.
Sarrerak digitalak izango dira, eta Espainiako Futbol Federazioaren aplikazioan deskargatu beharko dira. Partida hasi baino lau ordu lehenago aktibatuko dituzte. Dena den, finalaren eguna baino lehen deskargatzeko aholkatu dute. Gainera, federazioak gogoratu du sarrerak ezin direla utzi.
Sarrera nahi duten bazkideek Realak webgunean jarri duen formularioa bete beharko dute. Ostiraleko 20:00ak arte egongo da izena emateko aukera. Eskari kopurua Realak dituen sarrera kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo dute.
2002ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik bazkide direnek ziurtatua dute sarrera. Horretarako propio jarri den formularioa bete beharko dute, eta sarrera bat eskuratzeko eskubidea izango dute. 7.304 bazkide daude egoera horretan.
Taldeka zein bakarka egin ahal dira eskariak formularioetan. Taldeka gehienez lau pertsonak eman ahal dute izena formulario berean. Atzo ireki zituzten formularioak, eta lehen egunean bazkideen heren batek baino gehiagok eman zuten izena.
Asko izango dira sarrera gabe ere Sevillara joango direnak, hala ere. Aurrez ere izango da festa. Realeko zaleen gunea Karlos III.a etorbidean egongo da, estadiotik hamabost minutura oinez joanda.
Horrez gain, Sevillara joaten ez diren realzaleek ere izango dute egunaz gozatzeko aukera. Jon Insausti Donostiako alkateak aurreratu duenez, «jaigune» bat atonduko dute hirian, eta partida ikusteko pantaila handi bat jarriko dute bertan. Zehazteke dago tokia. Ziurrenik, Anoetako estadioan izango da, baina Insaustik aukera gisa aipatu ditu Sagues eta Alderdi Eder inguruak ere. Klubarekin elkarlanean ari dira: «Kopako final hau ospatzea tokatzen zaigu, 2021ean ezin izan genuen eta».
Apirilaren 18an jokatuko dute finala Realak eta Atletico Madrilek. Aurrez, behin bakarrik aritu dira Kopako final batean elkarren aurka gizonezkoen artean. 1987an izan zen, eta Realak irabazi zuen, penaltietan. Emakumezkoetan, 2019ko finalean aritu ziren bi taldeak, eta txuri-urdinek altxatu zuten kopa, 2-1 irabazita.