Ziurra zen euskal talde bat ariko dela Espainiako Kopako finalean, baina argitzeke zegoen zein: Reala edo Athletic. Bada, argitu da: Realak 1-0 irabazi du Anoetan, Oiartzabalek penaltiz sartutako gol bati esker, eta merezita sailkatu da finalerako. Apirilaren 18an, beraz, elastiko txuri-urdinez beteko dira Sevillako kaleak. Txuri-urdinek Atletico Madril izango dute aurkari finalean.
Gau magikoa izan da gaurkoa Realarentzat. Tristea, berriz, Athleticentzat. Batak zein besteak ez dute berehalakoan ahaztuko Anoetan jokatu duten derbia.Â
Txuri-urdinak 0-1 nagusitu ziren finalerdietako joaneko partidan, eta gertuago zuten helburua. Hala ere, gol baten aldea gutxienekoa da, eta ezer ez zegoen erabakita. Hori jakinda, itxaropentsu zeuden Athleticeko jarraitzaileak ere. Realeko kapitainak ametsa zapuztu dien arte.
Athletic hobeto zelairatu da, grinatsuago. Erasora jo du, eta estu hartu ditu atzelariak. Lehenengo minutuan, Berenguerrek buruz bakarrik errematatu du baloia area barruan, baina ez dio ondo jo.
Realari kosta egin zaio nahi zuen jokoa egitea. Azkar galtzen zuen baloia, eta Athletic erraz iristen zen aurkariaren area ingurura. Gidoi horrek ez du luzaroan iraun, baina. Kontrakoa, minutu gutxi batzuetako kontua izan da.
Pixkanaka, partidari neurria hartu diote txuri-urdinek, eta gora egin dute Matarazzok zuzendutakoek. Lerro artean Atheticek utzitako hutsuneak ondo aprobetxatu ditu Realak, eta jokoan nagusitu da.
Hamaikagarren minutuan, Jauregizarrek falta arriskutsua egin dio Barrenetxeari, eta garesti ordaintzetik gertu egon da taldea. Solerrek bota du, eta Padillak salbatu du Athletic.
Zelaian erosoago sumatzen zen Reala, eta txuri-urdinak ari ziren baloia izaten. 37. minutuan, aukera garbi-garbia izan dute. Jokaldi ona ondu du Realak: Oiartzabalek pase sakon ederra eman dio Guedesi, hark Carlos Solerri pasatu dio baloia, baina erdilariak ez du asmatu errematea egiten.
Athletic ere, tantaka, gerturatu da Marrerok zaindutako ate ingurura, batez ere lehen zatiko azken minutuetan. Hala ere, finalean egon nahi bazuen, Bilboko taldeak zerbait gehiago egin beharra zuen bigarren zatian.
Anoetak, eztanda
Biziago zelairatu dira bizkaitarrak aldageletatik bueltan. Aldaketa bat egin du Ernesto Valverdek 56. minutuan: Ruiz de Galarreta sartu du Regoren ordez. Eta gutxira, aldaketa bikoitza egin du Pellegrino Matarazzok: Marin eta Herrera zelairatu ditu Barrenetxearen eta Turrientesen ordez.Â
Hausten hasi da partida, eta tentsioa areagotu da. Hala ere, Realak nahiko ondo kudeatu du egoera. Sufritu behar zenean, sufritzen jakin du. Dena den, edozer gerta zitekeen. 73. minutuan eman du abisua Berenguerrek, baina jaurtiketa kanpora bota du. Aldaketek on egin diote Athletici, eta urratsa egin du aurrera. Reala, baina, ez da erabat atzean sartu.
Eta 85. minutuan, oparitxoa jaso du: epaileak, VAR sistema erabilita, Herrerari egindako penaltia adierazi du. Izan ere, Ruiz de Galarretak kamisetatik tira egin dio erdilariari. Oiartzabalek bota du, sarera. Hortxe erabaki da kanporaketa. Athleticek ez du etsi, eta itsu-itsuan erasora jo du. Izan ditu aukerak, baita Realak ere, baina ez da gehiago mugitu markagailua.
Giroa bero zegoen partida hasterako. Bada, Anoetak eztanda egin du epaileak amaierako txistua jo duenean. Realak finala jokatuko du, oraingo honetan, zaleen babesean.
Reala-Athletic
Reala. Marrero; Aramburu, Zubeldia, Jon Martin, Sergio Gomez; Gorrotxategi, Turrientes (Herrera, 59. min); Soler (Oskarsson, 83. min.), Guedes (Aihen, 93. min.), Barrenetxea (Marin, 59. min); eta Oiartzabal (Sucic, 94. min.).
Athletic. Padilla; Vivian, Paredes (Areso, 68. min.), Laporte, Yuri; Rego (Ruiz de Galarreta, 56. minutuan), Jauregizar (Vesga, 82. min.); Iñaki Williams, Sancet (Navarro, 68. min.), Berenguer; eta Guruzeta (Serrano, 82. min.).
Golak. 1-0: Oiartzabalek, penaltiz (87. min.).