Realak bakarra izan nahi du

Talde txuri-urdinaren bigarren taldeak Bigarren Mailara igotzeko aukera du gaur Zubietan, Gimasticen aurka. Duela astebete 1-3 irabazi zuen Tarragonan, eta alde horri eutsi beharko dio.

Realaren bigarren taldeko jokalariak sasoi honetan sartutako goletako bat ospatzen. GIOVANNI BATISTA
Realaren bigarren taldeko jokalariak, sasoi honetan sartutako goletako bat ospatzen. GIOVANNI BATISTA
2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Baliteke Reala B Bigarren Mailara igotzea gaur. Aurreko larunbatean sekulako urratsa egin zuen horretarako: igoerako azken kanporaketako joaneko partidan 1-3 irabazi zuen Gimnastic Tarragonaren zelaian. Gaur Zubietan biribildu beharko du lana (20:00, ETB1). Ander Avellaneda futbol entrenatzailea baikor da, eta argi du zein izan den Reala B horrela egoteko gakoa: «Oso talde erregularra izan da, eta lan eginez eta umiltasunez arituz iritsi dira kanporaketetako finaleraino». Igotzea lortzen badu, Reala izango da Espainiako Ligako talde bakarra Bigarren Mailan harrobiko talde bat duena. Horrek honetarako bidea emango die harrobiko jokalariei: Lehen Mailarako jauzia horren handia ez izateko. Gainera, baliteke Erik Bretosek bigarren taldeko jokalarientzat duen plangintza ere aldatzea. Zubieta lepo beteko da. Jokalari txuri-urdinek 1.700 zaleren babesa izango dute. 

Avellanedaren arabera, Reala Bk norgehiagoka «txukuna eta osoa» jokatu zuen iragan larunbatean Tarragonan. «Meritu handiko partida izan zen. Taldea ausart aritu zen, eta ez zen kikildu 15.000 zaleren aurrean jokatu arren». Gainera, hainbat jokalari garrantzitsurik gabe jokatu behar izan zuen: Goti, Mariezkurrena, Fraga... Goti min hartuta zegoen, Mariezkurrrena zigortuta, eta Fraga 21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin ari zen. Goti eta Mariezkurrena jokatzeko moduan izango dira gaur. 

Gimnasticek hiru golen aldeaz irabazi beharko du Zubietan. Izan ere, luzapenean berdinduta amaituz gero, ez da penalti jaurtiketarik izango: Reala B igoko da, ligan aurretik geratu baitzen. Hala ere, partida «gogorra» espero du Avellanedak. Meridaren aurkako aurreko kanporaketa ekarri du gogora. «Meridan irabazi eta gero, asko sufritu zuten itzuleran». Luzapena izan zen, eta, hor ere berdinduta amaitu zutenez, Reala B sailkatu zen kanporaketen finalerako, Meridaren aurretik amaitu baitzuen ligan. «Ea gai diren partidak eskatzen duena hobeto interpretatzeko».

Avellanedaren ustez, hori izango da gaurko partidako gakoetako bat. Bestea: txuri-urdinek presio txikiagoa dutela kategoriaz igotzeko. «Gimnasticek du zama hori, duen estatusagatik. Reala Bren helburua, berriz, ez da igotzea, jokalariak heztea baizik. Presioa Nasticek duela baliatu behar dute». Avellanedak berak ez zuen espero txuri-urdinen bigarren taldea Bigarren Mailara igotzeko puntuan egongo zenik. «Baina sasoi betean iritsi dira denboraldi bukaerara, eta hori lagungarria da kanporaketetan ondo aritzeko. Izan ere, urte osoan goian egon arren, azken partidek erabakitzen dute dena».

Jokoari erreparatuta talde «dinamikoa» dela uste du. «Taldeak erasoan jokatu du, eta trebea izan da atzetik baloia ateratzen». Gainera, lehiatzeko izan duen gaitasuna azpimarratu du: «Konfiantza handiz jokatu zuten Tarragonan, eta edozein talderen aurka lehiatzeko gai direla erakutsi dute». Kanporaketetan, adibidez, irabazi egin dituzte etxetik kanpo jokatu dituzten bi partidak: 0-1 Meridan, eta 1-3 Tarragonan. Hori ez da erraza izaten.

«Konfiantza handiz jokatu zuten Tarragonan, eta edozein talderen aurka lehiatzeko gai direla erakutsi dute»

ANDER AVELLANEDA Futbol entrenatzailea

Baina, batez ere, «multzo sendo bat» izan direla goraipatu du: «Postu guztietan oreka bat izan du hasieratik aritu diren jokalarien eta ordezkoen artean. Aipatu bezala, Tarragonan ez zuen antzeman Gotiren eta Mariezkurrenaren falta. Alderantziz. Gol bana sartu zuten Gorka Gorosabelek eta Gorka Karrerak, denboraldia Reala Cn hasi zuten bi aurrelariek». 

Etorkizuna badago

Avellanedak jokalarien maila nabarmendu du: «Atean, adibidez, Fraga eta Arana bikain aritu dira». Fraga aritu izan da hasieratik, baina igotzeko kanporaketetan Aranak jokatu du, Fraga Europako Txapelketa jokatzen ari delako 21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin. Arana erabakigarria izan zen Tarragonako partidan, bi gelditu ikusgarri egin baitzituen taldeak hirugarren gola sartu aurretik.

Defentsan egiten duen lana aintzat hartuta, prestatzaileak honela deskribatu du txuri-urdinen jarduna: «Talde oldarkorra da. Baloi asko lapurtzen ditu aurkarien zelaian, eta horrek aurrean eraginkor izaten laguntzen dio». Hiru jokalari erabakigarriak izan dira horretarako: Carbonell, Ruperez eta Balda. Erdiko bi atzelariek egindako lana ere azpimarratu du: «Oso sendo aritu dira bai Peru Rodriguez, bai Beitia». Kanporaketak kontuan hartuta, Reala Bk 41 partida jokatu ditu, eta 37 gol sartu dizkiote: 0,9 gol partidako.

Erasoan ere «ondo» ikusi du taldea: «Goti erabakigarria izan da. Gainera, Mariezkurrena eta Mikel Rodriguez oso jokalari dinamikoak dira». Avellanedak oso gustuko du Mikel Rodriguez. «Jokalari oso lehiakorra da, eta golak sartzen ditu; adibidez, larunbateko bigarrena». Denera 55 sartu dituzte 42 partidatan: 1,3 partidako. 

Mariezkurrenak, Gotik, Baldak eta Beitiak jokatu dute dagoeneko lehen taldearekin. Avellanedarentzat, zailena zera da: hor mantentzea. «Baina Bigarren Mailan jokatzeko gai direla erakutsi dute. Gose handia du taldeak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.