Realak Bartzelonaren aurka jokatuko du gaur, Kopako finalerdietan

Txuri-urdinek berdindu egin dute denboraldi honetan kataluniarren aurka jokatutako bi partidetan

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Realaren Superligako taldeak bere historia laburreko lehen titulua irabaz dezake asteburu honetan, Las Rozasen (Espainia). Talde txuri-urdina Espainiako Kopako Lauko Finalean ariko da, Bartzelona, Espanyol eta Atletico Madrilekin batera. Jose Manuel Etxabek zuzentzen duen taldeak Bartzelona gainditu behar du gaur lehen finalerdian txapelarekin amets egiten jarraitzeko (18:00, Teledeporte). Sailkatuz gero, Espanyol edo Atletico Madrilen aurka jokatuko luke etzi finalean (12:00, Teledeporte). Bigarren finalista erabakitzeko partida ere gaur jokatuko da (20:30, Teledeporte).

Faboritorik gabeko finalerdia da Realaren eta Bartzelonaren artekoa. Denboraldi honetan bi taldeek elkarren aurka jokatutako partidetan gertatutakoari erreparatu besterik ez dago: bana berdindu zuten Katalunian, eta hutsean Euskal Herrian. Beraz, parekotasuna da nagusi.

Txuri-urdinek Valentzia eta Sant Gabriel kanporatu dituzte Lauko Finalera iristeko, eta Bartzelonak Reocin eta Rayo Vallecano. Madrilgo taldea, Superligako txapelduna, bidean utzi izanak konfiantza handia eman die kataluniarrei. Realeko jokalariei ere ez zaie gogo eta ilusiorik falta. «Saria da jada hemen egotea. Baina behin egonda, dugun guztia eman nahi dugu. Aukera bikaina dugu historia egiteko», esan du talde txuri-urdineko entrenatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.