Futbola

Realak berdindu egin du Badalonaren zelaian, eta irabazi ezinik dabil

Gorka Alvarezek entrenatutako taldea ordubete pasatxo aritu da aurkaria baino jokalari bat gehiagorekin, baina ez dio abantaila horri etekina atera.

Laura Camino, baloiarekin, Badalonako jokalari batekin lehian. REALA
Laura Camino, baloiarekin, Badalonako jokalari batekin lehian. REALA
Julen Etxeberria.
2026ko irailaren 19a
15:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irabazi ezinik dabil Reala denboraldi honetan. Espainiako Liga eta Txapeldunen Liga kontuan hartuta, sei partida jokatu ditu, eta ez du bakar bat ere irabazi: bi berdindu ditu eta lau galdu. Gaur, hutsean berdindu du Badalonaren aurka, Palamosen (Herrialde Katalanak) Espainiako Lehen Mailako laugarren jardunaldian. Gaur puntu bat batu eta gero, txuri-urdinek bi puntu dituzte sailkapenean.

Gorka Alvarezek entrenatutako taldeak aukera ona galdu du denboraldi honetako lehen garaipena lortzeko, ordubetez aritu baita Badalona baino jokalari bat gehiagorekin, epaileak txartel gorria atera baitio Herrialde Katalanetako taldearen atezainari 34. minutuan, Cecilia Marcosi falta egin eta gero. Baina Reala ez da gai izan abantaila horri etekina ateratzeko. Saiatu, saiatu da, baina argitasuna eta eraginkortasuna falta izan zaio azken metroetan, eta ez du gola sartzeko aukera garbirik sortu. Badalonak ondo eutsi dio.  

Lehen derbia, Ipuruan

Bihar, denboraldiko lehen derbia jokatuko dute Eibarrek eta Athleticek, Ipuruan (18:00, DAZN). Orain arteko emaitzak kontuan hartuta, bizkaitarrak hobeto aritu dira, ez baitu galdu, eta bederatzi puntuetatik zazpi bildu baitituzte: bi partida irabazi dituzte, eta bat berdindu. Gipuzkoarrek, berriz, lau puntu lortu dituzte: partida bat berdindu dute, beste bat berdindu eta beste bat galdu.

«Ilusio handia dugu etxean derbi bat jokatzeko. Ipurua da gure itsasargia, eta defendatu egin behar dugu», esan du Iñaki Goikoetxea Eibarreko entrenatzaileak. 

Victor Martin Athleticeko entrenatzaileak, berriz, bolada onari eutsi nahi dio. «Bete-betean lehiatu behar dugu, eta taldeak daraman joera ona aprobetxatu. Derbi zaila izango da, baina talde honen nortasuna erakutsi nahi dugu». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA