Realak irabazi ezinik jarraitzen du orain hiru aste Sevillako (Espainia) Cartuja estadioan Espainiako Kopa irabazi zuenetik. Lau partida jokatu ditu orduz geroztik, eta bi berdindu ditu, eta beste bi galdu. Gaur, puntu bat bildu du, bina berdindu baitu Betisekin Anoetan. Hala ere, talde txuri-urdinak aurreko hiru partidetan baino askoz itxura hobeagoa eman du.
Batez ere, bigarren zatian aritu da ondo Reala, gai izan baita Betisek zuen bi golen aldea ezerezean uzteko. Lehen zatian eta bigarrenaren hasieran gaizki aritu da berriro Pellegrino Matarazzok entrenatutako taldea, eta garesti ordaindu du atzean egindako hutsak. Hala, Antonyk lehen gola sartu dio 39. minutuan, eta Abdek bigarrena, 47.enean.
Oraingoan, ordea, txuri-urdinek ez dute etsi, eta ekinaren ekinez lortu dute berdintzea. Oskarssonek eta Oiartzabalek sartu dituzte Realaren golak azken txanpan: islandiarrak 79. minutuan sartu du 1-2koa, eta, eibartarrak 91.ean binakoa, penaltiz. Reala irabaztear egon da gero, partidaren hondarrean gol aukera garbiak izan baititu. Karrerak izan du garbiena, baina Vallesek gelditu egin dio buruz egindako errematea.
Realari zapore ona utzi dio puntuak. Hala ere, gaurko emaitzak aukerarik gabe utzi dio bosgarren izateko eta Txapeldunen Ligarako sailkatzeko. Oso zaila zuen hori lortzea, eta gaur geratu da matematikoki aukerarik gabe. Gaurko emaitzak ere ez dio balio ziurtatzeko datorren denboraldian Lehen Mailan ariko dela. Esku-eskura du, baina ez egina, zazpi puntura baititu jaitsiera postuak, eta hiru jardunaldi falta baitira jokatzeko. Datorren ostegunean ziurtatu nahi du maila, Gironan (Herrialde Katalanak). Gaurkoa akuilu izango zaio.
Athleticek begiz jota dauka Europa
Athleticek berri ona jaso du aste honetan: datorren denboraldian Espainiako Ligako bost talde ariko dira Txapeldunen Ligan. Horren ondorioz, talde zuri-gorriak aukera gehiago du Europarako sailkatzeko. Gaur-gaurkoz, bete-betean dago sartuta lehia horretan.Â
Bihar, beste urrats bat egin nahi du, San Mamesen Valentziari irabazita (16:15, DAZN). «Helburua lortzear gaude: Europarako sailkatzea. Ea lortzen dugun. Beste toki bat gehiago egotea pizgarri oso garrantzitsua da», esan du Ernesto Valverdek.
Emakumezkoen Lehen Mailan, berriz, Realak eta Eibarrek irabazi egin dute gaur. Donostiarrek 3-0 irabazi diote Granadari, eta bigarren izateko lehian jarraitzen dute. Cecilia Marcosek, Claire Lavogezek eta Klara Cahinovak sartu dituzte txuri-urdinen golak. Eibartarrek, berriz, 2-0 hartu dute mendean Alhama, eta mailari eutsi diote matematikoki. Laura Caminok eta Carmen Alvarezek sartu dituzte golak. Athleticek, ordea, 0-1 galdu du Deportivoren aurka.Â
Lehen Mailara igotzeko finalerdietako joaneko partidan, berriz, Osasunak 1-2 galdu du Vila-realen kontra. Hurrengo igandean jokatuko dute itzulikoa, Vila-realen.
REALA-BETIS
Reala. Remiro; Aritz Elustondo (Karrera, 77. min.), Jon Martin, Caleta-Car, Sergio Gomez; Kubo (Marin, 54. min.), Gorrotxategi, Soler (Sucic, 54. min.), Barrenetxea; Oiartzabal eta Oskarsson.
Betis. Valles; Ruibal, Diego Llorente, Valentin Gomez, Rodriguez (Bellerin, 69. min.); Altimira (Amrabat, 69. min.), Marc Roca; Antony (Riquelme, 59. min.), Fornals (Isco, 69. min.), Abde; eta Cucho Hernandez (Deossa, 78. min.).
Golak. 0-1. Antonyk (39. min.). 0-2. Abdek (47. min.). 1-2. Oskarssonek (79. min.). 2-2. Oiartzabalek, penaltiz (91. min.).Â