Reala da Bartzelonaren kriptonita. Kataluniako talde ahalguztidunari behin irabaztea sekulako balentria da, baina bi urtez jarraian mendean hartzea beste kontu bat da. Halaxe egin du Realak: iaz, duela 350 egun, Bartzelonak 1-0 galdu zuen Zubietan, eta ordutik partidarik galdu gabea zen. Berriro Realaren zelaira itzuli den arte (2-1).
Neurketa, gainera, ez da ondo hasi: lehen minutua bete aurretik, Patri Guijarrok aurretik jarri du Bartzelona. Erdiraketa bat aldendu du defentsak, baina baloia area ertzean jaso du Guijarrok, eta, ezkerrez, sarera bidali du. Bartzelonak jokoa kontrolatu du hurrengo minutuetan, eta lehiak itxura txarra zuen Realarentzat, 13. minutuan, kontraeraso batean, Cecilia Marcosek berdinketa lortu duen arte.
Golari esker suspertu da Reala. Eroso sentitzen hasi da, eta, azkenerako, lehen zati bikaina osatu du Gorka Alvarezen taldeak. Ginga Ainhoa Marinek jarri dio: Nerea Eizagirreren pase bikain bat baliatuta, 2-1ekoa sartu du atsedenaldia iristear zela.
Bigarren zatiko lehen minutuetan estutu du Bartzelonak, baina, gero, Realak lortu du norgehiagoka baretzea eta Kataluniakoek gol aukera gehiegirik ez sortzea. Bikaina izan da txuri-urdinek defentsan egin duten lana.
Gaurkoa da Realak ligan, etxean, lortu duen aurreneko garaipena. Lehen bost jardunaldietan ez zuten partidarik irabazi, baina pasa den jardunaldian Valentzia hartu zuten mendean, eta oraingoan Bartzelona. Konfiantza hartzeko balio dezatela garaipenek.