Joan den astelehenean Elxi 2-3 irabazi ondoren, Realak bolada onari eutsi nahi dio gaur Anoetan. Harri gogorra izango du aurrean, Atletico Madril hartuko baitu (21:00, DAZN). Bi taldeek elkar ikusi zuten azkeneko aldia apirilaren 18a izan zen, Espainiako Kopako finala jokatu zutenekoa. Partida luzapenean amaitu eta gero, penaltietan eskuratu zuten titulua txuri-urdinek, eta orduko oroitzapenek jantziko dituzte gaur Anoetako harmailak. Futbolak, dena den, ez du iraganari begira egoteko astirik ematen, eta sailkapenean gora begira jartzeko hiru puntu garrantzitsu izango dituzte jokoan donostiarrek. Bi taldeek zazpina puntu dituzte, baina partida bat gehiago du jokatua Pellegrino Matarazzoren taldeak. Puntuei dagokienez ez ezik, aurkariaren mailari begiratuta ere erronka sendoa izango du Realak.
Matarazzok aste honetan aitortu duenez, behetik gora egiten ari da taldearen jokoa. Sasoiko lehen bi partidak galdu arren, onbidean sarturik daude txuri-urdinak: jokoan izandako azken bederatzi puntuetatik zazpi eskuratu dituzte. Ondorioz, konfiantza badu entrenatzaileak. «Sentipen onak ditugu. Aste honetan egindako pare bat lan saio asko gustatu zaizkit. Behetik gorako bidean goaz, eta, gure onena ematen badugu, gai izango gara Atletico Madril garaitzeko». Kopako finala urrun geratu arren, orduko nortasuna ikusi nahi luke. «Egia da neurketa honek beste ezaugarri batzuk izango dituela, baina gustatuko litzaidake Kopako finalean erakutsi genuen lehiakortasuna eta jarrera izatea».
Jon Martin eta Zubeldia gabe
Hasierako hamaikakoari dagokionez, Jon Martinen eta Zubeldiaren hutsunea izango du entrenatzaileak. Jon Martini txartel gorria atera zioten aurreko partidan, eta Zubeldia min hartuta dago. Erdiko bi atzelariak deialditik kanpo geratu dira, beraz. Atzeko bikotea Mamadou Sarrek eta Jon Pachecok osatuko dute beharbada. Atepean, berriz, ikusteko dago Unai Marrerok jokatuko duen berriro. Egutegiaren zama ikusirik, aldaketak egingo ditu Matarazzok, datorren ostegunean Europa ligari ekingo baitio taldeak.Â