Abiadura hartu du Realak. Rino Matarazzoren taldeak ligan jokatu dituen azken lau partidak irabazi ditu, eta jada sailkapenaren goikaldeko postuetan finkatu da: bosgarren da, Betis laugarren sailkatuarengandik puntu bakarrera. Gaur 2-1 hartu dute mendean Levante, gol aukera mordoxka huts eginda.
Azkenaldian golak sartzeko sekulako erraztasunarekin dabil Reala, eta norgehiagoka hasi bezain pronto erakutsi du hori: Sucicek baloi luzea bidali dio Hector Forti, eta kataluniarraren erdiraketa, zorte apur batekin, sarera bidali du Oskarssonek. Bosgarren minutua zen.
Hurrengo minutuetan indarrak parekatu dira, eta, jokaldi solte batean, Levantek lehia berdindu du: Thiagok erdiratu du, Nacho Perezek ahal bezala errematatu, eta Alex Remirori hanken artetik pasatu zaio baloia. Realaren erantzuna azkarra izan da, ordea, eta Turrientesek hiru minutu geroago sartu du Realaren bigarrena, ezkerrez.

Orduan heldu dira txuri-urdinen minuturik onenak. Abagune mordoa izan dituzte hirugarrena egiteko, gehienak Oskarssonek, baina ez dira fin aritu Ryanen ate aurrean. Levantek ere behartu du Remiro geldiketa on bat egitera.
Erabat bestelakoa izan da bigarren zatia. Azken asteetan, Matarazzok kritika ugari entzun ditu bere taldeak neurketak ixten ez dakielako, eta gaur horixe egin du ondoen Realak. Ez du hirugarrena sartu, baina uneoro kontrolpean izan du partida, eta ezinean aritu da Levante. Oraingoan ez da zoroetxerik izan Anoetan.
Merezitako garaipena Realarentzat, eta bultzada indartsua ortzimugan duten erronkarako: Athleticen aurkako derbia San Mamesen.Â