Bukatu da Realaren ibilia Txapeldunen Ligan. Laburra izan da: ez du gainditu atariko kanporaketa, eta ez da arituko ligaxkan. Chelseak 0-1 irabazi dio gaur Zubietan, itzuliko partidan. Ingalaterrako taldeak irabazi egin zion duela astebete ere, joanekoan, Londresen, baina orduko hartan 5-2 nagusitu zitzaion. Hau da, kanporaketako bi neurketak kontuan hartuta, Chelsea 6-2 gailendu zaio. Alde handia da, baina gaur-gaurkoz, hori da bi taldeen artean dagoen aldea. Horren jakitun ziren Realean, zerbaitengatik baita Txapeldunen Liga Europako kluben arteko txapelketa nagusia: ez dago lastorik, eta dena da garia. Nolanahi ere, txuri-urdinak oso lehiakor aritu dira. Hori zuten helburu nagusia, eta bete egin dute. Aukera ona zuten hazteko, eta aprobetxatu egin dute. Mesede egingo die etorkizunean.
Txuri-urdinak bigarrenez aritu dira Txapeldunen Ligan. Duela lau urte aritu ziren lehen aldiz, eta orduko hartan ere ez zuten igaro atariko kanporaketa. Bayern Munich Alemaniako taldeak kanporatu zituen: bi norgehiagokak irabazi zizkien. Hortxe amaitu zen Realaren ibilia Europan barna. Oraingoan, ordea, probetxu gehiago aterako dio aukerari, Txapeldunen Ligatik kanpo geratu eta gero, beste txapelketa bat jokatuko baitu: Europa kopa. Hiru aste barru ekingo dio lehiaketa horri, irailaren 23an. Joan-itzuliko kanporaketak jokatuko dituzte txapelketa horretan, eta txuri-urdinak final-hamaseirenetan hasiko dira lehiatzen. Ostiralean jakingo dute noren aurka jokatuko duten kanporaketa horretan.
Gorka Alvarezek lehen aldiz zuzendu du Reala gaur. Klubak bezperan jakinarazi zuen hura ariko dela Arturo Ruizen ordez. Alvarezek jokatzeko sistema aldatu du: Arturo Ruizen 3-5-2 sistema baztertu, eta 4-4-2koaren alde egin du. Ainoa Campo erdilaria defentsaren erdian jartzea izan da berritasun nagusia. Sendoago aritu nahi zuen defentsan. Jokalariei dagokienez, Alvarezek bi aldaketa baino ez ditu egin joaneko partidaren hasierako hamaikakoarekin alderatuta: zelai erdian, Intza aritu da Ceciliaren ordez, eta, erasoan, Seelenfreundek jokatu du Arolaren ordez.
Beste aldarte bat
Hasieratik sumatu da Realeko jokalariek beste aldarte bat zutela. Fernando Torres Arturo Ruizen behin-behineko ordezkoak bezperan azaldu zuen jokalarientzat «zailak» izan zirela Arturo Ruizek taldea utzi ondorengo lehen egunak. Ulertzekoa da, gogorra izan behar baitu itsu-itsuan sinesten duzun norbaitek egun batetik bestera eta ezer esan gabe alde egiteak. Abandonu sentipen horrek erasan egin zien hasieran jokalari txuri-urdinei, eta eragin zuzena izan zuen Espainiako Ligako lehen partida galtzeko, Logroñoren aurka, etxean. Hori dela eta, teknikarien taldeak lan psikologiko handia egin du jokalariekin azken egunetan. Lanak fruitua eman du, eta gaur, jokalari txuri-urdinak beste aldarte batekin aritu dira une oro: ilusioz, gogotsu, eta burua tente. Ez da nahikoa izan irabazteko, Chelsea koska batzuk gorago baitago, baina, gutxienez, joaneko neurketan egin bezala, nor baino nor gehiago aritu dira Ingalaterrako talde indartsuarekin.
Lehen zatian oso ondo eutsi dio Realak Sonia Bompastorrek entrenatutako taldeari. Chelsea hainbatetan iritsi da arriskuarekin txuri-urdinen area ingurura, baina ez du izan aukera garbi-garbirik. Horren erakusle, Arrulak ez du egin behar izan geldiketa ikusgarririk. Baina Ingalaterrako taldeak esperientzia handia du, eta ez du behar baino gehiago arriskatu gola sartzeko. Une oro izan du kontuan hiru golen aldea zuela kanporaketan. Txuri-urdinek, gainera, ez dute askorik estutu. Defentsan eta zelai erdian sendo aritzea izan dute lehentasuna. Eta lehen zatian ondo baino hobeto bete dute egiteko hori. Hala, hutsean bukatu da aurreneko zatia.Â
Bigarren zatiaren hasieran estutu egin du Chelseak, eta 53. minutuan Beever-Jones gola sartzekotan izan da, baina Arrulak geldiketa ederra egin dio, eta baloia kornerrera bidali du. Korner horretan, ordea, gola sartu dute bisitariek. Baloia Walshi iritsi zaio, eta hark area kanpotik jaurti du. Realeko jokalari asko zituen parean, eta horrek kalte egin dio Arrulari, berandu ikusi baitu baloia. Gol horrek are eta bideratuago utzi du kanporaketa Chelsearen alde.Â
Gola jaso bezain pronto, Alvarezek Nerea Eizagirre zelairatu du, Seelenfreunden ordez. Gora egin du Realak, eta Chelsea estu hartzen hasi. 62. minutuan, lehen aukera garbia izan du, baina Hamptonek gelditu egin dio jaurtiketa Ainhoa Marini. Bisitariak, baina, ez dira kikildu, eta ondo eutsi diote etxekoen erasoaldiari. Beste estutu eman nahian, Alvarezek Cecilia eta Laborde zelairatu ditu Caminoren eta Cahynovaren ordez. Azken aldaketak, berriz, Arola Aparicio eta Maren Lezeta izan dira, Ainhoa Marinen eta Paula Fernandezen ordez. Zaleek txalo zaparrada jo diote Lezetari, urtebete egon baita min hartuta. Partida amaieran ere txalo zaparrada jo diote taldeari. Behar zuten. Lehen urratsa egin dute: suspertu egin dira.
Egindako lanagatik pozik dago Ainhoa Moraza. «Sekulako ahalegina egin dugu, eta oso partida landua jokatu. Esperientzia honek gure maila non dagoen jakiteko balioko digu».
REALA-CHELSEA
Reala. Arrula; Camino (Cecilia, 74. min), Campo, Apari, Moraza; Florentino, Cahynova (Laborde, 74. min), Paula Fernandez (Lezeta, 84. min), Intza; Seelenfreund (Nerea Eizagirre, 58. min)Â eta Ainhoa Marin (Arola Aparicio, 84. min).
Chelsea. Hampton; Bronze, Buchanan, Girma; Carpenter (Thompson, 61. min), Potter, Walsh (Hamano, 61. min), Baltimore (Sarwie, 61. min); Kaptein, Beever-Jones (Las, 72. min) eta James (Dragoni, 46. min).
Golak. 0-1: Walshek (54. min).