Futbola

Realak eta Alavesek ilusio handiz hasi dute denboraldiaurrea

Txapeldunen Liga jokatuko du bigarrengoz Donostiako taldeak. Lehen Mailan arituko da denboraldi honetan Gasteizko taldea.

Realeko jokalariak eta entrenatzaileak denboraldiaurreko lehen entrenamenduan. RUBEN GIL
Realeko jokalariak eta entrenatzaileak denboraldiaurreko lehen entrenamenduan. RUBEN GIL
2026ko uztailaren 16a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldi ilusionagarria dute aurretik Realak eta Alavesek: bata Txapeldunen Ligan ariko da, eta bestea Lehen Mailara igo berri da. Europako talde onenen aurka jokatuko du Donostiako taldeak, eta hori buruan dutela hasi dute gaur denboraldiaurrea. Gasteizko taldea, berriz, hiru denboraldiren ondoren berriro gorenean ariko da, eta mailari eustea izango du helburu. Asteko lehen bi egunetan, astelehenean eta asteartean, mediku probak egin zituzten bi taldeetako jokalariek, eta gaur zelairatu dira lehen aldiz. 

Aldaketa asko izan ditu Realak. Zubietako Z7 zelaian ez dira aurreko denboraldiko jokalari berak agertu. Lucia Rodriguez, Andreia Jacinto, Emma Ramirez, Claire Lavogez, Lucia Pardo, Mirari Uria eta Elene Guridi falta izan dira. Lehen sei jokalariek taldea utzi dute, eta Guridik, berriz, Granada taldean jokatuko du, utzita. Etxeko jokalariak 2028 arte luzatu du kontratua, eta Lehen Mailan minutuak eta esperientzia pilatzea izango du helburu denboraldi honetan. Ez da bakarra izan kontratua luzatzen: Maria Molinak ere talde txuri-urdinean jarraituko du 2027 arte.

Hainbat jokalari garrantzitsuk alde egin ostean, azkar mugitu da merkatuan Reala. Jada sei jokalari fitxatu ditu, eta baliteke beste jokalariren bat etortzea oraindik. Arturo Ruiz entrenatzaileak hasieratik izan du aukera fitxatu berriekin lan egiteko. Iritsi direnak Laura Camino, Ainoa Campo, Ainhoa Marin, Esther Laborde, Sonya Keefe eta Ava Seelenfreund izan dira. Aipatutako lehen bi jokalariek 2029 arte sinatu dute; beste laurek, berriz, 2028 arte.

Ez da aldaketarik egon aulkian. Arturo Ruizek jarraituko du taldea zuzentzen. Aurreko denboraldi arrakastatsuaren ondoren, jarraipena eman nahi diote proiektuari. Hirugarren postuan amaitu zuen Realak ligan, eta, ondorioz, lau txapelketatan lehiatuko da denboraldi honetan: Espainiako Ligan, Kopan, Superkopan eta Txapeldunen Ligan. Bigarrengoz arituko da taldea Europako txapelketa nagusian. Lehenen aldian, 2022-2023ko sasoian, aurretiazko faseko bigarren kanporaketan geratu zen kanpoan.

Denboraldiaurrean jokatuko dituen lagunartekoetatik bi iragarri ditu oraingoz Realak: Torreenseren eta Olympique Lyonen aurka ariko da. Portugalgo taldearen aurka Zubietan jokatuko du, uztailaren 24an, 11:00etan. Txapeldunen Ligako sailkapena lortzeko kanporaketak jokatu behar ditu Torreensek. Lyonen aurkako partida, berriz, Frantziako taldearen kirol instalazioetan izango da, abuztuaren 8an, 11:00etan. Txapeldunen Liga prestatzeko aukera paregabea edukiko dute txuri-urdinek; izan ere, aurkariak zortzi aldiz irabazi du txapelketa. Gainera, aurreko denboraldiko txapeldunordea da. Bartzelonaren aurka galdu zuen finala. Bi norgehiagokak maila altuko bi talderen aurka izango dira, Txapeldunen Liga ahalik eta hoberen prestatzeko asmoz. Partida gehiago jokatzea espero da, denboraldiko lehen norgehiagokara sasoi onean iristeko. Etxean hasiko du denboraldia taldeak, Logroño Uniteden aurka, abuztuaren 29an edo 30ean —oraindik ez dute eguna zehaztu—.

Bigarren taldeko sei jokalari deitu ditu Ruizek denboraldiaurrea egiteko. Hauek dira lehen taldearekin arituko diren gazteak: Maite Mendiburu, Iraia Soroa, Carlota Chacon, Ane Isasisasmendi, Nahia Azpirotz eta Matilde Etxeberria. Lau txapelketa izanda, litekeena da bigarren taldeko jokalarien beharra edukitzea denboraldian zehar, partida asko jokatu beharko baititu taldeak.

Alaves, Lehen Mailan berriz ere

Mailaz igotzea lortuta, jarraipena eman nahi dio Alavesek proiektuari. Hala ere, jokalari batzuek taldea utzi dute. Hauek dira Alavesen jarraituko ez dutenak: Jimena Vicario, Raquel Gil, Vicky Chica, Elene Errasti eta Itziar Gastearena. Horiez gain, aurreko denboraldian utzita ibili ziren Nerea Bengoa, Marta Sanadri, Claudia Fernandez eta Paula Leon beraien taldeetara itzuli dira.

Horrenbestez, merkatura jo behar izan du taldeak. Oraingoz, bost jokalari iritsi dira, hiru fitxatuta eta beste bi utzita. Andrea Gomez, Yorladiz Diaz eta Juliette Vidal izan dira taldeak fitxatu dituen hiru jokalariak, eta Amaya Garcia eta Kim Shinji utzita etorri dira. Gomezek badu esperientzia Espainiako Lehen Mailan, Granadarekin hiru denboralditan aritu baita maila nagusian lehiatzen. Kim Shinjik ere badu Lehen Mailan esperientzia, Italiako eta Eskoziako ligetan. Baita Vidalek ere, Frantziako eta Alemaniako ligetan. Beste bientzat lehen aldia izango da.

Andrea Estebanek jarraituko du taldea zuzentzen beste urte batez. Aurreko denboraldian bigarren urtez jarraian jaso zuen Bigarren Mailako entrenatzailerik onenaren saria. Denboraldi honetan erronka handia izango du taldeak: mailari eustea. Estebanek kontratua luzatu zuen egunean, talde horren parte izaten jarraitu nahi duela adierazi zuen: «Bide honen parte izan nahi dut aurrerantzean ere; talde hau, hiri hau eta zale hauek nire etxea dira jada. Batera jarraituko dugu».

Denboraldia prestatzeko bi partida lotu ditu jada Alavesek. Lehena, Osasunaren aurka izango da. Uztailaren 31n jokatuko dute norgehiagoka, Dulantziko Joaquin Gastaminza zelaian (Araba), 18:30ean. Bigarrenean, berriz, Teneriferen aurka lehiatuko da, abuztuaren 8an, Tafallako San Francisco zelaian (Nafarroa), 19:00etan. Lehen Mailara itzuli eta lehen partida etxean jokatuko du Alavesek, zaleen aurrean. Aurkaria Valentzia izango da. Abuztuaren 29an edo 30ean izango da neurketa —eguna zehazteke dago oraindik—.

Ilusioz betetako denboraldia dute aurretik bi taldeek, eta, beraz, gogotsu hasi dituzte entrenamenduak.

Mikel Rodriguez fitxatu du Alavesek

Denboraldiko lehen fitxaketa egin du Alavesek: Mikel Rodriguez. 2031 arte sinatu du Getariako (Gipuzkoa) erdilariak. Realetik dator, eta aurreko denboraldian talde txuri-urdineko bigarren taldean aritu zen. Bigarren Mailan bi gol sartu zituen, eta bi asistentzia egin. Bi milioi euroren truke iritsi da Gasteizera. Realak jokalaria berriz taldean izan nahiko balu, lau milioi eurotan berrerosteko aukera edukiko du kontratuak irauten duen bitartean. Rodriguez oso eskertuta agertu da bere lehen agerraldian: «Oso eskertuta nago Alavesek Lehen Mailan jokatzeko aukera eman didalako». 

 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA