Ez da emoziorik falta izan Realaren eta Athleticen derbian. Gaur eguerdian 10.000 zale baino gehiago elkartu dira Anoetan, eta neurketa ikusgarria ikusi dute. Denboraldia hasi zenetik, txuri-urdinek partida bakarra galdu dute, zuri-gorriek bakarra irabazi, baina agerian geratu da derbietan halako datuek ez dutela askorako balio, bilbotarrek oso gertu izan baitute garaipena gaur. Nerea Eizagirrek 96. minutuan sartutako penaltiak eragotzi du.
Lehen zatian erosoago aritu da Athletic. Baloia zuri-gorriek eduki dute, eta Amaia Landaluzek eman du partidako lehen abisua. Reala Aiara Agirrezabalaren bidez saiatu da arriskua sortzen, baina defentsan sendo ibili da Athletic, eta behar izan denean Nanclares atezaina agertu da. Atsedenaldiaren aurretik, ordea, gola sartzeko gutxi falta izan zaio etxeko taldeari: Cahynovak area txikiaren ertzetik gogor jo du baloia, baina Landaluzek atera du atepetik txekiarraren errematea.

Bigarren zatia erritmo gutxirekin hasi da, baina aldaketek bultzada eman diote Realari. Arolak buruz buruko bat izan du gola sartzeko, baina Nanclaresek geldiketa ikusgarria egin du, eta segidan iritsi da zuri-gorrien gola: Azkonak jokaldia egin du eskuin hegaletik, arean sartu da, eta hark utzitako baloia ederki errematatu du Agotek.
Aldeari ondo eutsi dio Athleticek 91. minutura arte. Orduan, area barruan, baloia eskuarekin ukitu du Landaluzek jokaldi nahasi batean, eta penaltia adierazi epaileak. Eizagirre kapitainak hartu du jaurtitzeko ardura, eta sarera bidali du baloia.
Sailkapen nagusian, Reala hirugarren da, 24 punturekin, eta Athletic hamargarren, 10ekin.