Espainiako Kopako finalerdietako zozketak parez pare jarri ditu Reala eta Athletic. Txuri-urdinek eta zuri-gorriek elkarren aurka jokatuko dute finalaren atarikoan. Beraz, gauza bat ziurra da: euskal talde bat ariko da finalean. Reala edo Athletic, bietako zein izango den dago argitzeke. Bizkaitarrak seigarrenez ariko dira finalerdietan azkeneko zazpi ekitaldietan; gipuzkoarrak, berriz, hirugarrenez jarraian.
Reala eta Athletic joan-etorriko kanporaketan lehiatuko dira. Joaneko partida San Mamesen jokatuko dute, ziurrenik otsailaren 11n. Itzuliko partida, berriz, Anoetan izango da, hilabete barru, martxoaren 3an, 4an edo 5ean. Aurki esango dute zehazki zein egun eta ordutan jokatuko dituzten bi neurketa horiek.
Kanporaketan nagusitzen denak Kopako finala jokatuko du, Bartzelonaren edo Atletico Madrilen aurka. Kataluniako taldea eta Espainiakoa elkarren aurka ariko dira finalerdietako beste kanporaketan: Metropolitanon jokatuko dute joanekoa, eta Nou Campen, itzulikoa.
Ohiturari jarraituz, Sevillan (Espainia) izango da finala, Cartuja estadioan. Eguna, ordea, zehazteko dago. Hasieran, apirilaren 25ean ziren finala jokatzekoak, baina egun horretan Apirileko Feria betean izango dira Sevillan, eta, antolakuntza arazoak direla eta, aldatu egin dute partidaren eguna. Espainiako Futbol Federazioak finala apirilaren 18an jokatzea nahi du, baina Betisek Europa ligan egiten duenaren mende dago hori. Betisek final-zortzirenak jokatuko ditu, eta final-laurdenetarako sailkatzen bada, apirilaren 16an jokatuko luke kanporaketa horretako itzulikoa, Cartujan; hau da, Kopako finala baino bi egun lehenago jokatuko luke, eta antolatzaileek gutxienez hiru egun lehenago izan nahi dute libre estadioa dena behar bezala antolatzeko. Espainiako Federazioko ordezkariak gaur azaldu dutenez, 18an edo 19an jokatzea dira bi aukerak.Â
Realak eta Athleticek bitan jokatu dute elkarren aurka Espainiako Ligan denboraldi honetan: azaroaren 1ean, Anoetan aritu ziren, eta Realak 3-2 irabazi zuen. Brais Mendezek eta Gonzalo Guedesek bitan jarri zuten aurretik talde txuri-urdina, baina Gorka Guruzeta eta Robert Navarro gai izan ziren beste bitan berdintzeko. Azkenean, Jon Gorrotxategik luzapenean sartutako gol bati esker nagusitu zen Reala. Bigarren partida, berriz, joan den igandean jokatu zuten, eta bana berdindu zuten San Mamesen. Guedesek sartu zuen lehen gola, 37. minutuan, eta Iñigo Ruiz de Galarretak banakoa lortu zuen partida amaitzeko gutxi falta zela, 88. minutuan.
Txuri-urdinek bolada gozoan ekingo diote Kopako derbiari, ez baitute galdu Pellegrino Matarazzok taldearen lema hartu zuenetik: lau partida irabazi dituzte, eta hiru berdindu. Zuri-gorriek, berriz, bolada txarra eten dute, eta pixkanaka gora egiten ari dira: azkeneko bi partidetatik bat irabazi dute, eta beste bat berdindu.
1987ko finalerdia
Realak eta Athleticek Kopako joan-etorriko bederatzi kanporaketa jokatu dituzte elkarren aurka: zuri-gorriak zazpi aldiz sailkatu dira, eta, txuri-urdinak, bitan. 1987an jokatu zuten azken kanporaketa elkarren aurka, finalerdietan, eta Reala sailkatu zen: hutsean berdindu zuten Atotxan, eta txuri-urdinek 0-1 irabazi zuten San Mamesen. Joxe Mari Bakerok sartu zuen gol erabakigarria.
Final bat ere jokatu dute elkarren kontra, 2021ean, Cartujan, eta Realak 1-0 irabazi zuen, Mikel Oiartzabalek penaltiz sartutako gol bati esker. Ikuslerik gabe jokatu zuten final hura, COVID-19aren pandemia zela-eta. Oraingoan, ordea, finalera iristen den taldearen zaleek bertatik bertara bizi ahal izango dute partida. 2021eko finala da Kopan aurrez aurre izan diren azkeneko aldia. Bost urte geroago neurtuko dituzte berriro indarrak, baina oraingoan, koska bat lehenago. Sari potoloa izango dute jokoan: final bat jokatzea eta titulu bat irabazteko borrokatzea.
«Haiek bolada ona dute, baina gu oso gogotsu gaude kanporaketa hori jokatzeko. Martxoaren 5ean nire urtebetetzea da: ea sailkatu eta pozik ospatu dezakedan», esan du Nico Serrano Athleticeko jokalariak zozketa egin berritan.
Gogotsu dago Alex Remiro ere. «Garai ona dugu, eta joera oso ona daramagu. Gogoz gainezka gaude, finala jokatu nahi baitugu berriro, eta gure zaleekin bizi; merezi dute. Partida berezia izango da: derbi bat, noiz-eta finalerdietan. Izan dadila euskal futbolaren festa», adierazi du Realeko atezainak zozketa egin eta gutxira.
Matarazzori ere «ilusio handia» egin dio Kopako finalerdietan derbia jokatzeak. Hala ere, nabarmendu du arreta osoa Realak bihar Anoetan Elxen aurka jokatuko duen partidan duela (21:00, Movistar). «Oso berezia da Athleticen aurkako derbia jokatzea finalerdietan. Emozionatuta gaude, jokalariak emozionatuta daude, baina arreta osoa Elxen aurkako partidan dugu».Â
Bihar, Elxen aurka
Izan ere, Realeko entrenatzailearen iritziz, biharko partida «oso garrantzitsua» da. «Arrakastaren olatuan igota jarraitu nahi dugu, eta ea olatu horrek nora eramaten gaituen. Elxi dueluak irabazi behar dizkiegu, funtsezkoa da hori egitea. Haien banakako presioa hautsi behar dugu, eta banakako eta taldekako mugimendu taktikoak egin».
Matarazzok zera baieztatu du: aldaketaren bat egingo duela hasierako hamaikakoan eta Ander Barrenetxea eta Arsen Zakharian ez direla osatu. Brais Mendezek ere ez du jokatuko, Apelazio Batzordeak ez baitio kendu bi partidako zigorra.