Zale zuri-gorriek eta txuri-urdinek egutegian gorriz markatutako eguna iritsi da. Reala eta Athletic nor baino nor gehiago arituko dira gaur Anoetan, derbia nork irabaziko. Ez datoz batere sasoi onean, ordea. Donostiako taldeak ligan jokatutako azken bi partidetan lau puntu bildu dituen arren, beste garaipen bat behar du beheko postuetatik sailkapenaren erdialdera salto egiteko. Hortxe dago Athletic, hain justu ere, Europako postuetatik bi puntura. Iraileko geldialdiaren osteko bolada txarra etetea lortu bazuen ere, urruti dago aurreko denboraldian erakutsi zuen distiratik. Nolanahi ere, derbia aukera ezin hobea da iratzartzeko; aurrera begira, puntuak ez ezik, hauspoa ere badelako derbia irabaztea. Gaitz guztiak sendatzeko balioko lieke garaipenak bi taldeei.
Ohiko mantra izaten da: derbiak norgehiagoka parekatuak dira, eta gol gutxiren aldeaz erabakitzen dira. Beraz, ezinbestekoa da aurkariaren ate aurrean eraginkor aritzea. Bada, hori da bi taldeak denboraldi honetan izaten ari diren gaitz nabarmenetakoa. Realaren kasuan aurreko denboralditik datorren arazoa da. Sasoi honetan hamar gol sartu ditu. Nahiz eta aurrelari petoa ez izan, berriro ere Mikel Oiartzabal ari zaizkio arlo horretan taldeari babak eltzetik ateratzen. Aurreko jardunaldian hark sartutako bi golek eman zieten garaipena txuri-urdinei. Kapitainak lau daramatza, eta atzetik datozen golegileek bakarra sartu dute.
Gaurko neurketari begira, Sergio Franciscok aurrean faltako ditu jokalari garrantzitsuenak: Orri Oskarsson eta Jon Karrikaburu. Biek min hartuta segitzen dute —Yangel Herrera eta Iñaki Ruperez dira jokatu ezinik dauden beste jokalariak—. Aurrelaria izan ez arren, Take Kubo osatu da. Hegalekoak asko ematen dio erasoan taldeari, batez ere buruz buruko jokaldietan. Celtaren eta Sevillaren aurka ez zen aritu, orkatila bihurritu baitzuen aurreko etenean, Japoniako selekzioarekin jokatutako neurketa batean. Azken hiru entrenamenduak osatu ditu taldearekin, eta deialdian sartu du Sergiok, nahiz eta ziurrenik ez den hasieratik arituko. Japoniarraren ordez, litekeena da Guedesek jokatzea. Portugaldarrak oraindik ez du aurkariaren atea zulatu, baina goleko bi pase eman zituen azken partidetan: Balaidosen Celtaren kontra, eta Anoetan Sevillaren aurka.
Realak gaur irabaziko balu, liga eta Espainiako Kopa kontuan hartuta, hirugarren garaipena luke segidan. Otsailetik ez ditu hiru garaipen segidan lortu. Txuri-urdinek Kopako partida jokatu zuten asteartean, eta Sergiok hamaikakoan ohikoak ez diren jokalariei eman zien jokatzeko aukera. Sadiqek eta Gotik aprobetxatu zuten gehien aukera hori. Realak 0-3 hartu zuen mendean Negreira.
Sergiok honela aztertu du gaurko partida: «Oldarkor aritu behar dugu, baloia daukagunean eta ez daukagunean. Horrekin batera, presioan asmatu behar dugu, eta bigarren jokaldiei adi egon. Haien zelaian ere asko jokatzen ahalegindu behar dugu». Irabaztea «bultzada handia» litzateke taldearentzat: «Animoz batez ere aurrerapauso handia litzateke, baita sailkapenari erreparatuta ere».
Selton Sanchez berritasuna
Athleticentzat kolpea izan zen aurreko jardunaldian Getaferen aurka galtzea. Taldea ez dabil hain fin, eta, Realaren antzera, golak sartzeko arazoak izaten ari da. Lehen hamar jardunaldietan jokalari bakar batek ere ez du gol bat baino gehiago sartu. Athleticek 95 denboraldi daramatza gorenean, eta lehen aldia da hori gertatzen dela. Joan den denboraldian dagoeneko Sancetek lau gol zituen zakuratuta. Sasoi honetan, berriz, gol bakarra sartu dute Williams anaiek eta Sancetek. Berengerrek, berriz, ez du bakarra ere sartu, adibidez. Estatistikek ez dute gezurrik esaten: ligan jokatutako hamar jardunaldietan zuri-gorriek bederatzi gol bakarrik sartu dituzte, eta horietako hiru, penaltiz. Realak baino bat gutxiago da hori.
Lesioek izan dute zerikusia horretan. Athleticek leporaino izan du erizaindegia denboraldi hasieratik: Nico eta Iñaki Williams, Sancet, Berenger... Denak egon dira min hartuta. Beñat Pradosek eta Unai Egiluzek luzerako dute, gainera. Gaurko neurketari begira Nico Williams eta Laporte deialdian dira. Williams anaietan gazteena kili-kolo ibili da; atzelariak, berriz, Getaferen aurka min hartu zuen orkatilan. Iñaki Williams eta Iñigo Lekue ez dira garaiz osatu. Gainera, Maroani ebakuntza egingo diote astelehenean belaunean.
Deialdian berritasun nagusia Selton Sanchez da, harrobiko jokalaria. Valverdek onartu du taldea ez dagoela boladarik onenean. «Talde ona gara, baina emaitzak lortu behar ditugu. Sailkapenean ez gaude horren gaizki». Gaurko partida ere aztertu du: «Buruz buruko jokaldiak erabakigarriak izango dira. Halako jokaldietan jokalari trebeak ditu Realak, eta zaindu egin behar ditugu. Ez dut uste ez talde batek ez besteak galtzeko beldurrik izango duenik». Ikusteko dago Valverdek txandakatzeak egiten dituen. Izan ere, aste barruan Kopako partidarik izan ez duten arren, asteazkenean partida garrantzitsua du Athleticek Txapeldunen Ligan, Newcastleren aurka.
Reala-Atheltic
Reala: Remiro; Aramburu, Jon Martin, Zubeldia, Sergio Gomez; Gorrotxategi, Soler, Brais Mendez; Guedes, Barrenetxea eta Oiartzabal.
Athletic: Unai Simon; Areso, Vivisn, Paredes, Yuri; Jauregizar, Galarreta; Berenger, Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta.
Epailea: Munuera Montero.
Tokia: Anoeta.
Ordua: 18:30 (La Liga).