Erlijioa herriaren opioa zela esan omen zuen Karl Marxek 1884an, eta esaldiak XX. mendera jauzi egin zuenean, futbola zen herriaren opioa. Izango da futbolak eta erlijioak asko dutelako komunean. Parrokiak nonahi, jainkotutako jokalariak sarri, fanatismoa usu. Eta fedea; frogatu ezin den horren gaineko sinesmena.
Realak Sevilla zuen arerio Anoetan Ligako hamargarren jardunaldian, eta, aurreko bederatzietako emaitzak ikusita, errezatzeko motiboak zituzten estadiora joandako 30.000 pasa ikuslek, etxekoen garaipena ikusi nahi bazuten. Emaitzak eskuan, baikor izateko froga gutxi eman dituztelako oraingoz txuri-urdinek. Baina, noraezaren garaian, Mikel Oiartzabal da taldearen argia. Zale asko ez dira bere fededunak, aurrelari peto-petoa ez delakoan, baina eibartarrak bere bi golekin eman dio Realari sasoiko bigarren garaipena eta, bide batez, Sergio Francisco entrenatzaileari hauspoa, aulkian jarrai dezan.
Irungo prestatzaileak gauza bakarra eskatu zuen udan: giharra. Ekarri zioten Yangel Herrera, baina venezuelarra hautsita zegoen, eta asteak behar zituen osatzeko. Sergiok udan nabaritzen zuen indar falta hori sumatu da lehen asteetan, talde hauskorra izan baita momentu askotan. Baina osatu zen Herrera, eta bazirudien Sergiok gero eta definituago izan zezakeela bere zelai erdia; Herrera - Gorrotxategi - Brais hirukoa, bai Vigon, bai bart Anoetan. Atzeko lerroa ere moldatu du, Duje Caleta-Car aulkian utzi eta Jon Martin Igor Zubeldiaren alboan jarrita. Etxekoak ez dira dominatzaile irten zelaira, baina 20. minuturako aurretik ziren markagailuan, Cardosok area barruan baloia eskuarekin jo, eta penaltia Oiartzabalek sartuta. Oparia, behingoz, ez zuten etxekoek egiten. Zerbait ari zen aldatzen Anoetan.
Zerbait; ez dena. Sergioren Realak zorigaiztoa ere lagun —edo etsai— izan baitu sasoi honetako une batzuetan, eta mamuak berriro agertu dira hiru minutuko epean. 30.ean, Sevillak berdinketaren gola eginda; Gudeljek area ertzetik jaurti, eta baloia sarera, Gorrotxategik nahi gabe desbideratuta. Errebotea ere Realaren kontra. Eta hiru minutura, Herrera lurrera; min hartuta joan da venezuelarra zelaitik. Bazirudien Sergioren patua Yangel Herreraren zuntzetan idatzita zegoela.

Norbere patua norbaiten oinetan utzi behar izanez gero, ordea, hobe da fedea kapitainarengan uztea. 36. minutuan, bigarren oparia egin du Sevillak; bere area ertzean alboko sakea zuen, baina Carmonak baloia Braisi eman dio zuzenean, eta hark Oiartzabali; eibartarrak, area txikitik gertu baina atea bizkarrez zuela, buelta erdia eman, eta baloia gurutzatuta sartu du. Bakarren batek omen dauka aldi berean nonahi egoteko gaitasuna, baina Oiartzabalek badu egon behar duen lekuan egoteko ahala. Hamar jardunalditan, lau gol. Horri gehitu behar zaizkio, bart gaueko partidan, arriskua sortzeko ahalmena, partidaren tempo-a irakurtzekoa, eta horren arabera jokatzekoa. Izerdia eta adimena. Hamar urte dira gaur Realarekin debutatu zuela.
Hortik aurrera, heldutasunez jokatu dute txuri-urdinek bigarren zatia: ahal zutenean, bizi, jokoari kolorea emanda, konbinazio onak eginez; baina, batez ere, sendo defentsan, pitzadura handirik erakutsi gabe, boteretsu aireko jokoan, eta Sevillari aparteko aukerarik utzi gabe. Azken minutuetan Realak uko egin dio baloiari, baina jokalariek, bereziki bigarren zatian zelairatutako Turrientesek eta Zakharyanek, erruz egin dute presio Sevillaren baloi irteeran; azken asteetan ezohikoa den sendotasunez eutsi dio taldeak garaipenari, zaleak Karrikabururentzat iritsi ez diren minutuak eskatzen ari ziren bitartean. Realak arerioak baino lehia gehiago irabazi ditu partidan zehar, eta hori hirutan baino ez da gertatu hamar jardunaldiotan. Zerbait ari zen aldatzen Anoetan.
Hiru puntuak lortuta, arnasa lasaiago hartuko du Sergiok, momentuz; bederatzi puntu ditu Realak lor zitzakeen 30etatik, eta, asteburuko emaitzen zain, burua zulotik ateratzeko moduan da. Datorren larunbatean Athletic hartuko du Anoetan (18:30).
Reala - Sevilla:
Reala: Remiro; Sergio Gomez (Pablo Marin, 86. min), Zubeldia, Jon Martin, Aramburu; Yangel Herrera (Soler, 33. min), Gorrotxategi, Brais (Turrientes, 69. min); Barrenetxea, Oiartzabal, Guedes (Aihen, 69. min).
Sevilla: Vlachodimos; Suazo, Marcao, Cardoso (Ejuke, 52. min), Carmona; Gudelj, Agoume (Peque, 53. min), Vargas, Sow (Alfon, 79. min), Alexis (Juanlu, 52. min); Isaac Romero (Akor Adams, 66. min).
Golak: 1-0: Oiartzabalek, penaltiz (20. min.); 1-1: Gudeljek (30. min); 2-1: Oiartzabalek (36. min).