Ordena asko eta freskotasun gutxi. Ez da golik izan Realak eta Athleticek Anoetan jokatu duten derbian. Ligan dituzten helburuei eta bakoitzaren egoerari begiratuta, eta jokalariek aitortu duten moduan, puntuak zapore gozoagoa du Athleticentzat Realarentzat baino. Txuri-urdinek hirunaka batzen hasi beharra dute datorren denboraldian Europan jokatu nahi badute, eta zuri-gorriek, begi bat Manchesterren dutela kontuan izanda, ontzat jo dute puntua.
Egoera ikusita, Ernesto Valverdek zenbait aldaketa egin ditu hamaikakoan. Guruzetak jokatu du aurrelari postuan, Unai Gomezek zelai erdian, Gorosabelek eta Lekuek defentsan... Realean, berriz, lesionatuta egon den Nayef Aguerd izan da berrikuntza nagusia, atzealdean Jon Martinekin bikotea osatzeko. Bere azken derbia zuzendu du Imanol Alguacilek, eta markari eustea lortu du: Anoetan ez du inoiz galdu Athleticen kontra.

Lehen zatia oso lehiatua izan da. Zelai erdian aurrera eta atzera ibili da baloia, baina bi taldeak ondo kokatu zeuden defentsan eta tarte gutxi utzi dizkiote aurkariari. Realak baloi jabetza gehiago izan du, eta Unai Simonen areara ere gehiago gerturatu da, baina ez du hiru zutoinen artera errematatu ere egin. Alde batean zein bestean, jokaldi arriskutsuenak presioari esker berreskuratutako baloietan heldu dira.
Atsedenaldiaren ostean hasi da zerbait irekitzen partida. Iniziatiba hartu du Realak, eta Athleticen area ingurura lehen 45 minutuetan baino gehiago gerturatu da. Korner batean izan du abagune argiena: Sergio Gomezen erdiraketa ondo errematatu du buruz Brais Mendezek, baina ederki erantzun dio Simonek. Bigarren jokaldian, Jon Martini kanpora joan zaio burukada. Ez du askoz lan gehiago izan zuri-gorrien atezainak.
Golik ez
Bi entrenatzaileen aldaketek, ordea, ordena berrezarri dute, eta erritmoa geldotu da berriro ere. Gogo gehiago erakutsi du Realak, kontraerasorako aukerak aprobetxatzen saiatu da Athletic, baina alferrik izan da.
Sailkapen nagusian Reala hamaikagarren da 43 punturekin, eta puntu batera du 8. postua. Txuri-urdinek ez dute egutegi erraza, ordea. Athletic, berriz, laugarren da 61 punturekin. Hiru puntu atzetik du bosgarren sailkatua, Vila-Real, eta lau atzetik seigarrena, Betis.