Realak gaur jokatuko du Espainiako Kopako final-laurdenetako partida, Zubietan, Badalonaren aurka (19:00, DAZN). Txuri-urdinek aukera ona dute lehiaketa horretan beste urrats bat egiteko. Batetik, zorte ona izan zuten zozketan, aurkari indartsuak saihestu, eta ustez koska bat beherago dagoen talde bat egokitu baitzitzaien: ligan, Reala hirugarren postuan dago, 38 puntu bilduta; Badalona, berriz, zazpigarren, 26 puntu batuta. Elkarren aurka jokatutako neurketan, 0-2 irabazi zuen Arturo Ruizek entrenatutako taldeak.
Hori aski ez, eta abantaila izango du Realak, etxean jokatuko baitu. Oso garrantzitsua da hori, kontuan hartuta partida bakarrera jokatuko dela kanporaketa. Txuri-urdinak gogotsu daude Kopan bere zaleen aurrean jokatzeko, 2023tik ez baitute halakorik egin:Â azken bi ekitaldietan etxetik kanpo aritu dira beti. Oraingoan, ordea, etxean jokatuko dute, eta abantaila horri etekina atera nahi diote.
Hala ere, ezin dira deskuidatu, Badalona indartsu baitabil azkenaldian, eta horren erakusgarri da ligan jokatu dituen azken hiru partidetan gailendu izana: Deportivoren, Madril CFFren eta Eibarren aurka.
Ruizek atzo nabarmendu zuen «oso egun garrantzitsua» dela gaurkoa taldearentzat. «Finalerdi bat dugu jokoan, eta gainera, etxean jokatzekoak gara. Gozatu egin nahi dugu, eta txapelketan jarraitu». Prestatzaileak honela aztertu zuen gaurko norgehiagoka: «Beti dago zer hobetua, baina guk asteak daramatzagu mailarik onenetik gertu, eta hori zaila da; Badalona, berriz, emaitza onak lortzen ez ezik, oso ondo lehiatzen ere ari da. Espero dugu gure jokoa eginda eta gure nortasuna eta energia baliatuta aurrera egitea». Intza Egiguren jokalariak berretsi zuen «partida gogorra» izango dela. «Badalona aurkari deserosoa da, baina baikorrak gara».