«Ufa». Realzale batek baino gehiagok horixe esango zuen gaur Anoetatik ateratzean. Behingoz, txuri-urdinek garaipen eroso bat lortzeko aukera izan dute gaur Koruñako Deportivoren aurka, baina partida ondo bideratuta zutela zirudienean, konplikatu egin zaie. Gogotik sufrituta irabazi dute (3-2), eta sailkapen nagusian seigarren postura egin dute jauzi.
Rino Matarazzok zelairatu duen hamaikakoan ezusteko ugari izan dira: Marin defentsan, Zakharian aurrelari lanetan... eta plana, lehen zatian behintzat, ederki atera zaio prestatzaileari. Deportivo indartsu zelairatu da, baina, minutuek aurrera egin ahal, geroz eta erosoago sentitzen hasi da Reala.Â
Txuri-urdinek ez dituzte jokaldi arriskutsu asko sortu, baina izan dituztenak sareetara bidali dituzte. Lehenengoa, 29. minutuan;Â Solerrek ateratako korner bat bikain errematatu du, bigaren zutoinean, Jon Martinek. Bost minutu geroago, Zakharianek aldaratze bat jaso du area ertzean, eta, ezkerrez, bikain amaitu du jokaldia errusiarrak. Lehen zatian aipatzeakoa izan da Mamadou Sarr atzelariaren lan ona ere.
Aldagelatik hobeto itzuli da Galiziako taldea, baina Reala izan da, berriro, saria izan duena. Guedesek sartu du 3-0ekoa kontraeraso azkar batean, Anoetako zaleen gozamenerako.
Larri
Matarazzoren Realarekin, baina, ez dago partida lasairik. 61. minutuan 3-1ekoa sartu du Sorianok area ertzetik, eta jarraian, korner batean, Marinek Nsongo heldu du, aurrelaria lurrera erori da, eta epaileak ez du bitan pentsatu: penaltia eta txartel gorria. Yeremayk sartu du, eta azken hogei minutuei jokalari bat gutxiagorekin egin behar izan die aurre Realak.
Remiro izan da azken minutu horietan disdira egin duen txuri-urdina. Atezainak hiruzpalau geldiketa garrantzitsu egin ditu, eta Oiartzabalek 89. minutuan probokatu duen txartel gorriarekin batera, hiru puntuak Anoetan geratzea lortu dute. Eskerrak.