Futbola

Realak ez du berriro amildegira erori nahi

Azken bi partidak galdu ostean, Realak irabazi egin behar dio gaur Gironari, Anoetan. Herrialde Katalanetako taldeak Donostiakoak baino lau puntu gutxiago ditu, eta jaitsiera postuetan dago.

Realeko jokalariak aste honetan egindako entrenamendu batean. ANDER URIA
Realeko jokalariak aste honetan egindako entrenamendu batean. ANDER URIA
2025eko abenduaren 12a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldi hasierako mamuak agertu dira berriz ere Realean. Txuri-urdinek liga hasiera kaskarra egin zuten, baina Celtaren aurka azken unean puntu bat lortu ostean, lau neurketa egin zituzten galdu gabe. Hala, zulotik irten, arnasa hartu eta bazirudien gora egiten hasteko moduan zirela. Baina azken bi partidak galdu egin dituzte: 2-3 Vila-realen aurka, eta 1-0 Alavesen kontra. Ondorioz, atzera egin du berriz ere Sergio Franciscok zuzentzen duen taldeak. Arabarren kontra, gainera, eskas jokatu zuen, batez ere lehen zatian. Reala hamalaugarren postuan dago sailkapenean, hamasei punturekin; lau puntura ditu jaitsiera postuak. 

Hain zuzen ere, Girona da jaitsiera postuetan dagoen lehen taldea, eta gaur bisitan izango du ligako hamaseigarren jardunaldiko neurketan. Beraz, partida biziki garrantzitsua izango da txuri-urdinentzat, berriz ere sailkapenaren behealdean egoteak dakarren egonezina eta kezka ez sentitzeko (21:00, Dazn); hau da, berriz ere amildegira ez erortzeko. Datorren asteburuan ere beste partida garrantzitsu bat jokatuko du, Levanteren zelaian. Herrialde Katalanetako taldea azken postuan dago, bederatzi punturekin. Bi neurketak irabaziz gero, Realak arnas apur bat hartuta amaituko du urtea. Bestela, egoera are gehiago korapilatuko da, eta baliteke berriz ere Sergio Franciscoren etorkizuna zalantzan egotea.

Realeko entrenatzaileak atzo esan zuen argi zuela ez zela erraza izango, eta nahiago zuela emaitza hobeak lortu hasieran, «lasaitasun handiagoa» izateko, baina gauzei «datozen bezala» heldu behar zaiela adierazi zuen. Galdetu zioten ea zer iritzi duen bezperan egindako akziodunen batzarrean Jokin Aperribaik hura karguan berretsi ez izanari buruz, eta zera esan zuen: «Erik [Bretos, futbol zuzendaria] eta Jokin oso gertu sentitzen ditut. Ez dut behar publikoki haiek nire karguan berretsi nazaten. Gironaren aurkako partida da helburua. Min egin zigun Gasteizen gertatu zenak, eta gogotsu gaude horri buelta emateko».

Taldearen egoera ona ez bada ere, ez da denboraldi hasierakoa bezain iluna. Badu ordutik hobetu duen alderdi bat: erasoko jokoa. Alavesen aurkako azken partidan kenduta, donostiarrak erritmo azkarragoa ari dira erakusten erasoan, eta gol aukerak sortzeko gaitasuna handitu dute. Ligako lehen zortzi partidetan 0,88 gol sartu zituzten partidako; azken zazpi jardunaldietan, berriz, 1,7. Gainera, hainbat jokalarik sartu dituzte golak: Gonçalo Guedesek, Ander Barrenetxeak, Carlos Solerrek, Brais Mendezek eta Jon Gorrotxategik, adibidez, aurkariaren atea zulatu dute.

Atzeko lerroan dute orain hutsune nagusia. Realak ez du aurreko denboraldietako sendotasunik, eta hori hasia da emaitzetan islatzen: partidako 1,47 gol jaso dituzte txuri-urdinek. Ligan partida bakar batean utzi dute atea hutsean: Mallorcaren aurka (1-0). Trantsizioetan eta geldikako jokaldietan gol asko jasotzen ari dira. Bigun ari dira halako jokaldietan. Igor Zubeldia, Duje Caleta-Car, Jon Martin eta Aritz Elustondo dira taldeko erdiko atzelariak. Sergio Franciscok mugitu egin ditu probak egiteko, baina asmatu ezinik dabil. Atea hutsean uzten hastea erabakigarria izango da gora egiten hasteko. 

Aurkaria ere behartuta

Girona ere ez dago egoera samurrean. Duela bi denboraldi ligan hirugarren geratu ostean, Txapeldunen Liga jokatu zuen aurreko sasoian lehen aldiz. Ligan, ordea, ozta-ozta eutsi zion mailari, eta denboraldi honetan ere lehengo lepotik du burua. Jaitsiera postuetan dagoen lehen taldea da: hemezortzigarren dago, hamabi punturekin. Beraz, Realak adinako beharra dauka. Michelek zuzentzen du taldea, eta jokalari onak ditu. Udan, esaterako, Azzedine Ounahi erdilaria fitxatu zuen. Sormen handiko jokalaria da marokoarra, eta lerroartean paseak emateko gaitasun handia du. Ivan Martin, Axel Witsel eta Bryan Gil jokalariekin ere erne ibili beharko dute txuri-urdinek. Realaren antzera, atzean arazoak izaten ari da Girona, eta Paulo Gazzaniga atezaina kritika ugari jasotzen ari da azken partidetan egindako akatsengatik. 

Ikusteko dago Zubeldiaren lesioak zer bilakaera duen, eta ez dago ziur gaur jokatuko duen. Deialditik kanpo geratu dira Orri Oskarsson, Yangel Herrera eta Mikel Oiartzabal, min hartuta baitaude oraindik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.