Partida txarra jokatu ez duen arren, Reala esku hutsik gelditu da Anoetan, Real Madrilen aurka jokatutako neurketan: 1-2. Beste behin ere, atzetik hasi da markagailuan Sergio Franciscoren taldea. Mbappek sartu du madrildarren lehen gola, Mikel Gotik zelai erdian egindako akats baten ostean. Erdilariak ez du batere zapore gozoa izan estreinaldian. Nagusi izan da Xabi Alonsoren taldea, eta zelaian halaxe islatu du. Bisitariak 0-2 joan dira aurretik atsedenaldira, baina jokalari bat gutxiagorekin. Gil Manzano epaileak txartel gorria atera dio Huijsen atzelariari. Real Madrileko jokalariak Oiartzabal oztopatu du kontraerasoan, eta, azken jokalaria izanik, epaileak kaleratzea erabaki du. Bigarren zatia, berriz, oso bestelakoa izan da. Txuri-urdinek beste itxura bat eman dute, eta aurkariak baino hobeto aritu dira. Atzean sartu dute Real Madril, baina Oiartzabalek penaltiz egindako gola ez da nahikoa izan partida iraultzeko. Sergio Franciscoren taldeak lau partida daramatza hiru puntu bildu ezinik.
Realaren hamaikakoan berritasun nagusia Mikel Goti izan da, neurri handi batean Sucic eta Brais Mendez deialdian sartu ez direlako. Kroaziarrak sukarra du, eta galiziarrak haustura bat sudurrean. Gainerakoan, denboraldi honetan hasieratik estreinakoz aritu dira Aritz Elustondo eta Gonçalo Guedes, Take Kuboren eta Jon Mikel Arambururen kaltetan. Azken horiek soilik atzoko entrenamendua osatu zuten, beren selekzioekin aritu ondoren.
Neurketa hasi eta berehala, Real Madrilek lehen abisua eman du. Susto ederra hartu dute Anoetara bertaratu diren 36.958 zaleek. Gulerrek baloia sarera bidali du, baina epaileak jokoz kanpo adierazi du. Bigarren abisua Mbappek eman du, Real Madrilen izarrak. Baina frantziarraren errematea urruntzea lortu du Remirok. Hirugarren saiakeran, ordea, Xabi Alonsoren jokalariek ez dute barkatu. Gotik baloia galdu du zelai erdian, eta Frantziako aurrelariak ez du errukirik izan kontraerasoan: 0-1.
Bisitariak nagusi izan dira baloiarekin, eta geldikako jokaldietan arrisku handia sortu dute, batez ere Militaorekin. Gertu izan dute gola, baina Remirok bizpahiru gelditu on egin ditu. Aurkaria arriskurik handiena sortzen ari zen unean, orduantxe adierazi dio epaileak txartel gorria Huijsen atzelariari, 32. minutuan. Oiartzabali bultzada eman dio, Realeko jokalaria areara bakarrik zihoala.
Itxuraz neurketak Realaren alde behar zuenean, madrildarren bigarren kolpea iritsi da. Arean sartuta, Mbappek Elustondo gainditu du buruz buruko jokaldi batean, Gulerri atzera eman dio pasea, eta hark sarera bidali du baloia. Kolpe latza izan da txuri-urdinentzat.
Solerrekin eta Takerekin, hobeto
Bigarren zatia oso bestelakoa izan da. Reala, ohikoa duen moduan, jokoan nagusi izan da, eta baloiaren jabetza izan du. Donostiarrak behin baino gehiagotan gerturatu dira Courtoisen atera, eta saiakera horietako batean iritsi da saria. Madrildarren areara egindako erdiraketa batean, Carvajalek eskuarekin ukitu du baloia, eta epaileak penaltia adierazi du. Hamaika metrotik, Oiartzabalek ez du huts egin (1-2). Denboraldi honetako lehen gola sartu du eibartarrak.
Horren ostean, Sergio Franciscok aldaketak egin ditu. Solerrek eta Kubok jarri diote gatza eta piperra Realaren jokoari, batez ere japoniarrak. Eskuin hegaletik zenbait jokaldi arriskutsu sortu ditu, baina bakar batek ere ez du golik ekarri. Oiartzabalek ere izan ditu pare bat aukera, baina ezerezean geratu dira. Horrelaxe amaitu da neurketa Anoetan. Itxura txarra eman gabe, baina oraindik ere irabazi ezinik dabil Reala.
Reala 1-2 Real Madril
Reala: Remiro; Elustondo (Aranburu, 56. min), Zubeldia, Calet-Car, Sergio Gomez; Gorrotxategi (Karrikaburu, 77. min.), Marín (Zakharian, 65. min), Goti (Soler, 56. min); Barrenetxea, Guedes (Kubo, 65. min.) eta Oiartzabal.
Real Madril: Courtois; Carvajal (Alexander-Arnold, 82. min.), Militao, Huijsen, Carreras; Tchouameni, Ceballos (Asencio, 67. min.), Guler (Alaba, 87. min.); Brahim (Valverde, 45. min.), Vinicius (Fran García, 67. min.) eta Mbappe.
Golak: 0-1:Mbappek (12. min.); 0-2: Gullerek (44. min); 1-2: Oiartzabalek (55. min. penaltiz).