Reala lo itzuli da bi asteko etenalditik. Txuri-urdinek bolada onari segida emateko aukera ederra zuten Racingen aurka, baina ez dira fin ibili: defentsan huts larriak egin dituzte, eta erasoan, abagune mordoxka izan duten arren, ez dute asmatu.
Rino Matarazzoren taldea gaizki zelairatu da. Hasi bezain pronto abisu bat edo beste eman du Racingek, eta bosgarrenean sartu du lehen gola, eskuin hegaletik egindako jokaldi batean. Zabiri izan da golegilea, bi minutu geroago etxekoen bigarrena sartu duen jokalari bera. Aurrelari marokoarrak Alex Remirori baloia ostu dio area ertzean, eta sarera bultza bakarrik egin behar izan du. Ez sinestekoa izan da atezainaren akatsa. Ohartzerako, 2-0 galtzen ari zen Reala.
Ezinbestean, erasora jo dute txuri-urdinek. Racingek, irabazten joan arren, hutsune ugari utzi ditu zelaian, eta aprobetxatu ditu Matarazzoren taldeak. Behin eta berriz ahalegindu dira Guedes, Oskarsson, Sucic eta konpainia. Azkenean, atsedenaldira esku hutsik helduko zirela zirudienean iritsi da gola: Sergio Gomezek egin du jokaldia hegaletik, eta atzelariaren erdiraketa Oiartzabalek bidali du sarera, baloia gaizki jo duen arren. Lehen zatian hamabost erremate egin ditu Realak.
Asmatu ezinda
Bigarren zatira ere indartsu atera da Racing, baina segituan berreskuratu du kontrola Realak. Atzean sartu da etxeko taldea, eta korner batean iritsi da berdinketa: Guedesek area kanpotik indartsu jo du baloia, eta huts egin du Julen Agirrezabala atezainak, geratzeko modukoa baitzen jaurtiketa.
Realak zailena egin zuela zirudienean, ordea, Iñigo Vicentek pase bikain bat eman dio Zabiriri, eta Remirok penaltia egin dio aurrelariari. Canalesek sartu du, eta partida berriz ere maldan gora jarri zaie txuri-urdinei. 68. minutua zen oraindik. Berdinketa lortzeko aukerak izan dituzte, baina ez Oskarsson, ez Guedes, ez Oiartzabal ez dira fin ibili.