Punturik gabe, baina indartuta irten da Reala Montjuiceko olinpiar estadiotik. Txuri-urdinek ez dute ondo hasi denboraldia, baina gaur partida ona egin dute ligako oilarretako baten aurka, eta gutxi falta izan zaie sariren bat eskuratzeko. Markagailuan aurrea hartu dute lehen zatian, ezusteko golegile bati esker: Alvaro Odriozolari esker. Gero, Koundek eta Lewandowskik eman diote garaipena Bartzelonari.
Odriozola izan da berrikuntza nagusia Sergio Franciscoren hamaikakoan. Donostiarrak zenbait hilabete zeramatzan jokatu gabe, eta gaur ere, izatez, ez zen hasieratik hastekoa. Jon Mikel Aramburuk, ordea, min hartu du beroketan, eta Odriozola zelairatu behar izan du prestatzaileak. Nolakoa den futbola, donostiarrak Reala aurretik jartzeko gola sartu du 31. minutuan, kontraeraso batean Barrenetxearen erdiraketa bat baliatuta.
Ikusi gehiago
Realak Bartzelonari utzi dio baloiaren jabetza partidaren hasieran, atzean sartu da, eta kontraerasoan bere aukerak baliatzen ahalegindu da. Ondo atera zaio jokaldia Franciscori; Bartzelonak baloia erabili bai, baina oso arrisku gutxi sortu du, eta sortu duena geldikako jokaldietan sortu du. Rashforden erremate bat izan da etxekoen aukerarik argiena, baina ikusgarri erantzun dio Remirok. Partida bikaina egin du Cascantekoak.
Baina ezin izan du ezer egin 43. minutuan, Koundek buruz bakar-bakarrik errematatu duen korner jaurtiketan.
Abaguneak bientzat
Atsedenaldiaren ostean, ireki egin da partida. Horri esker, lehen zatian baino gol aukera gehiago izan dituzte txuri-urdinek, baina Bartzelonak asmatu du. Lamine Yamalek —lesio batetik itzuli berri da—, zelaira sartu berritan, jokaldia egin du hegaletik, eta Lewandoskik sartu du 2-1ekoa, buruz.
Azken minutuetan bi taldeek izan dituzte gola sartzeko aukerak. Realaren argiena, Take Kuboren bat, eta Bartzelonarena, beste behin, Lewandowskiren bat. Biek zutoina jo dute. Punturik ez, baina indartuta itzultzeko moduko norgehiagoka egin du Realak.