Realak hiru puntuak behar zituen Europa ligako lehen ligaxkan aurreneko zortzien artean sailkatzeko borrokan segitzeko. Bada, gaur, erakustaldia emanda lortu ditu. 0-6 irabazi du Norvegian, Lillestromen aurka, eta Europan lortu duen garaipenik handiena berdindu du. Duela 9 urte, 2017ko urriaren 19an, 0-6 irabazi zion Vardarri.Â
Orduan Mikel Oiarzabalek sartu zuen txuri-urdinen lehen gola. Gaur berriz, denboraldi honetako partidarik onena jokatu du. Realeko kapitaina kostata ari zen sasoi hasieran, Munduko Koparen ondoren apenas egin baitzuen denboraldiaurrerik taldearekin. Igandean, Espainiako ligan denboraldiko lehen bi golak sartu zituen, eta gaur, Oslon, lehen zati bikaina jokatu du. Pellegrino Matarazzok aurrean kokatu duen arren, batetik bestera mugitu da. Maiz jaitsi da punta erdira baloia jasotzera, eta hura izan da taldekideei golak sartzeko paseak eman dizkiena.Â
Txuri-urdinek hiru gol sartu dituzte lehen zatian, eta kapitaina izan da hiruretan golegileei pasea eman diena. Bigarren zatian, Realak ondo kudeatu du errenta, eta beste hiru aldiz zulatu du aurkariaren atea. Gainera, bere atea hutsean utzi du, eta partidaren kontrola izan du une oro. Biribila izan da gaua donostiarrentzat.Â
Matarazzok Zubeldiaren alde egin du eskuin hegalean jokatzeko. Erasoari begira, berriz, bi aldaketa egin ditu. Barrenetxea eta Oskarsson aulkian geratu dira, eta Sucic eta Guedes aritu dira hasieratik. Lehen minutuetan bi taldeek zuzen jokatu dute. Baina minutuak aurrera joan ahala, espero bezala, Lillestromek Realari utzi dio baloiaren jabe izaten. Txuri-urdinei, ordea, kosta egin zaie etxekoen defentsako egituran zuloak topatzea. Horretarako, biziago mugitu behar zuen baloia. Lillestrom, berriz, eskuinetik saiatu da min egiten, batez ere Felix Valen buruz buruko jokaldiekin. Angolako aurrelariak estu hartu du hainbat jokalditan Zubeldia. Argienetako bat 18. minutuan izan da. Val bakarrik geratu da, baina gurutzatuegi errematatu du baloia.Â
Pixkanaka, etxekoak nagusituz joan dira, ondo egin baitute presioa Realak baloia atzetik atera duenean. Gainera, txuri-urdinei oldarkorrago aritzea faltatu izan zaie, baloia leku arriskutsuetan lapurtu eta aukerak sortzeko. Deseroso ari zen Reala.Â
Baina minutu eskasean txuri-urdinek bi gol sartu dituzte, eta goitik behera aldatu da partida. Oiarzabalek eta Sergio Gomezek egindako bi jokalditan izan da. Normalean, ezker hegalekoa izaten da kapitainari golak sartzeko paseak ematen dizkiona. Baina gaur alderantziz izan da. Sergio Gomezek zulatu du bitan norvegiarren atea; aurrena, erremate indartsu batekin (25. min.), eta, gero, punpa laster egindako jaurtiketa batekin (27. min.). Gainera, segidan iritsi da hirugarrena. Berriro ere Oiarzabal agertu da punta erdian. Sucici pase bikaina eman dio, eta hark ez du barkatu. Ikusgarria izan da Realak aurrean erakutsi duen eraginkortasuna (33. min.). Hala, ia erabakita utzi du neurketa. Zailena egina zuen. Baina beste erronka bat zuen aurrean: norgehiagoka kontrolatzea eta atea hutsean uztea, horixe izaten baita gehien kostatzen ari zaiona, eta oraingoan lortu du.
Beste hiru gol
Bigarren zatia hasi eta berehala, etxekoek penalti bat izan dute alde. Reala oso atzean sartu da baloi bat defendatzeko garaian, eta Jon Martinek penaltia egin dio Olseni. Baina, beste behin, Marrerok penaltiak geratzeko duen gaitasuna erakutsi du. Izan ere, gelditu egin dio jaurtiketa Olseni berari.Â
Huts egin ez duena, ordea, Sucic izan da. Lillestromek gaizki atera du baloia, eta hori baliatu du kroaziarrak norvegiarren atzelari bat atzean utzi eta erremate gogor batekin gola sartzeko (72. min.). Garaipena Zakharianek biribildu du. Baloia area ertzean jaso du errusiarrak, eta, oinaren barrualdearekin, bikain jaurti du baloia sarera (80. min.).Â
Txuri-urdinek igandean izango dute hurrengo partida, etxean, Levanteren kontra. Bihar, berriz, Alavesek jokatuko du. Sailkapenean azken postuan dagoenaren kontra jokatuko du, Malagaren kontra, azken partidetan izan duen emaitza bolada txarra eteteko asmoz (21:00, Movistar+).
Lillestrom-Reala
Lillestrom: Dahlberg; Ottesen (Ranger, 72. min.), Moen Foss, Gabrielsen, Paintsil; Ibrahimaj, Ottosson, Nyheim (Melland, 88. min.); Bassi (Kitolano, 46. min), Olsen (Nordh, 83. min.) eta Vl (Gulbrandsen, 72. min.).
Reala: Marrero; Zubeldia, Sarr (Pacheco, 46, min.), Jon Martin, Sergio Gomez; Gorrotxategi (Turrientes, 66. min, 66), Carlos Soler; Kubo (MarĂn, 58. min.), Sucic (Zakharian, 48. min), Guedes eta Oiartzabal (Oskarsson, 58. min.)
Golak: 0-1: Sergio Gomezek (25. min.). 0-2: Sergio Gomezek (27. min.). 0-3: Sucicek (33. min.). 0-4: min Oskarssonek (64. min.). 0-5: Sucicek (72. min.). 0-5: Zakharianek (80. min.)