Realak indartuta eta berrituta ekin dio denboraldiaurreari

Talde txuri-urdinak gaur egin du lehen entrenamendua. Aulkian Arturo Ruizek hartu du Jose Luis Sanchez Veraren tokia. Gainera, bederatzi jokalarik utzi dute taldea, eta sei fitxaketa egin dituzte.

Realaren lehen entrenamendua, Zubietan. REALA
Realaren lehen entrenamendua, Zubietan. REALA
ainara arratibel gascon
2025eko uztailaren 18a
17:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Realeko jokalariek denboraldiko lehen entrenamendua hasiko dute. Irribarreak, ilusioa... Eta ohikoa den moduan multzoaren argazkia. Bada, irudi horrek ez du zerikusirik aurreko sasoikoarekin. Itxuraldatu eta indartu egin baita talde txuri-urdina uda honetan. Hasteko, Z7 zelai eraberrituan jokatuko dituzte neurketan, obrak amaitzear baitira. Baina, batez ere, multzoan izan dira aldaketak; aulkitik hasita, gainera: Arturo Ruizek zuzenduko du taldea, Jose Luis Sanchez Veraren ordez.

Gainera, bulegoetan ere lan eta lan aritu dira Garbiñe Etxeberria eta Maider Castillo kirol zuzendaria. Aurreko denboraldia amaitu ostean taldea utzi zuten bederatzi jokalariak ordezkatzeko, sei fitxaketa egin dituzte. Halaber, harrobiko hainbat jokalarik lehen talderako urratsa egin dute, eta beste multzo txiki batek aukera izango du talde nagusiarekin denboraldiaurrea egiteko.

Aurreko denboraldia gorabeheratsua izan zen talde txuri-urdinarentzat. Natalia Arroyoren lau urteko aroaren ostean, Jose Luis Sanchez Verak hartu zuen taldearen lema. Ondo hasi ziren, eta hirugarren postuan ere egon ziren. Baina, otsaila hastearekin batera, gauzak korapilatu egin ziren. Taldeak hamabi neurketa kateatu zituen irabazi gabe, eta Europarako postuetan egoteko borroka horretatik aldendu zen. Azkenean, zazpigarren amaitu zuen. Gainera, bitarte horretan, nahiz eta beste denboraldi baterako kontratua izan, Sanchez Verak iragarri zuen ez zuela jarraituko taldea zuzentzen.

Haren ordezkoa, aipatu bezala, Arturo Ruiz da. Gaur zuzendu du lehen saioa Z7ko zelaian. Granadatik ailegatu da. Espainiako taldeak ezustea eman zuen aurreko sasoian: bosgarren amaitu zuen ligan, eta finalerdietara iritsi zen Espainiako Kopan. Jokatzeko moduan sakondu gabe, fitxaketa ofiziala egin zen egunean dituen asmoez mintzatu zen Ruiz: «Ilusio handiz nago lanean hasteko, eta ohore handia da hemen lan egiteko aukera izatea. Bidea ederra izatea nahi dut. Batua dagoen eta zoriontsua den multzo bat osatu nahi dut, zelaian Realaren balioak islatzen dituena».  Gaur ekin dio horretarako lanari.

Ruizek lehen taldeko jokalari guztiak izan ditu bere aginduetara, Andreia Jacinto eta Violeta Quiles izan ezik. Jacinto oporretan da oraindik, Eurokopa jokatu baitu Portugalgo selekzioarekin; Quilesek, berriz, belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen aurreko sasoian, eta osatzeko bidean da. 

Atetik hasi eta aurrealdera

Aipatu bezala, taldea asko aldatu da aurreko sasoitik, bederatzi jokalarik utzi baitute taldea: Elene Letek (London City), Olatz Santanak (Athletic), Ane Etxezarretak (Eibar), Manuela Vanegasek (Brighton), Izarne Sarasolak (Naoned), Elene Vilesek (Alaves), Lorena Navarrok (Levante Badalona), Sanni Franssik (Londo City) eta Amaiur Sarriegik (Atletico Madril).

Lerro guztietan izan ditu berritasunak talde txuri-urdinak. Atea zaintzeko ardura Julia Arrulak eta Alazne Estensorok izango dute. Biek lehen talderako urratsa egin dute. Arrulak aurreko denboraldian egin zuen debuta gorenean, San Mamesen, Athleticen aurkako partidan. Estensorok, berriz, oraindik ez du Lehen Mailan jokatu. Iragan sasoian jokatu ezinik egon zen, belaunean lesio larria izan baitzuen hark ere. Ikusteko dago zein atezainen alde egiten duen Ruizek. 

Atzealdean hiru fitxaketa egin ditu: Ainhoa Vicente hegalekoa eta Maria Molina eta Claudia Florentino erdiko atzelariak. Vicentek duela 10 urte utzi zuen Reala, eta Athleticen eta Atletico Madrilen aritu ostean, etxera itzuli da. Molina Levantetik ailegatu da, eta Florentino, Valentziatik. Maider Castillok ondo ezagutzen du Molina, Levante aritu baitzen lanean Realera iritsi aurretik. Biak gazteak dira, baina eskarmentua dute lehen mailan. 

Levantetik iritsi da Paula Fernandez ere. Zelai erdian jokatzen du, eta jokoa ikusteko duen gaitasunarengatik nabarmendu da. Aurrea indartzeko, berriz, Edna Imade ailegatu da. Granadan denboraldi aparta egin ostean, Bayern Munichek fitxatu du, baina denboraldi batez arituko da utzita Realean. Aurreko denboraldian Lehen Mailako golegilerik onena izan zen, Ewa Pajorren atzetik. 16 gol sartu zituen jokatutako 29 partidetan. Gola sartzeko gaitasuna eta abiadura dira haren ezaugarri nagusiak. Gora begira beste fitxaketa bat ere egin du klub txuri-urdinak: Arola Apariciorena, Espanyoletik. Jokalari bizia da, eta Eibarren ere jokatu zuen. 

Horrez gain, Arrulak eta Estensorok ez ezik, beste bi jokalarik egin dute lehen taldera urratsa: Maren Lezetak eta Intza Egigurenek. Aiara Agirrezabalak, berriz, ez du lehen taldeko elastikoa izango, baina harekin entrenatuko da. Bigarren taldeko Nahia Azpirotzek, Ane Isasisasmendik, Iraia Soroak eta Maite Mendiburuk Ruizen aginduetara egingo dute denboraldiaurrea. 

Entrenamendu amaieran ilusioz mintzatu da Ainhoa Vicente Moraza. «Etxera itzultzea beti da berezi. Klubak apustu handia egin du gure alde, eta eguneroko lanarekin erantzungo dugu. Entrenamendu bakarra egin dugu, elkar ezagutu berri dugu, baina ilusio handia ikusten dut, eta ziur naiz multzo polita osatuko dugula. Denboraldi polita egin dezakegu». Morazak aurretik ezagutzen zuen Ruiz, Atletico Madrilen entrenatzaile izan baitzuen: «Indarra eta gogoa transmitituko digu, ziur. Gauza argi eta sinple azaltzen dizkizun entrenatzailea da».

Realak datozen egunetan zehaztuko ditu denboraldiaurrean jokatu dituen neurketak. Ligari, berriz, Madril CFren zelaian ekingo dio, abuztuko azken asteburuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.