Faboritoa txapeldun. Realak irabazi du Euskal Herria Kopa, seigarrenez. 3-1 irabazi dio Athletici, Irungo Gal estadioan (Gipuzkoa). Galtzen hasi dira txuri-urdinak, baina, oro har, jokoan nagusi izan dira, eta, behin 54. minutuan markagailuan aurretik jarrita, kontrolpean izan dute finala. Iraiak sartu du Athleticen gola, eta Chaconek, Seelenfreundek eta Nerea Eizagirrek Realarenak. Kapitainak luzapenean sartu du finala erabakita utzi duen gola.
Aurrez, ikurrina eskuetan zelairatu dira Julia Arrula Realeko atezaina eta Irene Ogiza Athleticeko atzelaria, taldekideak atzetik zituztela eta bozgorailuetatik Txoria txori abestia entzuten zela. Hain zuzen, Guk geurea lelopean antolatu dute aurtengo Euskal Herria Kopa, euskal selekzioaren aldeko aldarrikapen gisa. Horrez gain, Leire Landa Irungo futbolari ohia ere omendu dute finala hasi aurretik. Realean eta Athleticen aritutakoa da, eta hark egin du ohorezko sakea.Â

Segidan hasi da partida. Lehen minutuetan neurria hartu nahian aritu dira bi taldeak, eta ezer gutxi gertatu da lehen ordu laurdenean, partida gelditu den arte. Harmailetan zale bat ondoezik zegoela eta, hura artatzeko egin dute etena. Bada, Athletic bizkorrago itzuli da jokora, eta zuri-gorriek eman dute lehen kolpea, 21. minutuan gola sartuta. Garazik baloia luze jo, Ane Camposek ondo babestu eta Iraiari utzi, eta hark aurrera egin eta gola sartu du, azti ibilita.
Realari kostatu zaio erreakzionatzea, baina pixkanaka hasi da zuloak topatzen. Urrats bat egin du aurrera, eta estu hartu du Bilboko taldea. Luze gabe lortu du partida berdintzea, 34. minutuan. Amaia Martinezek eta Nanclaresek ez dute elkar ulertu, eta baloiak botea egin du area barruan, penalti puntua baino aurreraxeago. Hantxe azaldu da Carlota Chacon Realeko jokalaria, gola sartzeko. Piztu egin da Donostiako taldea, eta erasoan segitu du, baina, azkenerako, bana joan dira aldageletara.
Parekoago aritu dira atsedenalditik bueltan, baina, berriro ere, Reala izan da asmatu duena. 54. minutuan sartu du bigarrena talde txuri-urdinak. Intzak erdiraketa gozoa egin du falta jaurtiketa batean, eta Seelenfreundek sarera errematatu du, buruz. Nanclaresen hutsa baliatu du, ez baita ondo atera.
Hortik aurrera, Realak kontrolpean izan du finala. Athletic saiatu da aurrera egin eta partida berdintzen, baina lortu ez. Eta, 92. minutuan, hirugarrena sartu du Nerea Eizagirrek, eta, hala, finala erabakita utzi. Area ertzean baloia lapurtu, Bibiane Schulzeri izkin egin, eta sarera egin du jaurtiketa. Euskal Herria Kopa irabazita, Reala prest dago Txapeldunen Ligako atarikorako.
Reala-Athletic
Reala: Arrula; Esther Laborde (Apari, 77. min.), Florentino, Moraza, Camino (Isasisasmendi, 67. min.); Fernandez (Ainoa, 77. min.), Cahynova, Intza; Ainhoa, Chacon (Arola, 55. min.); eta Seelenfreund (Nerea Eizagirre, 67. min.).
Athletic: Nanclares; Landaluze (Nerea Benito, 66. min.), Maddi Torre, Amaia (Eider, 79. min.), Garazi (Bibi, 64. min.); Valero, Ogiza (Artero, 71. min.); Vilariño (Zugasti, 71. min.), Pinedo, Iraia (Iribarren, 71. min.); eta Campos.
Golak: 0-1: Iraiak (21. min.); 1-1: Chaconek (34. min.); 2-1: Seelenfreundek (54. min.); 3-1: Nerea Eizagirrek (92. min.)
Hasiera bikainari segida eman nahi dio bihar Alavesek Rayoren aurka, Butarquen
Alavesek bikain ekin dio denboraldiari, nagusitasunez irabazi baitu lehen partida: 3-0 hartu zuen mendean Getafe Mendizorrotzan, joan den larunbatean. Lehen neurketa besterik ez da, baina emaitza eder horrek indar handia eman dio Arabako taldeari.Â
Bihar, segida eman nahi dio. Aukera aproposa dirudi hori egiteko: batetik, konfiantzaz lepo ariko da; bestetik, Rayo Vallecanok ez du jokatuko Vallecasen, Butarquen baizik, Leganesen; eta, azkenik, Espainiako taldea larri antzean ariko da, galdu egin baitu aurreneko neurketa, Sevillaren aurka: 2-1.
Ikusteko dago Quique Sanchez Floresek zein hamaikakoren alde egingo duen. Getaferen aurka, aldaketek mesede handia egin zioten: Marianok gol bat sartu zuen, eta gola sartzeko bi pase eman; Mikel Rodriguezek, berriz, gol bat egin zuen.
Â
Â