Realak joaneko partidan egin zuen lana biribildu nahi du Istanbulen

Txuri-urdinek bi golen errentarekin jokatuko dute Istanbulen, Fenerbahceren kontra, Europa kopako final-zortzirenetako itzuliko partida. Turkiako taldearen estadio handian jokatuko dute neurketa, eta hori «pizgarri bat bezala» hartzen dute.

Nerea Eizagirre jaurtiketa bat egiten, joaneko partidan, aurrean Fenerbahceko jokalariak dituela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Nerea Eizagirre jaurtiketa bat egiten, joaneko partidan, aurrean Fenerbahceko jokalariak dituela. ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko azaroaren 9a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak 2-0 irabazi zion Zubietan Fenerbahceri, Europa kopako final-zortzirenetako partidan. Asteazkenean lan hori biribiltzeko helburuarekin zelairatuko da Istanbuleko Sukru Saracoglu estadiora (18:00, Fenerbahceren Yotubeko kanala). Errenta horri eutsi edo areagotzea lortuz gero, final-laurdenetarako sailkatuko da talde txuri-urdina.  «Lehengoan Eibarri azken unean irabaztea pizgarri izan da mentalki, eta taldea indartsu ikusten dut», nabarmendu du gaur Gorka Alvarez entrenatzaileak, partida atariko prentsaurrekoan. Halaber, berretsi du joanekoan lortutako 2-0 horrek «konfiantza» ematen diela. «Horrek eta azkenaldian egin dugun lan onak. Baina ezin gara erlaxatu». Horrekin batera, neurketaren inguruan ondorengo gakoak aipatu ditu.  «Arreta handiz irten behar dugu, ideiak argi izan, eta lehiakor jardun. Hori lortuz gero, pauso handi bat emango dugu».  

Jokoari erreparatuta, Zubietan jokatutako antzeko partida espero du: »Fenerbahce identitatea eta jokatzeko modua oso argi dituen taldea da. Hala erakutsi zigun hemen ere, eta hori ez dute aldatuko. Fisikoki talde gogorra da, eta baloiren jabe denean eta trantsizioetan min egiteko gaitasuna duten jokalariak ditu».  Baloiaren jabe izateko lehia horretan joaneko partidako minutu batzuetan pare pare aritu zirela gogoratu du: «Bigarren zatian arlo horretan nagusiago izan ginen, eta oraingoan ere ea lortzen dugun partida bide horretatik joatea». Izan ere, argi du abantailari eusteko edo handitzeko  bi gauza egin behar dituztela: «Atzean sendo egon behar dugu, eta horretarako modurik onena baloia izatea da. Gure nortasunaren ezaugarri nagusietako bat da hori, eta ezin dugu galdu, erasoan ere lagundu egiten digulako. Horrekin batera, neurketaren momentuak eta bi golen abantaila ondo kudeatu behar ditugu» Erasoko eta defentsako faseen artean lortzen ari diren orekari eustea ere «ezinbestekoa» iruditzen zaio.

Harmailetako giroari dagokionez, ez dakite zer aurkituko duten. Zelaiak 50.000 zalerentzako tokia du. »Guk hemen izan genuen bultzada haiek izango dute. Badakigu deia egin dutela zaleak bertara daitezen, baina ez dakigu zenbat zale joango diren partida ikustera, ezta zer nolako giroa izango dugun. Baina jokalariak gero eta ohituago daude estadio handitan jokatzera, eta kasu honetan multzoak pizgarri bezala erreparatu dio horri. Gogotsu gaude bertan jokatzeko, eta nolako taldea garen erakusteko. Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka, adibidez, oso ondo lehiatu ginen, eta oraingoan ere hala egin dezakegu».

«Atzean sendo egon behar dugu, eta horretarako modurik onena baloia izatea da. Horrekin batera, ondo kudeatu behar ditugu neurketaren momentuak eta joanekoan lortu genuen abantaila» 

GORKA ALVAREZ Realeko entrenatzailea

Taldeak bihar bidaiatuko du Istanbulera, eta orduan emango du Alvarezek deialdia.  Larunbatean, Eibarren aurkako partidan, deialditik kanpo geratu ziren Aiara Agirrezabala, Paula Fernandez, Ainhoa Moraza eta Clara Cahynova. «Zalantza askorekin gaude, eta aurreKO partidan bezala azken unean hartuko ditugu erabakiak. Ainhoa eta Clara itzultzetik gertu egon daitezke, baina mugan daude. Beraz bihar bertan argituko ditugu gauzak». Atean txandakatzeak egiten ari da azken partidetan, Julia Arrularen eta Alazne Estensororen artean. Ez du argitu etzi nork jokatu duen, baina bien maila nabarmendu du: «Aspalditik ezagutzen ditut, eta luxu bat da taldeak halako bi atezain edukitzea. Oso eskertuta nago egunerokoan egiten duten lanarekin. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta aurkariak eta partidak eskatzen digunaren arabera hartu ohi dugu bat edo bestea aukeratzeko erabakia. Nire ustez ligako atezain bikote onena da, eta ez diot esateagatik».

Aurkaria Alves gabe

Ainoa Campo jokalariak adierazi du larunbatean lortu zuten garaipenak «balio handia» duela. «Aste honi konfiantzaz heltzeko balio digu. Jokalariak gogotsu eta ilusioz gaude halako partidak jokatzeko, ez baita ohikoa».  Partidaz hauxe esan du: «Fenerbahce talde oldarkorra da, eta intentsitate handiz jokatzen duena. Joanekoan ondo egin genituen gauzei eutsi behar diegu, eta gaizki egin genituen horietan ere arreta jarri, hobeto egin eta partidaren bila joateko».  Bai berak eta bai taldeak denboraldian zehar «behetik gora» egin dutela onartu du: «Egia esan ni oso gustura ari naiz. Oso eskertuta nago eman didaten konfiantzarekin».

Fenerbahce ere bolada onean dago. Realaren antzera ligan derbi bat irabaztetik dator. Larunbatean 1-0 irabazi zion Galatasarayri. Turkogluk sartu zuen gola 89. minutuan. Hala, bi partida gutxiago jokatuta, Besiktasengandik—lehen postuan dago taldea— puntu batera dago. Orain arte jokatu dituen ligako zortzi partidetatik zazpi irabazi ditu, eta bat galdu. Turkiako taldeak jokalari garrantzitsu bat faltako du: Maria Alves. Brasilgo jokalariari txartel gorria atera zioten joaneko partidan. Harekin batera Andrea Staskova da Fenerbahceren jokalaririk arriskutsuena. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA