Realak lehen urratsa egin nahi du, Europan beste mugarri bat ezartzeko

Txuri-urdinek Fenerbahce jasoko dute Europa kopako final-zortzirenetako joaneko partidan. Turkiako taldeak liga irabazi zuen aurreko denboraldian, eta Gorka Alvarezek nabarmendu du aurkari «gogorra eta fisiko sendokoa» dela. «Gainera, zuzen jokatzen du».

Realeko jokalariak Hearts taldeari sartutako goletako bat ospatzen. JON URBE / FOKU
Realeko jokalariak Hearts taldeari sartutako goletako bat ospatzen. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko urriaren 27a
16:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskoziako Hearts taldea kanporatu ostean, Realak beste mugarri bat ezarri zuen bere ibilbidean: estreinakoz kanporaketa bat gainditu zuen Europan, eta Europa kopako final-zortzirenetarako sailkatu zen. Gorka Alvarezek zuzentzen duen taldeak beste mugarri bat ezartzeko lehen urratsa egin nahi du gaur, final-zortzirenetako kanporaketako joaneko partidan, Turkiako Fenerbahce taldearen kontra. Txuri-urdinek Zubietan jokatuko dute (19:00, ETB1), eta itzulerako partidarako emaitza ona lortzen saiatuko dira, badakitelako Turkiako taldeak aurkari gogorrak direla eta asko estutzen dutela etxean jokatzen dutenean.

Reala bolada onean ailegatuko da biharko neurketara. Ligako eta Europako norgehiagokak aintzat hartuta, azken lau partidetan hiru garaipen eta berdinketa bat lortu ditu. Besteak beste, txuri-urdinak Bartzelona ahalguztidunari irabazteko gai izan ziren Zubietan: 2-1. Baina larunbatean bana berdindu zuten Espanyolen aurka, etxean. Lehen zatian ez ziren fin aritu ez baloiarekin ez presio egiteko orduan, eta, 1-0 aurreratu baziren ere —Campok sartu zuen gola—, Bartzelonako taldeak neurketa berdintzea lortu zuen handik gutxira. Bigarren zatian txuri-urdinak nagusi izan ziren, baina ez zituzten baliatu golak sartzeko sortu zituzten aukera guztiak. Bihar, beraz, eraginkorrago jardun beharko dute aurkariaren ate aurrean. 

Fenerbahcek Turkiako liga irabazi zuen aurreko denboraldian, eta horri esker lehenbizikoz sailkatu zen Europako txapelketa baterako. Denboraldi honetan, sei jardunaldiren ostean —bat jokatzeko zain dago—, hirugarren doa, Besiktasen eta Galatasarayren atzetik. Falta zaion neurketa hori irabaziz gero, sailkapeneko buru ipiniko litzateke. Gaur arte jokatu dituen sei neurketetan 26 gol sartu ditu, eta bakarra jaso. 

Europan Txapeldunen Ligaren bigarren kanporaketara heldu zen, baina Belgikako Leuven taldea gailendu zitzaion penaltietan (4-2). Porrot horren ondorioz ari da Turkiako taldea Europa Kopa jokatzen. Txapelketa horretan, final-hamaseirenetan, 1-0 eta 1-4 irabazi zion Bielorrusiako Minsk taldeari.

Alvarezek honela aztertu du biharko aurkaria, Ainhoa Marin jokalariarekin egin duen prentsaurrekoan: «Turkiako eta Espainiako ligaren artean aldea egon arren, talde gogorra da, fisikoki sendoa, eta joko zuzena egiten duena. Baina jokaldiak gehiago lantzeko gaitasuna ere badu. Jokalari bakoitzari erreparatuta kalitate handia dute, eta, ikusi dugunez, talde jokoan ere aurrerapauso bat eman du».

«Argi izan behar dugu noiz egin dezakegun min. Gainera, kontuan izan behar dugu baloia noiz eta non galdu, haiek oso bizkor eta zuzen egiten dutelako aurrera» 

GORKA ALVAREZ Realeko entrenatzailea

Baina bere taldean ere jarri nahi izan du begirada, eta «pozik eta gogotsu» ikusten duela azpimarratu du. Gainera, zertzelada batzuk eman ditu aurkaria mendean hartzeko egin behar dutenaren inguruan: «Azken partidetan egin dugun lanari segida eman nahi diogu, horretan sakondu; batez ere neurketak izango duen erritmoa ezartzeko garaian, eta baloirik ez dugunean egin beharko dugun lanean». Nabarmendu du Espanyolen aurka jokatu zuten ligako partidan ez zutela lortu nahi bezainbeste. «Bigarren zatian hobeto aritu ginen, eta izan nahi dugun talde horren antz handiagoa izan genuen». Horrekin batera, beste bi gako aipatu ditu: «Baloia daukagun tarteak luzatu behar ditugu, eta argi izan noiz egin dezakegun min. Gainera, kontuan izan behar dugu baloia noiz eta non galdu, haiek oso bizkor eta zuzen egiten dutelako aurrera. Oso adi egon beharko dugu».

Itzuliko partida azaroaren 11n jokatuko dute, Istanbulen. Klubaren estadio handian jokatuko dute, gainera: Sukru Saracoglu futbol zelaian. Bertan 50.000 zalerentzako tokia dago. «Turkian jokatzea beti izan ohi da zaila eta gogorra. Hori dela eta, bihar emaitza ona lortzen saiatu behar dugu, eta kanporaketa alde uzten saiatu. Orain arte etxean ez ditugu nahi bezain emaitza onak lortu, baina bete-betean aterako gara. Hori bai, zentzuz jokatuko dugu, eta garbi izanda beste partida bat geratzen dela». 

«Lehiatzeko irrikaz»

Marinek nabarmendu du «oso gogotsu» daudela, «lehiatzeko irrikaz». «Azken batean, partidak jokatzea gustatzen zaigu jokalarioi». Taldea bolada onean ikusten du. «Jokalariok gero eta hobeto ezagutzen dugu elkar, eta uste dut pixkanaka lortzen ari garela Gorkak eskatzen digun hori zelaian erakustea». Dena den, aitortu du «arantza txiki bat» geratu zitzaiela Espanyolen aurka partida jokatu ondoren: «Batez ere nik, gol aukera on batzuk huts egin nituelako. Partidan zehar ez nuen horretan asko pentsatu, baina ondoren bai. Apur bat errudun sentitu nintzen, baina gero biharko partidan jarri nuen arreta». Udan iritsi zen Donostiara, eta «oso gustura» dagoela nabarmendu du: «Hazten jarraitzeko etorri nintzen, eta hala egiten ari naiz. Hori lortzen laguntzen didaten jendez inguratuta nago: taldekideak, entrenatzaile multzoa...». Hazkunde horren inguruan, hauxe nabarmendu du: «Beti hegalean jokatu izan dut, eta hemen aukera izaten ari naiz barrutik sartzeko eta beste modu batera jokatzeko ere».

«Jokalariok gero eta hobeto ezagutzen dugu elkar, eta uste dut pixkanaka lortzen ari garela Gorkak eskatzen digun hori zelaian erakustea» 

AINHOA MARIN Realeko jokalaria 

Cecilia Marcosekin batera denboraldi hasiera honetan talde txuri-urdinean gehien nabarmentzen ari den jokalaria Marin da. Hala, azken orduko ezusterik ezean, hasierako hamaikakoan izango da. Egutegi betea izaten ari diren arren, ez dirudi Alvarezek aldaketa asko egingo dituenik hasierako taldean. Bakanetakoa honako hau izan daiteke: Nerea Eizagirre hasieratik aritzea, Intzaren edo Seelenfreuden ordez. Kapitainak aulkian hasi zuen Espanyolen aurkako neurketa, baina bigarren zatia hasterako zelairatu zen, AEBetako aurrelariaren partez. Ikusteko dago atean nork jokatuko duen: Arrulak edo Estensorok. Aiara eta Paula Fernandez deialditik kanpo geratu dira, biek min hartuta segitzen baitute. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA