REALA 2-0 ATLETICO MADRIL

Realak liderrari irabazita estreinatu du Reale Arena

Martin Odegaardek eta Nacho Monrealek sartu dituzte txuri-urdinen golak.

Realeko jokalariak, bigarren gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE
jon olano
2019ko irailaren 14a
07:56
Entzun

Realak lan nekeza zuen gaur arratsaldean Reale Arena estadioaren estreinaldirako, Atletico Madril liderraren bisita baitzuen. Espainiarrak ligan partidarik galdu gabeak ziren, baina txuri-urdinak partida sendoa eginda nagusitu dira, bigarren zatian sartutako bi goli esker.

Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea izan da ausart jokatzen lehena, eta aldaketa ugari egin ditu hamaikakoan; Willian Jose eta Januzaj utzi ditu aulkian, eta estreinakoz hasieratik aritu dira Isak eta Portu. Nacho Monreal azken fitxaketak ere hasieratik jokatu du, Aihen Muñoz gaztea aulkian utzita. Illarramendiren hutsunea ere bete behar zuen Imanolek, eta Zubeldia aurreratu du haren lekua betetzeko, atzeko lerroaren erdian Aritz Elustondo jarrita. Esperientzia atzean eta bizitasuna aurreko lerroetan, 4-2-3-1 sistemarekin jokatuta.

Goian hasi du presioa Realak, eta, apurka-apurka, jokoan nagusitzen hasi da, tarteka Isaken abiadura baliatu nahian. Odegaard eroso aritu da Atleticoko erdilarien eta atzelarien artean, eta hark zabaldu ditu hutsuneak madrildarren atzealdean. Lehen zatiko aukerarik garbienak, ordea, Oiartzabalek izan ditu; Isakek bakarrik atezainaren aurrean utzita, lehena, eta buruz eginiko erremate bat kanpora bidalita, bigarrena. Atsedenaldirako, hutsean.

Bigarren zatian, lehenengoko intentsitateari eutsi diote gipuzkoarrek, eta azkar iritsi zaizkio emaitzak; 58. minutuan, kontraeraso batean, Merinok Odegaardi eman dio baloia area ertzean, eta haren jaurtiketa sareetara joan da, baloiak Savici eman eta gero. Hiru minutu geroago, geldikako jokaldi batean, Oblaki balioak ihes egin dio area txikian, eta Monreal inor baino azkarrago ibili da bigarren gola egiteko. Nafarrak debuta zuen Realarekin, eta gola sartuz ospatu du: 2-0.

Hortik aurrera, Atletico Madrilek nagiak kendu ditu, eta erasora jo du, baina Realak Moya atezaina hor izan du behar izan duenean, minutu bakarrean bi geldiketa ikusgarri eginda. Hortik aurrera, etxekoek arazorik gabe eutsi diote abantailari, eta denboraldiko bigarren garaipena eskuratu dute. Gozatua hartu dute Reale Arenarea joandako 34.719 zaleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.