Elx 2-3 Reala

Realak urrezko hiru puntu lortu ditu azken orduan

Txuri-urdinek sufrituta irabazi dute Elxen aurka. 0-2 irabazten ari zirela, epaileak hirugarren gola baliogabetu eta txartel gorria atera dio Jon Martini, 64. minutuan. Horren ostean, Elxek azkar berdindu du partida. Baina 90. minutuan Sucic agertu da.

Realeko jokalariak, Yangel Herrerak sartutako gola ospatzen. PABLO MIRANZO / EFE
Realeko jokalariak, Yangel Herrerak sartutako gola ospatzen. PABLO MIRANZO / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko irailaren 8a
08:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak hiru puntu eskuratu ditu Elxen kontra, partida zoro batean. Denetik izan du: golak, txartel gorria, debutak... Donostiako taldeak, ustez partida bideratuta utzi du lehen zatian, 0-2 aurretik joan baita atsedenaldira. Baina ez: ohartzerako korapilatu zaio neurketa. Sucicek gola sartu du 61. minutuan, baina txuri-urdinek ez dute askorik ospatu. Izan ere, epaileak, VAR sistema erabili, gola baliogabetu, eta, gainera, txartel gorria erakutsi dio Jon Martin atzelariari, baloia eskuarekin jo duelako. Erabakiak nahasita utzi ditu Realeko jokalariak, eta Elxek aprobetxatu egin du hori. Zazpi minutuan bi gol sartu ditu, eta partida berdindu. Gainera, oraindik bazuen denbora hirugarrena sartzeko ere, eta horretan saiatu da. Ez dute lortu, eta Realak eman du azken kolpea, 90. minutuan. Sucic bikain aritu da kontraeraso batean, eta gol ederra sartu du; hala, hiru puntuak Realari eman dizkio. Txuri-urdinek dena kontra zutenean azaldu da kroaziarra, donostiarren pozgarri. Horiek horrela, Realak denboraldiko bigarren garaipena eskuratu du. 

Matarazzok hainbat aldaketa egin ditu hamaikakoan. Nagusia, atean: Unai Marrero aritu da, eta orain arte titular izan denak, Remirok, aulkitik ikusi du partida. Gainera, Mamadou Sarr atzelariak debuta egin du. Ondo atera zaio apustua Realeko entrenatzaileari. 11. minutuan, Ochieng harrobiko jokalariak gola sartu du, eta aurretik jarri dira donostiarrak —Ochiengen lehen gola izan da ligan talde nagusiarekin—. Hura izan da protagonista bigarrenean ere. Elxek atzean huts egin, eta kenyarrak baloia berreskuratu du. Yangel Herrerari pasea eman dio, eta Herrerak, baloia bikain gurutzatu, eta bigarrena sartu du. 31. minutua zen.

Jokalariak lasai joan dira aldageletara, baina bigarren zatian maldan gora jarri zaio neurketa Realari. Epailea izan da protagonista, eta hori, askotan, ez da seinale ona izaten. Sucicek gola sartu du 61. minutuan, baina pozak ez die asko iraun txuri-urdinei. Jokaldi hasieran, Realaren area inguruan, Jon Martinek eskuarekin ukitu du baloia, eta epaileak bideoz ikusi nahi izan du zer gertatu den. Azkenean, gola baliogabetzea erabaki du, eta txartel gorria atera dio Jon Martini. Atzelariak nabarmen jo du baloia eskuarekin, baina askorentzat gehiegizko zigorra izan da txartel gorria. 

Reala hamar jokalarirekin geratu da, eta kosta egin zaio partidari neurria hartzea. Matarazzok zenbait aldaketa egin ditu, baina alferrik. Elxek  errazegi berdindu du partida, zazpi minutuan bi gol sartuta: 67. minutuan bat, eta 74. minutuan bestea. Bazirudien garaipenak eskuetatik ihes egin ziola Realari, eta nahiko lan izango zuela berdinketari eusten. Puntu gazia zatekeen, baina gaitz erdi. Luka Sucicek, ordea, esateko zuen azken hitza. Lehen gola baliogabetu diote, baina gogoz geratu da kroaziarra. 90. minutuan, kontraeraso batean, baloia bikain eraman, eta atera jaurtiketa indartsua egin, eta gol erabakigarria sartu du. Epaileak zazpi minutuz luzatu du partida, baina Realak ondo eutsi dio. Urrezko hiru punturekin itzuli dira txuri-urdinak Donostiara, beraz. Bigarren zatian debuta egin du Hector Fort fitxaketak ere.

Elx-Reala

Elx. Dituro; Sangare (Revivo, 81. min), Bigas, Chust; Morente; Morcillo, Villar (Cepeda, 70. min), Valera (Josan, 81. min); Bounanotte (Lemar, 55. min), Niño eta Ponce (Osorio, 55. min).

Reala. Marrero; Aramburu, Sarr (Jon Martin, 58. min), Zubeldia, Sergio Gomez; Herrera (Pacheco, 70. min), Soler; Oiartzabal (Gorrotxategi, 70. min), Sucic, Ochieng eta Guedes (Marchal, 58. min; Fort, 81. min).

Golak. 0-1: Ochiengek (11. min); 0-2: Herrerak (31. min); 1-2: Lemarrek (67. min); 2-2: Niñok (74. min); 3-2: Sucicek (90. min). 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA