Realak eta Real Madrilek ez dute etzi Zubietan jokatuko. Iganderako iragarria zegoen Iberdrola ligako 15. jardunaldiko partida, baina eguraldiak oztopatu egingo du neurketa hori esperotako egun eta orduan jokatzea. Espainiarrek gaurko egunean zehar egindako eskaera bati men egin ostean heldu da erabakia; Real Madrilek federazioari dei egin dio, partida atzeratzeko, "eguraldiak eragindako arriskuak direla eta sor daitezkeen arazoengatik".
Klub zuriaren eskakizuna ontzat jo du Lehiaketa Batzordeak, eta, kontuak horrela, etzi jokatzekoa zen neurketa (11:00) atzeratu egin dute. Txapelketaren araudi orokorreko 239 eta 240 artikuluei jaramon eginez hartu dute neurri hori. Behin atzeratzea erabakita, "egoerak ahalbidetu orduko" data bat ezarriko du federazioak, "ahalik eta lasterren jokatzeko".
Bi taldeak une onean ziren elkarren arteko norgehiagokaren atarian. Donostiarrek seigarrenak dira sailkapen nagusian. Postu hori indartu egin zuten joan zen asteazkenean, Athletic mendean hartuta (1-0), eta bolada onari segida eman nahi zioten Real Madrilen aurka. Bisitariak, berriz, bigarren sailkatuak dira Iberdrola ligan, Bartzelona liderrarengandik bi puntura.
Athletic, heldu ezinik
Athletic ere zailtasunak izaten ari da bidean. Marcelino Garcia Toralen taldea hegazkinez abiatu da Madrilera, bihar Atletico Madrilen zelaian jokatzea baita, baina hegaldiak ezin izan du lur hartu, Barajasko aireportua elurrarengatik itxita dagoenez gero. Klub zuri-gorriak aditzera eman duenez, Espainiako Liga kudeatzen duen erakundearekin eta Atletico Madrilekin harremanetan jarri da, "erabaki bat lehenbailehen hartzeko".
Antzeratsu dabil Real Madril ere. Zurien gizonezkoen taldeak Iruñean du hitzordua bihar (21:00), Osasunaren aurka jokatzeko, baina bidariak hegazkinean sartu diren arren, aeroplanoa ez da aireratu.