Realak badaki zein bide izango duen Europa kopan. Gorka Alvarezek zuzentzen duen taldeak Turkiako Fenerbahce izango du aurkari final-zortzirenetako kanporaketan. Joanekoa etxean jokatuko dute txuri-urdinek, urriaren 28an edo 29an, eta itzulerakoa Istanbulen, azaroaren 10ean edo 11n. Aurrera eginez gero, final-laurdenetan PSVren edo Frankfurten aurka neurtuko dituzte indarrak. Finalera bitarteko kanporaketen diagrama ere zozkatu baita gaur, eta Realak, gutxienez finalera arte, saihestu egingo luke txapelketako talderik indartsuena: Wolfsburg.
Txapeldunen Ligako atariko kanporaketan Chelsearen kontra galdu ostean, Europa kopan hasi zen lehiatzen Reala. Final-hamaseirenetan, Eskoziako Herts kanporatu zuten herenegun. Joanekoan, Edinburgon, 0-0 berdindu zuten; itzulerakoan, berriz, 4-0 gailendu zen Reala. Oso nagusi izan ziren txuri-urdinak, eta atsedenaldirako erabakita utzi zuten kanporaketa, hiru goleko errenta lortu baitzuten. Caminok, Campok, Paula Fernandezek —penaltiz— eta Ainhoa Marinek sartu zituzten golak.Â
Fenerbahcek, final-hamaseirenetan, Bielorrusiako Minsk taldea utzi zuten kanpoan. Joanekoan 1-4 irabazi zuten, eta itzulerakoan, 1-0. Aurretik Txapeldunen Ligan jardun zuen. Lehen kanporaketan Ukrainako Kharkiv utzi zuen kanpoan (1-2), baina bigarrenean Herbehereetako Leuvenek kanporatu zuen, penaltietan. Turkiako ligako egungo txapelduna da, eta denboraldi honetan ere nagusi da. Jokatu dituen lau partidak irabazi ditu. Hala, sailkapenaren lehen postuan dago. Hogei gol daramatza alde, eta bat bera ere ez aurka. Azken neurketan 0-3 irabazi zion ligako beste talderik indartsuenetako bati, Besiktasi; aurrekoan, berriz, 12-0 Cekmekouni. Espainiako ligan aritu diren bi jokalari ditu: Andrea Staskova eta Sol Botello. Atletico Madrilen jokatu zuen Staskovak, eta Alhaman Botellok. Gainera, aurreko Munduko Kopa jokatu zuten bi futbolari ari dira bertan jokatzen: Katle Bowen eta Konya Plummer.Â
Gokhan Bozkaya futbolari ohia da taldeko entrenatzailea. Fisikoki talde indartsua da, eta trantsizioetan eta geldikako jokaldietan arriskua sortzen du. Alvarezek adierazi du datozen asteetan aztertuko dutela aurkaria, baina «ilusioz» helduko diotela kanporaketari: «Bidaia nahiko luzea izango da, baina oso kanporaketa erakargarria da».
Txuri-urdinek igandean jokatuko dute ligako partida, Valentzian. Dena den, Realaren aurretik, bihar Alavesek eta Athleticek izango dituzte neurketak. Andrea Estebanek zuzentzen duen taldeak Espanyoli egingo dio bisita (12:00, DAZNÂ eta RTVE Play); zuri-gorriak, berriz, Madril CFren zelaian arituko dira (18:00, DAZN eta RTVE Play).