Marlen Reusser (Suitza) eta Remco Evenepoel (Flandria) dira erlojupeko probako munduko txapeldunak txirrindularitzan. Kanadan ari dira jokatzen Munduko Txapelketak, eta atzokoan ez zuten huts egin: diziplina horretan onenak direla berretsi zuten. Reusserrek bigarrenez segidan jantzi zuen ortzadar elastikoa; Evenepoelek, berriz, laugarrenez jarraian. Hala, marka ezarri du. Izan ere, haren antzera, Tony Martinek (Alemania) eta Fabian Cancellarak (Suitza) lau aldiz dute irabazia Munduko Txapelketa erlojuaren aurka, baina ez segidan.
Emakumezkoen proba jokatu zen aurrena. Txirrindulariek 39,9 kilometro ibilbidea egin behar zuten. Denboraldi osoan korritu duten erlojupeko probarik luzeena zen. Ibilbidea laua zen batez ere, zuzengune askokoa, eta azken 500 metroetan igoera bat zuten.
Reusser mugarriz mugarri joan zen aldeak handituz, behetik gora egin zuen, eta azken 500 metroetan biribildu zuen egindako lana. Hau izan zen erlojuaren aurkako proba osatzeko behar izan zuen denbora: 50.24,44. Egin zuen lan onaren adibide, helmugarako 7,5 kilometro falta zirela, aurrea hartu zion Demi Volleringi (Herbehereak), denboraldiko txirrindularirik indartsuenari.Â

Bigarren Zoe Backstedt izan zen (Erresuma Batua), 40,11ra, eta hirugarren Franziska Koch (Alemania), 45,54ra. Gustura zen bukaeran Reusser, irabazteaz gain bere urtebetetze eguna baitzen. «Urduri samar nengoen, ez gaudelako ohituta halako erlojupeko luzeak egitera. Uneren batean zalantzaren bat izan dut. Baina, azkenerako, dena ondo irten da. Urtebetetze opari ederra da munduko txapeldun izatea».
Ondoren lehiatu ziren gizonezkoak, eta Evenepoelek erakustaldia eman zuen. Hasi eta buka nagusi izan zen. Lehen mugarrian 10 segundo ateratzen zizkion bigarrenari, Jakob Soderqviri (Suedia), eta bigarrenean 41 Filippo Gannari (Italia). Azken hori zen Evenepoelen aurkari nagusia atzo.
Pedalkadaz pedalkada aldea handituz joan zen, eta une oro argi utzi zuen okerrik ezean bera izango zela garailea. Harentzat ere egokia zen errepidea, eta ederki baliatu zuen. Ez aurkariak, ez haizea ez ziren oztopo izan laugarrenez erlojuaren aurka munduko txapeldun izateko.
44.53,13ko denbora eginez helmugaratu zen. Ganna izan zen bigarren, 57,31ra, eta Paul Seixas (Frantzia) hirugarren, 1.13,04ra. «Helburua irabaztea zen, eta oso pozik nago horregatik. Lan ona egin dut. Orain, atseden hartu, eta asteartean errepideko proba prestatzen hasiko naiz», esan zuen Evenepoelek.
Larunbatean jokatuko da errepideko emakumezkoen proba, eta igandaean gizonezkoena. Euskal Herriko hiru txirrindulari arituko dira bertan: Usoa Ostolaza, Igor Arrieta eta Markel Beloki.