Reyes Carrere badoa

Bera Berako entrenatzaileak jakinarazi du taldea utziko duela sasoiaren amaieran

Julen Etxeberria.
Donostia
2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Reyes Carrerek (Errenteria, Gipuzkoa, 1966) Bera Bera utziko du sasoia amaituta. Carrerek berak hartutako erabakia izan da. Ez da ere bat-batean hartutako erabakia, ondo hausnartutakoa baizik. «Hilabete batzuk atzera hartu nuen erabakia. Bera Berako entrenatzaile gisa nire garaia amaitu dela uste dut. Niretzat onena da, eta niretzat ona bada, taldearentzat ere bai», esan zuen atzo erabakiaren berri emateko eskaini zuen prentsaurrekoan.

Carrerek aitortu zuen «bihotzak» entrenatzeari uzteko eskatzen diola, eta aurreko sasoiaren amaieran ere taldea uztear izan zela. «Izugarri kostatu zitzaidan jarraitzea. Kanpoan izan nintzen barruan baino gehiago. Banekien hau nire azken urtea izango zela. Zikloa itxi da, eta hori ona da alde guztientzat».

Carrerek ilusioz ikusten du etorkizuna. «Zirraragarria da, oraina baino hobea. Ez dut beste proiekturik buruan. Liga amaitu nahi dut, eta pixka bat atseden hartu». Eta gero? Eskubaloiari lotutako zerbait agian. «Nire lana, nire ogibidea, nire bizitza eta nire zaletasuna da eskubaloia».

Bera Bera lider da liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla. Carreren arabera, «ginga» litzateketaldea uztea txapeldun izanda, eta «beste pauso bat» jokalarientzat beraientzat ere. Txapela irabazi ez arren, «oso pozik» legoke egindako lanarekin, eta «lasai» bere buruarekin, beti ere azken txanpan Bera Bera bere baloreei leial izanez gero: «ahalegina, pentsaera, borroka, elkartasuna, anbizioa eta sufritzeko gaitasuna».

Ia 25 urte Bera Beran

Bera Bera Reyes Carrere da, eta Reyes Carrere Bera Bera. Ez da harritzekoa, hogei urte baino gehiago baitaramatza Donostiako klubari lotuta: 1987tik 1999ra jokalari izan zen, eta ondoren hamahirudenboraldi egin ditu entrenatzen, hiru alditan banatuta: 1999tik 2002ra, 2004tik 2006ra eta 2007tik gaur arte. Tartean hiru sasoi egin zituen Sagunten (Herrialde Katalanak). Haren aginduetara Espainiako bi Kopa eta bi Superkopa irabazi ditu Bera Berak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.