E Multzoa

Robbenen nerbioa falta dute

Herbehereak final-zortzirenetan dira kasik, Japoniari ere irabazita, baina joko aldetik ez dabiltza oso ondo.

2010eko ekainaren 19a
16:42
Entzun
Herbehereetako selekzioak ia ziurtatu du Munduko Kopako final-zortzirenetan aritzea, lehen faseko bi partidak irabazi egin ditu (Danimarkari lehengoan eta gaur Japoniari, 1-0), ez du golik jaso, hiru sartu ditu, baina falta zaio zerbait. Edo asko. Robben falta zaio, batik bat. Bayern Munichekin gabonetatik hona mundial jokatu du Robbenek -tarte honetan hura izan da Europako jokalaririk onena, Messirekin batera-, baina beste akotan bezala, giharretako arazoak izan ditu orain ere, Munduko Kopa hasi bezperan, Hegoafrikan da, baina Herbehereetako hautatzaileak badaezpada ez du atera lehen bi hitzorduetan. Ondo egin du. Ikusi egin behar hirugarrengoan ateratzen duen, taldeak txartela lortuta duela.

Gero atera beharko du, Robbenen nerbioa falta zaielako Herbehereei. Motel samar dabiltza. Robbenek lehengoan zioen bezala, aurrealdean kalitate handia dute, baina ematekotan, harekin eman dezakete jauzia. Abiadura, sakontasuna, diagonalak. Arriskua.

Hautatzaileak aurrean Kuyt eskubiko hegalean jarri du orain arte, Van der Vaart ezkerrean eta Van Persie erdian. Haien atzetik, Sneijder. Azken hori behintzat ez du kenduko Robben itzultzean, area kanpotik jaurtiketa bikaina duelako. Gaur Sneijderrek berak sartu du gola halaxe, 53. minutuan -Kawashima Japoniako atezainak lagundu dio, baloia behar bezala ez aldenduta-. Zein kenduko du? Hiruretako edozein: Kuyt, Van der Vaart edo Van Persie. Logikoena Kuyt erdiko aurrelari jartzea litzateke, sendoena bera delako eta hegalekoen erreferentziarik onena bera izan daitekeelako.

Dena dela, Robbenik gabe aurrera egin dute, eta eroso samar. Eurek irabazi dituzte orain arte, argentinarrekin batera, bi partidak.

Japoniak ez du maila txarra eman haien aurka, baina inoxente aritu da, minik egin gabe. 89. minutuan eduki du okasiorik garbiena, baina Okazakik gora jaurti du. Hurrengo ostegunean izango du aukera ona: Danimarkari nagusituz gero, final-zortzirenetara seguruenik.

Herbehereak 1. Stekelenburg, Van der Wiel, Heitinga, Mathijsen, Van Bronckhorst, Van Bommel, De Jong, Kuyt, Sneijder (Afellay, 82m), Van der Vaart (Elia, 72m), Van Persie (Huntelaar, 87m).

Japonia 0. Kawashima, Nagatomo, Nakazawa, Tulio Tanaka, Komano, Yuki Abe, Matsui (Nakamura, 64m), Hasebe (Okazaki, 76m), Endo, Okubo (Tamada, 76m), Honda.

1-0: Sneijder (53m).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.