Bera Berak galdu egin du Superkopako finala, Ro'Casaren aurka

Kanaria uharteetako taldea 25-23 gailendu da. Jon Begiristainek zuzentzen duen taldeak ez du lortu bizi jokatzea, hamahiru baloi galdu ditu, eta zorterik ere ez du izan, zortzi jaurti baititu zutoinetara.

Bera Berako eta Ro'Casako jokalariak lehia batean, gaurko partidan. SALVADOR SAS / EFE
Bera Berako eta Ro'Casako jokalariak lehia batean, gaurko partidan. SALVADOR SAS / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko irailaren 5a
20:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bera Berak ezin izan du sasoia titulu bat irabaziz hasi. Donostiako taldeak 25-23 galdu du Espainiako Superkopako finala, Ro’Casaren kontra. Jon Begiristainek zuzentzen duen taldeak bi aldiz bakarrik hartu da aurrea partidan, baina azkenera arte izan du nagusitzeko aukera. Azkenean lortu ez, ordea. Ezagun da sasoia hasi besterik ez dela egin, taldeak ez baitu ohiko bizitasunarekin jokatu. Hala, erasoan kostata aritu, eta baloi asko galdu ditu: hamahiru guztira. Gainera, ez du zorterik izan, zortzi baloi jaurti baititu zutoinetara. Ondorioz, ezin izan du joan den denboraldiko arantza atera —Rocasa’ren aurka galdu zuen liga—. Kanaria uharteetako taldeak irabazi egin dizkio Bera Berari elkarren aurka jokatu dituzten azken lau partidak. 

Begiristainen lehen partida ofiziala izan da Bera Beraren aulkian. Lehen minutuetan, bi taldeak zuhur aritu dira erasoan, eta ohi baino erritmo apalagoan. Horrek mesede egin dio Ro’Casari, korrika egitea baita Bera Beraren jokatzeko moduaren ezaugarrietako bat. Gainera, lehen hamar minutuetan lau baloi galdu ditu Jon Begiristainek zuzentzen duen taldeak. Horrenbestez, Kanaria uharteetako taldeak bi golen aldea lortu du 12. minutuan: 6-4. Tarte horretan, Ro´Casaren  atezainak, Lulu Guerrak, min hartu du. Belauna bihurritu du baloia gelditu duen batean, eta negarrez alde egin du pistatik, bi taldekidek lagunduta. 

Bera Berak ondo eutsi dio, eta bizixeago jokatzen hasi. Hiru aldiz segidan zulatu du aurkariaren atea, eta, neurketan estreinakoz, aurrea hartu. 15. minutuan izan da, Marie Louisek sartutako golari esker: 7-6.  Lehia handikoak izan dira hurrengo minutuak. Baina, tarte horretan ere, Bera Berak baloia galdu du behin baino gehiagotan. Gainera bi penalti huts egin ditu, eta Erauskinek bi baloi bidali ditu zutoinera. Orduan lortu du. Hala, Ro´Casak estreinakoz hiru golen aldea hartu du: 12-9. 

Begiristainen taldeak ez du zorterik izan, eta zaildu egin zaio neurketa. Donostiarrak hanka motz daude lehen lerroan, bi jokalari garrantzitsu min hartuta baitauzka luzerako: Karsten eta Somaza. Gaur, gainera, lehen zatia amaitzeko bost minutu falta zirela, Carmen Arroyok orkatila bihurritu du, eta hortik aurrera ezin izan du jokatu. Azken txanpa horretan Bera Berako jokalariek hortzak estutu dituzte, eta oldarkorrago aritu dira defentsan. Horri esker, 5-2ko aldeko partziala lortu dute, eta lehen zatia berdinduta amaitu, 14na.

Xehetasun txikiak

Bera Berak ondo ekin dio bigarren zatiari. Begiristainek aldaketa egin du atean. Balzincen ordez Prades atera, eta asmatu egin du. Izan ere, Pradesek geratu egin ditu Ro’Casako jokalariek egindako lehen hiru jaurtiketak, tartean penalti bat. Hala bi golen aldea lortu du Donostiako taldeak: 14-16. Baina gorabeheratsua izan da partida, eta Ro`Casak, tarte txikian bost gol sartu, eta modua egin du aurrea hartzeko: 19-16. Bera Berak sufritu egin du minutu horietan, eta kostata aritu da erasoan. Izan ere, aipatu bezala, hutsune handiak izan ditu lehen lerroan. 

Baina Ro`Casak ere ez du asmatu. Pradesek beste hainbat gelditu erabakigarri egin ditu, eta Bera Bera aurkariak baino gol bat gutxiago zeukala ailegatu da azken hamar minutuetara: 22-20. Defentsan estutu beharra zuen norgehiagoka iraultzeko. Hala egin du, eta, neurketa amaitzeko hiru minutu eskas falta zirela, berdindu: 23-23.  Partida nola zihoan ikusita, argi zegoen detaile txikien araberakoa izango zela emaitza. Azkenerako hala izan da. Izan ere, Amoresek penaltia egin du, eta Ro'Casako jokalari batek, Polesek, ez du huts egin. Hurrengo jokaldian, ordea, Palominok gelditu egin dio baloia Elba Alvarezi, eta, hala, Kanaria uharteetako taldeak azken gola sartu eta erabakita utzi du finala. Burua altxatu beharko du orain Bera Berak, asteazkenean ligari ekingo baitio, etxean, Beti Onak-en kontra. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA