TXIRRINDULARITZA

Roglicek Anglirun irabazi du, eta Kussek ozta-ozta eutsi dio lidergoari

Roglicek eta Vingegaardek erasora jo dute, eta atzean utzi dute Kuss taldekidea eta lasterketako liderra. Landa onenen pare aritu da, eta bosgarren jarri nagusian  

Primoz Roglic, garaipena ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko irailaren 13a
19:23
Entzun

Sepp Kussek (Jumbo Visma) 29 urte bete ditu gaur, eta gogotik egin behar izan du putz. Ez kandelak itzaltzeko, Primoz Roglic eta Jonas Vingegaard taldekideei Angliruko malda tenteetan jarraitzeko baizik. Kussek darama soinean Vueltako liderraren elastikoa, baina Roglicek eta Vingegaardek ere jantzi nahi dute, eta gaur, beste behin ere, estu hartu dute estatubatuarra. Hainbeste, ezen zortzi segundo eskasengatik eutsi baitio hark sailkapeneko lehen postuari. Ustekabeko aliatua izan du Kussek: Mikel Landa (Bahrain). Arabarrak zeukan guztia eman du etapa irabazi nahian, eta garaipenak ihes egin dion arren, Jumbokoekin parez pare lehiatzen bakarra izan da. Merezi izan dio ahaleginak, bosgarren postura igo baita sailkapenean.

Ezohikoa eta, hein batean, harrigarria da bi txirrindulari lidergoan den taldekide bati eraso egiten ikustea. Txundigarria den bezala goi-mailako lasterketa bat talde bereko hiru txirrindulariren artean jokatzea; are gehiago, lasterketa hori itzuli handi bat bada. Kuss, Vingegaard eta Roglic aurkari guztien gainetik dabiltza, eta Anglirun, Tourmaleten gertatu zen moduan, etapako lehen hiru postuak bereganatu dituzte. Gaur, Roglicentzat izan da garaipena. Ez da erabat gustura geratu, ezin izan duelako Vingegaard atzean utzi. Kussek, ordea, hemeretzi segundo galdu ditu, laugarren izan den Landak bezala. Liderrak zortzi segundora du orain Vingegaard, 1.08ra Roglic, 4.00ra Juan Ayuso (UAE), eta 4.16ra Landa.

Borroka horretatik kanpo dago Remco Evenepoel (Soudal), Aubisquen gora hondoratu zenez geroztik. Etapa garaipenak eta mendiko sailkapena ditu orain begiz jota, eta gaur ere ihesari eman dio etapa hasi orduko. Dagoeneko ez du Jumbo Visma taldea mehatxatzen, baina badaezpada ere, kate motzean lotu dute flandriarra. Ekin eta ekin aritu da hura, eta azkenean, Mattia Cattaneo taldekidearekin eta Lorenzo Germanirekin (Groupama) batera egin du alde.

Coladiella zen eguneko hiru mendateetan lehena, eta hara bidean, aurreko hirukoteak garondoan sentitu du multzo nagusiaren arnasa. Maldan gora hasita, ezinean gelditu da Germani, eta erritmoa baretu egin dute tropelekoek. Hori horrela, Evenepoel 2.40ko errentarekin iritsi da tontorrera, Cattaneoren babespean. Atzetik Marc Soler (UAE) zuten jarraika, tropelean eraso egin ondoren. Kataluniarra minutu batera hurbildu zaio Soudal taldeko bikoteari, baina esfortzua alferrekoa suertatu zaio azkenerako.

Cattaneori egindako lan eskerga eskertu, eta suziria bezala abiatu da Evenepoel Cordaleko lehen aldapetan. Helmuga 26 kilometrora zeukan, eta tropela, oraindik ere hiru minutu ingurura. Bahrainek, baina, lasterketa gogortzeari ekin dio mendate horretan. Flandriarrak, hasiera batean, sendo eutsi dio atzekoen oldarrari; ordea, tentu handiz ibili da Cordaleko jaitsieran, eta 1.20ra hurbildu zaio tropela Angliru igotzen hasi baino lehen.

Lehia bizia lainopean

Helmugatik 5,6 kilometrora harrapatu dute Evenepoel. Bahrain taldeak jarraitzen zuen tira egiten, eta Wout Poelesen erreleboak askoren ahulezia bistaratu du. Herbeheretarrak distira egin du berriro Anglirun. Ayuso, berriz, sufritzen hasi da, eta ondoren, Enric Mas (Movistar) gelditu da ezinean.

Onenen arteko borroka azken hiru kilometroen barruan eta laino artean piztu da. Erritmoz aldatu du Roglicek, eta Landak zuloa ixteko ahalegin antzua egin ondoren, esloveniarrarekin bat egin dute Kussek eta Vingegaardek. Roglicek estutu egin du berriro, eta jarraitu egin dio Vingegaardek; ez, ordea, Kussek. Indartsuenak irabaz beza. Landak Kuss harrapatu du, eta aurretik zirenekin bat egiten saiatu da. Ahalegin hori lidergoari eusteko baliatu du Kussek. Beste defentsa saio gogor bat izango du bihar, La Cruz de Linareseko igoeran bukatuko den etapa menditsuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.