Sadarreko istiluetan Poliziak «neurriz eta egoki» esku hartu zuela berretsi du Espainiako Gobernuko ordezkariak

Inor ez zutela arriskuan jarri esan du prentsaurreko batean, eta Osasunaren segurtasuneko kideek eskatuta esku hartu zutela. Sadar Bizirik plataformak manifestaziora deitu du larunbaterako, Poliziaren jarduna salatzeko.

Osasunaren eta Real Madrilen arteko partida, Sadarren. JESUS DIGES / EFE
Osasunaren eta Real Madrilen arteko partida, Sadarren. JESUS DIGES / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko martxoaren 4a
19:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, Alicia Etxeberriak, berretsi du Espainiako Poliziak «neurriz eta egoki» esku hartu zuela Sadarren Osasunak Real Madrilen aurka jokatutako azken partidan izandako istiluetan, eta ez zuela inor arriskuan jarri. Baina ez du esku hartzeari buruzko argibide gehiago eman. Salaketa bat dagoenez, gertatutakoa epaitegietan argitu beharko dela esan du.

Prentsaren aurrean hitz egin du gaur Etxeberriak. Azaldu du pertsona batek botila bat jaurti zuelako esku hartu zuela Poliziak. «Botila hori beteta zegoen, eta globo batekin estalita». Partidaren epaileak egindako aktan, botila hutsik zegoela jasoa dago. Halaber, berretsi du klubaren segurtasuneko kideek eskatuta esku hartu zutela. «Esan ziguten botila jaurti zuen pertsona identifikatzera joan zirenean multzo bat oldartu egin zitzaiela. Horregatik esku hartu zuen Poliziak, baita botila jaurti zuena ezkutatzen saiatu zelako ere». Halaber, azaldu du Osasunak ezin dituela segurtasun kameren irudiak eskatu. «Epailearen baimena beharko luke horretarako».

Iragan ostiralean, Sadar Bizirik plataformak gertatutakoa salatu zuen. Plataforma horretako kideek nabarmendu zuten istiluetan 30 lagun zauritu zirela, eta horien artean bazirela zauri «larriak» zituztenak. Sadar Bizirik-en arabera, Poliziaren jokabide bortitzaren erakusgarri izan ziren istiluetan gertatutako beste zenbait eszena ere. «Gurpil aulkian zihoan lagun bat eta makuluekin zebilen beste bat lurrera bota zituzten bortizki», zehaztu zuten. Eta poliziek gomazko pilotak jaurti zituztela ere ekarri zuten gogora, bestalde. «Osasunaren zaleen kontrako ehiza» gisara deskribatu zuten gertatutakoa

Sadar Bizirik taldeak, edonola ere, jada proposatu ditu zenbait neurri. Batetik, Espainiako Polizia Sadarretik erretiratu dezatela nahi dute; bestetik, klubari galdegin diote laguntza eta aholkularitza eman diezaiela polizien erasoen biktimei, eta, azkenik, eskatu dute istiluetan jardun ziren poliziak ez daitezela Sadarren egon larunbatean Osasunak jokatuko duen norgehiagokan. 

Hain justu ere, zaleek manifestazioa eginen dute orduan, Sadar Bizirik-ek deituta. 12:00etan abiatuko dute martxa, Foruen plazan; asmoa da estadiorainoko bidea egitea segidan, «Osasunaren alde eta azken gertaeren aurka», eta isila izatea nahi dute. 

Mobilizazio hori egiteko asmoa lehendik zuten iragarria zaleek, Real Madrilen ondoko istiluak gertatu baino are lehenago, azken hilabete eta urteetan Poliziak Sadarren egiten zituen kontrolen «gehiegikeriak» eta ezartzen zituen isunak salatzeko. Zaleen esanetan, orain are eta garbiago gelditu zaizkie karrikara ateratzeko motiboak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.