Nekea eta amorrazioa, bata bestea bezain disimulatu ezinezkoa zaie Osasunaren zaleei. Nekea, iragan astekoa ez delako, nabarmendu dutenez, Espainiako Poliziak haien kontra izandako lehenbiziko oldarraldi bortitza. Amorrazioa, Real Madrilen kontrako partidaren ondoan Sadarren gertatutakoa «aurrekaririk gabeko erasoa» izan zelako. Hain zuzen ere horregatik, azken istiluok gainezka egiteko falta zuten azken tanta direla adierazteko agerraldia egin du Sadar Bizirik plataformak gaur, Iruñeko Gazteluko plazan. Ezinegona erakutsi ez ezik, datuak ere eman dituzte: 30 zauritutik gora zenbatu dituzte orotara.
Xehetasun gehiago ere eman ditu plataformak. Nabarmendu dutenez, 30 zaurituen artean bada zauri «larriak» dituenik ere; buruan hartutako kolpeengatik dute kaltea, batez ere. Gainera, Sadar Bizirik-en arabera, Poliziaren jokabide bortitzaren erakusgarri dira istiluetan gertatutako beste zenbait eszena ere. «Gurpil aulkian zihoan lagun bat eta makuluekin zebilen beste bat lurrera bota zituzten bortizki», zehaztu dute. Eta poliziek gomazko pilotak jaurti zituztela ere ekarri dute gogora, bestalde. «Osasunaren zaleen kontrako ehiza» gisara deskribatu dute gertatutakoa.
Ezin entzungor aritu
Erreakzio soka luzea ekarri dute iragan larunbateko istiluek, eta haietako batzuei erantzuteko premia sentitu du zaleen plataformak. Besteak beste, Alicia Etxeberria Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak esandakoak kritikatu dituzte agerraldian. Izan ere, Espainiako Poliziak Sadarren izandako jokabidea «neurrikoa eta egokia» izan zela nabarmendu zuen Etxeberriak joan den asteartean. Zaleek «iraingarritzat» jo dituzte hitzok, ezin onartuzkoak.
Klubak, aldiz, larunbat gauerdian zabaldu zuen istiluei buruzko lehenbiziko komunikatua. Besteak beste, «kezka» azaldu zuen partidaren ondorenean izandako «bortizkeriagatik», eta testu horretan bertan jakinarazi zuten gertatutakoa argitzeko barne ikerketa bat abiaraziko zutela. Hain justu ere hari buruzkoak zehazteko, zuzendaritza batzordeak ezohiko bilkura bat egin zuen asteazkenean, eta haren ondotik argitaratutako komunikatuan iragarri zuten hiru pertsona izendatu dituztela ikerketa batzordea osa dezaten: Mikel Vivanco, Endika Rodriguez eta Celso Galar. Klubaren arabera, kasua ikertzeaz ez ezik, aurrerantzean ezartzeko moduko neurriak proposatzeaz ere arduratuko dira.
Sadar Bizirik taldeak dagoeneko proposatu ditu zenbait neurri, edonola ere. Batetik, Espainiako Polizia Sadarretik erretiratu dezatela nahi dute; bestetik, klubari galdegin diote laguntza eta aholkularitza eman diezaiela polizien erasoen biktimei, eta, azkenik, eskatu dute iragan larunbateko istiluetan jardun ziren poliziak ez daitezela Sadarren egon datorren ostiralean Osasunak jokatuko duen norgehiagokan.
Zehazki, martxoaren 7an dagokio Osasunari berriz ere Sadarren jokatzea, eta, hain justu ere, zaleek manifestazioa eginen dute orduan, Sadar Bizirik-ek deituta. 12:00etan abiatuko dute martxa, Foruen plazan, eta asmoa da estadiorainoko bidea egitea segidan, «Osasunaren alde eta azken gertaeren aurka», eta isila izatea nahi dute.
Mobilizazio hori egiteko asmoa lehendik zuten iragarria zaleek, Real Madrilen ondoko istiluak gertatu baino are lehenago, azken hilabete eta urteetan Poliziak Sadarren gauzatzen zituen kontrolen «gehiegikeriak» eta ezartzen zituen isunak salatzeko. Zaleen esanetan, orain are eta garbiago gelditu zaizkie karrikara ateratzeko motiboak.