Gauza jakina da Unai Lasori sakeekin jolasean aritzea gustatzen zaiola, aurkaria ezustean harrapatzeko asmoz. Bada, gaur muturrera eraman du taktika hori Bizkarreta-Gerendiaingo pilotariak (Nafarroa): sake gehienak bi paretak eginaz egin ditu, eta zabalera korrika egitera behartu du Erik Jaka. Nagusitasun handia erakutsi du Lasok, eta, hasiera nahiko berdintsua izan bada ere, alde handiz garaitu du lizartzarra Labriten: 22-10. Garaipen horrekin, Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetara pasatu da Laso.
3-0 irabazten hasi da Laso, baina Jakak ez dio nafarrari tartea gehiago luzatzen utzi. Hasieran Jaka izan da sakeak baliatu dituena tantoak egiteko: oso luze egin ditu sakeak, pasako lerrotik gertu, eta Laso atzetik jotzera behartu du, segidan errestoan tantoa egiteko. Lau tanto egin ditu hala Jakak, hiru jarraian, eta aurretik jartzea lortu du une batean, 5-6. Hor atsedena eskatu du Lasok, eta dena aldatu da.
Atsedenetik bueltan, berdindu egin du partida Lasok, Jakak gantxo bat txapara bidali baitu, baina segidan 6-7 jarri da berriro aurretik lizartzarra. Hor hasi da, ordea, Lasoren benetako nagusitasuna: 12-1eko partziala egin du. Tanto asko sakean hormabikoa jota egin ditu Lasok, beste batzuk jokaldian ezker gantxoz pilota zabalera bidalita, eta beste batzuk Jakaren hutsak izan dira. Jakak atseden bat baino gehiago hartu ditu, partidaren joera aldatzeko balioko zutelakoan, baina ez du emaitzarik izan. Partida 18-8 zela, atsedena eskatu du Jakak, eta bueltan 18-9koa egin du, sakea berreskuratuz, baina segituan galdu du.
20-9 irabazten ari zela, Lasok zabalegi bota du pilota, eta Jakaren azken tantoa izan da. Hurrengo biak Lasorenak izan dira, eta hala amaitu da estualdi gutxiko partida. Datuek garbi uzten dute bizkarreta-gerendiaindarraren nagusitasuna: hamabost tanto egin ditu, eta soilik hiru galdu. Jakak zazpi egin eta beste zazpi galdu ditu.
Dario, kanpoan
Bihar zen jokatzekoa Beñat Senar eta Dario Gomezen arteko partida, baina azken horrek mina hartu du eskuan, eta ez du Lau eta Erdiko Txapelketan parte hartuko. Biharko final zortzirenetan Ander Muruak hartuko du Darioren lekua. 17:15ean hasiko da jaialdia, Lekunberrin (Nafarroa), eta ETB1en izango da ikusgai.
Astelehenean, berriz, Tolosako Beotibar (Gipuzkoa) frontoian, Iñaki Artola eta Jon Ander Peña II.a buruz buru ariko dira Lau eta Erdiko Txapelketako final-zortzirenetan. Jaialdi hori ere 17:15ean hasiko da, eta ETB1en ikusi ahal izango da.