«Pozik nago egin dudanarekin. Gustatuko litzaidake apur bat aurrerago amaitzea, baina hona iristeko lan ona egin dut, eta uste dut erakutsi dudala hori». Manex Salsamendi Silvaren hitzak dira. Gaur lehiatu da Olinpiar Jokoetako iraupen eskiko esprinteko proban, eta 48. bukatu du. 30 onenen artean amaitzea eta final-laurdenetarako sailkatzea zuen amets, baina ez du lortu. 3.25,48 behar izan ditu lanak amaitzeko, 30. sailkatuak baino zazpi segundo gehiago.
Hala ere, lan ona egin du, eta gustura dago: «Oso ondo sentitu naiz beroketa lanetan, baita esprintean ere. Uste dut taktikoki ez dudala ezer gaizki egin; beraz, nire buruari ezin diot askoz gehiago eskatu. Nire esku zegoen guztia ondo egin dut. Pozik nago, eta asko disfrutatu dut».
Bigarren Olinpiar Jokoak dira Salsamendirentzat, eta urtez urte hobetzen ari dela erakutsi du. Pekinen 71. amaitu zuen proba horretan; eskiatzaile gazteenetako bat izan zen orduko hartan, 18 urte eskas zituela lehiatu baitzen.
Esprint modalitatean ez ezik, estilo libreko 10 kilometrokoan ere lehiatuko da Salsamendi, ostiralean. «Azken bi urteetan entrenamendu guztiak esprintera bideratu ditugu. 10 kilometroko proban ahalik eta emaitza onena lortzeko asmoz aterako naiz, baina proba horretan zailago ikusten dut», aitortu zuen.
Esprinteko proban urrea, nola ez, Johannes Hoesflot Klaebo norvegiarrak irabazi du, gaur egungo iraupen eskiatzaile onenak; Ben Ogden estatubatuarrak lortu du zilarra, eta Oskar Opstad Vike norvegiarrak brontzea.
Bihar, Milagros
Daniel Milagros abiadura patinajeko kirolariaren txanda izango da bihar: 1.000 metrokoan lehiatuko da. Olinpiar Jokoetan abiadura patinajean lehiatuko den lehen euskal kirolaria izango da, eta hutsik ez egitea eta gozatzea du helburu: «Bukatzean sentitu nahi dut ezin nuela beste ezer egin, honaino iritsi naizela eta barruan nuen guztia eman dudala».
Etzi, berriz, Lucas Egibar eta Alvaro Romero lehiatuko dira snowboard kros modalitatean. «Nire lasterketa egitera aterako naiz. Lehiakorra izan nahi dut, baina esperientziaz ere gozatu nahi dut», adierazi zuen Romerok. Egibarrek, berriz, argi esan zuen: «Irabazi egin nahi dut, eta irabazteko entrenatu naiz».