Samuel Sanchez: «Podiuma ez da ezinezkoa, baina errazagoa da etapa garaipena»

«Protagonista izateko helburuarekin» ekingo dio Euskalteleko taldeburuak Giroari, datorren larunbatean

unai zubeldia
Donostia
2013ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Frantziako Tourreko tentsioa eta zailtasunak alboratuta, Italiako Giroari begira aritu da lanean, azken hilabeteotan, Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi). «Eta nahi nuen bezala nago», aitortu zuen atzo. Larunbatean hasiko da denboraldiko hiru asteko lehen itzulia, Napolin, eta, sailkapenak ahaztuta, helburu jakin bat dauka espainiarrak. «Protagonista izatea». Bi mutur dauzka horrek: Giroko podiuma eta etapa garaipenen bat. Atzo zintzo hitz egin zuen Euskaltel-Euskadiko taldeburuak. «Sailkapen nagusia baztertu gabe, etapa bat irabaztea da gutxieneko helburua, zirkulua ixteko». Lortuz gero, Frantziako Tourrean, Espainiako Vueltan eta Italiako Giroan gutxienez etapa garaipen bat izango luke Samuel Sanchezek.

Bradley Wiggins (Sky) eta Vincenzo Nibali (Astana) inguruan edukita, espainiarrak badaki «oso helburu zaila» izango dela podiumean sartzea. «Bi horiek ziur igoko direlako podiumera». Baina «sasoi onean» ekingo dio lasterketari. Lieja-Bastogne-Lieja klasikoan lehiatu ondoren, «etxean» aritu da lanean. «Eta sentsazioak eta zenbakiak onak dira. Orain errepidean berretsi behar da hori». Egoi Martinez, Jorge Azanza, Pablo Urtasun, Gorka Verdugo, Miguel Minguez, Ricardo Mestre, Ioannis Tamuridis eta Robert Vrecer izango ditu ondoan espainiarrak. Euskaltel-Euskadiko lau euskal herritarrez gain, bertan izango dira Juanma Garate (Blanco), Beñat Intxausti (Movistar) eta Xabi Zandio (Sky) ere.

Azken astea, «beldurgarria»

Giroak ez dauka sekreturik. Etapa guztiak dira gogor-gogorrak. Baina, Samuel Sanchezen hitzetan, azken astea «bereziki gogorra» da. «19. eta 20. etapak beldurgarriak dira». Motza da lehenengoa, eta Mortirola, Gavia eta Stelvio igo ondoren, Val Martellon amaituko da etapa. 20.ean, berriz, Lavaredon amaituko da etapa, eta aurretik Giau, San Pellegrino eta Costalunga igoko dituzte, besteren artean. Zortzigarren etapari ere errespetu handia dio, 55 kilometroko erlojupekoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.