San Antonio 30. Granollers 28

San Antoniok irabazi egin du, baina partida guztian adi egon ezinik segitzen du

Granollersen aurka lortutako garaipenari esker, Iruñeko taldeak zortzi puntura ditu jada jaitsiera postuak

Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Guardiola (8), Rasic (1), Meoki (1), Curkovic (4), Jimenez (1), Agirrezabalaga (6, 3p) —hasierako zazpikoa—; Lucau, Sevaljevic (1), Peciña (1), Victor Alvarez (5), Sluijters eta Crowley (1).

Fraikin Granollers. Perez de Vargas, Blanxart (5), Malasinskas (2), Raigal (4), Raul Campos (5), Nenadic (2), Grundsten (3) —hasierako zazpikoa—; Perez, Pujol (2), Capdevila (1), Garcia, Sole eta Tomas (4, 1p).

Markagailua. 1-4, 4-6, 6-8, 7-11, 8-12, 11-12 (atsedenaldian); 13-14, 17-15, 21-16, 24-22, 26-26 eta 30-28.

Epaileak. Escudero anaiak. Bi minutuz kanporatuak: San Antonioko Sevaljevic, Peciña eta Curkovic; eta Granollerseko Raul Campos, Nenadic eta Tomas.

Bestelakoak. 800 ikusle inguru Iruñeko NUPeko pabiloian, Asobal ligako 20. jardunaldian.

Denboraldi honetan soinean daraman irregulartasunaren jantzia erantzi ezinik jarraitzen du Amaya Sport San Antoniok. Iruñeko taldeak 30-28 irabazi zion atzo Granollersi, baina inor gutxi harrituko litzateke garaipena bisitariek lortu izan balute. Are gehiago, zenbait unetan bazirudien etxekoek ez zutela irabazi nahi. Hasteko, lo atera ziren pistara, eta Granollersek ondo aprobetxatu zuen lau golen aldea lortzeko (7-11). Gero, behin suspertu, emaitza irauli eta partida bukatzeko hamar minutu falta zirela lau goleko zuloa egin ostean (26-22), ez zuten jakin lana errematatzen. Eta Granollersek berriz ere baliatu zuen oparia: 27-27, lau minuturen faltan. Zorionez, hirugarren ahaleginean lortu zuten helburua; hori bai, izerdia botata eta azkenera arte sufrituta. Azkenean, garaipena, eta jaitsiera zortzi puntura.

ABF ligan, Bera Berak eta Kukullagak etxetik kanpo jokatuko dituzte gaur 19. jardunaldiko partidak. Donostiako taldea Galizian ariko da, Porriñoren aurka (18:00). Etxebarriko taldeak, berriz, Castron (Espainia) jokatuko du, 19:00etan. Garaipena nahi dute biek: Bera Berak bigarren postuan tinko jarraitzeko; eta jaitsiera atzean uzteko Kukullagak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.