San Juan suspertu egin da. Santurtzi, berriz, sendotu. Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) traineruak ETE ligako estropada irabazi du gaur Donibane Lohizunen (Lapurdi). Lehen bandera du denboraldi honetan. Santurtziko (Bizkaia) taldeak, berriz, bolada bikainari eutsi dio: hiru estropada jokatu dituzte KAE 1 ligan, eta hirurak irabazi ditu.
San Juaneko arraunlariek eta patroiak triste eta amorratuta bukatu zuten azkeneko estropada. Etxean aritu ziren, Pasai Donibanen (Gipuzkoa), eta ilusio handia zuten etxekoen aurrean bandera astintzeko. Zarautzek, ordea, asmoa zapuztu zien, modurik krudelenean, hamabost ehunen eskasengatik bandera altxatuta. Baina pasaitarrek amorru hori akuilu izan dute azken astean, eta gaur askatu dute, irabazita.
Atzetik aurrera eginda irabazi dute. Lehen ziabogan, Zarautz zen lehena, eta San Juani bi segundo ateratzen zizkion. Batelerek ez dute etsi, eta olatuak aprobetxatuta aurrera egin dute, estropada buruan jartzeraino. Bigarren ziabogan, bi segundo atera dizkiote Zarautzi; hau da, bost segundo atera dizkiote bigarren itzulian. Azken luzean, ondo eutsi diote aldeari, eta zarauztarrek estutu duten arren, pasaitarrak lehenak izan dira helmugan. 1,83 atera diote Zarautzi, eta 13,32 Kaikuri.
Sailkapen nagusian, Zarautz da lider, 26 puntu bilduta, baina orain puntu bakarra ateratzen dio San Juani: 25 ditu. Kaiku da hirugarren, hogeirekin. Bihar, laugarrenez lehiatuko dira ETE ligako traineruak, Portugaleteko (Bizkaia) itsasadarrean (11:45, ETB1). Hiru txanda jokatuko dituzte, eta bakoitzean hiru ontzi ariko dira. Bi luze eta ziaboga bat egingo dituzte. Aldeak daude kaleen artean, eta korronteek zeresana emango dute.
‘Sotera’, nagusitasunez
San Juanek baino askoz gutxiago sufritu du Santurtzik irabazteko. Sotera-k berriro erakutsi du gaur-gaurkoz beste 11 traineruak baino koska bat gorago dagoela. Gaur, behetik gora egin du, estropadaren hasieran Zumaia eta Arkote aurretik izan baititu. Baina sufritzen eta kontzentrazioari eusten jakin du, eta laugarren luzetik aurrera oso nagusi izan da. Arkote izan da bigarren, 11,18ra, eta Zarautz hirugarren, 11,56ra.
Hirugarrenez irabazita, Santurtzi sendotu egin da sailkapen nagusiko lehen postuan: 36 puntu ditu. Arkote da bigarren, 31 bilduta, eta Zumaia hirugarren, 28 eskuratuta. Bihar, Portugaleten ariko dira (12:35, ETB1). Sei luze eta bost ziaboga egingo dituzte.
KAE 2 ligan, berriz, denboraldiko bigarren bandera jokatu dute gaur, Errenterian (Gipuzkoa), eta Orio B nagusitu da. Azkarrena izan da erlojupekoan. Hibaika izan da bigarren, etxeko taldea, bederatzi segundora, eta Portugalete hirugarren, 42ra. Sailkapen nagusian, Hibaika da lider. 11 puntu ditu, Orio B-k hamar, eta Portugaletek bederatzi. Bihar, Elantxoben ariko dira (Bizkaia), 12:00etan.